euskal presoak

De Pradak kritikatu du Auzitegi Nazionalak «sistematikoki» baztertzen dituela euskal presoen gradu aldaketak

Fernando Buesa fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartu du, eta adierazi ez duela ulertzen bera kide den auzitegiaren jarrera

Jose Ricardo de Prada epailea, artxiboko irudi batean. FERNANDO VILLAR / EFE
2022ko urriaren 27a
21:34
Entzun

Auzitegi Nazionaleko lehen zigor aretoko epaile Jose Ricardo de Pradak euskal presoen gradu progresioen aurrean auzitegi hark duen jarrera kritikatu du, eta azaldu du hark «etsipena» eragiten diola: «Ez dut ulertzen». Fernando Buesa fundazioak antolatutako Justizia, Egia eta Elkarbizitza jardunaldietan, gogorarazi du legeak ez duela jasotzen barkamena gradu progresioak lortzeko baldintza gisa, eta gehitu Auzitegi Nazionalak ezarri duen irizpidea «araubide juridikoaren ikuspegi guztiz nahasia» dela.

De Prada kide den aretoa da euskal presoen gradu progresiorako eskaeren inguruko azken hitza duena, eta bertatik «bazterketa sistematikoari» aurre egiten saiatu dela adierazi du. Izan ere, salatu du sarri atzera bota dituztela barkamena eta damua adierazi dituzten presoen eskaerak ere: «Badirudi ez dela nahikoa. Ez dakit zer den beharrezkoa baldintza betetzeko; ez dakit zein den preso bat benetan damututa dagoen edo ez zehazteko erabili beharreko hitz magikoa». Hala, argudiatu du gradu aldaketa babesten duten txostenen aurrean epaileek ez dutela «inongo arrazoirik» aurre egiteko.

De Prada buru zela, Auzitegi Nazionaleko lehen zigor aretoak ondorengoa ebatzi zuen ekainean: «Damua eta biktimentzat barkamen eskaera adierazten duen presoaren idatzi bat egotea ez da inondik ere legezko betekizuna espetxe baimenak lortzeko». Handik egun gutxira, ordea, Maria Fernanda Garcia Perez epaileak atzera egin zuen, eta adierazi zuen euskal preso bati baimen bat emateko beharrezkoak dela «biktimei eragindako mina aitortzea» eta ardura zibila ordaintzea. Hala, De Prada bakarrik geratu zen berriz ere.

Mahai inguru berean aritu da Eusko Jaurlaritzako espetxe aholkulari Jaipe Tapia ere. Hark jakinarazi zuen azken urtean motibazio politikoko 29 presori onartu dietela gradu aldaketa, «perspektiba biktimologikoa» erabilita. Auzitegi Nazionalaren jarrerari buruz, berriz, adierazi du barkamena «totem» bilakatu duela ezarritako irizpideekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.