AUZITEGIAK

De Prada epailea, Auzitegi Nazionalean presoez erabakitzen duen atalera

Jose Ricardo de Prada epaileak beteko du Ramon Saez eta Concepcion Espejelek Auzitegi Nazionaleko lehen atalean utziko duten hutsunea.

Garbiñe Biurrun, Carmen Lamarca, Jose Ricardo de Prada eta Iñigo Iruin, 2016an Tolosan eginiko hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2022ko otsailaren 21a
13:09
Entzun

Aldaketak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ramon Saez eta Concepcion Espejel magistratuak Auzitegi Konstituzionalerako izendatu dituzte, eta, aurrerantzean, Jose Ricardo de Prada epaileak beteko du Auzitegi Nazionaleko lehen atalean libre geratuko den hutsunea. Areto hori da euskal presoen gradu progresioez, baimenez eta abarrez erabakitzen duena.

De Pradaren ikuspegia ez da ohikoa Auzitegi Nazionalean; publikoki mintzatu izan da torturaz eta harekiko egon den jarreraz. «Torturen auzian jende guztiak nahiago du beste aldera begiratu», esan zion BERRIAri 2013ko elkarrizketa batean. 2016an, Tolosako Elkarbizitza Foroan (Gipuzkoa) parte hartu zuen Carmen Lamarca katedradunarekin, Garbiñe Biurrun magistratuarekin eta Iñigo Iruin abokatuarekin batera, eta, torturen inguruan esandakoengatik, Auzitegi Nazionalak aztertu zuen De Prada inpartziala ote zen ETAri buruzko auziak epaitzeko. Auzitegiak ebatzi zuen De Pradarenak «hizlari gisa emandako iritziak» izan zirela eta horrek ez zuela auzitan jartzen epaile gisa duen zeregina. Haatik, PPren gobernuaren eta biktimen elkarte batzuen kritikak ere izan zituen, eta JpD Demokraziaren Aldeko Epaileak Espainiako elkarteak babesa agertu zion.

De Prada bigarren sekzioan zegoen Auzitegi Nazionalean, eta, orain, Jesus Gutierrez, Maria Riera, Francisco Javier Vieira eta De Pradak berak osatuko dute lehen sekzioa.

Bestelakoa da hutsunea utzi duen Espejel epailearen soslaia. PPren ustelkeria ikertzeko Gurtel auzitik apartatu zuten, PPrekiko loturagatik; besteak beste, presoen babesaren aurkako auzian 47 lagunen auzipetzea berretsi zuen, eta hura izan zen Altsasu auziko epaimahaiburua ere. Hura auzitik kanpo uzten saiatu zen defentsa, Guardia Zibilarekin lotura zuelako, baina ez zuten onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.