De Migueli eta Otxandianori 72 ordu eman dizkiete kartzelan sartzeko

Autoaren arabera, kartzelan sartu ezean Poliziari aginduko diote EAJko bi kide ohiak atxilotzeko

Alfredo de Miguel, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean berretsi zituen De Miguel auziko zigorrak, baina, alegazioak tarteko, EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguelek eta Koldo Otxandianok sei hilabete atzeratu dute espetxeratzea. Orain, Arabako Probintzia Auzitegiak 72 orduko epea eman die bi lagunei kartzelan sartzeko, eta ohartarazi die esana bete ezean «beharrezko aginduak» emango zaizkiela segurtasun indarrei, bi kideak «atxilotzeko eta espetxeratzeko».

EAJk gobernatutako zenbait administrazioren kontratu publikoetan iruzurra egitea eta komisioak kobratzea helburu zuen sare bateko buru izatea egotzi zioten De Migueli, eta hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten horregatik, nahiz eta gehienez ere bederatzi urte bete beharko dituen. Otxandianok, berriz, zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra du.

Zigor horiek urte hasieran berretsi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta martxoan helarazi zion erabakia Arabako Probintzia Auzitegiari. Hark 24 orduan argitaratu zuen epaia irmo egiten duen autoa, eta hamar eguneko epea ezarri zien De Migueli eta Otxandianori kartzelan sartzeko. Gauza bera agindu zien Aitor Telleria EAJko kide ohiari eta Javier Sanchez Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohiari ere.

Halere, Sanchez da oraingoz espetxean sartu den bakarra, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra betetzeko. Gainerakoek alegazioak aurkeztu zituzten kartzelatzearen kontra, eta indultu eskaerak egin. Telleriak kartzelatzearen aurkako txosten bat aurkeztu zuen, osasun arrazoiak zirela medio, eta haren egoeraren inguruko azken erabakia hartzeko du auzitegiak —bost urteko zigorra du—. De Miguelen eta Otxandianoren eskaerak, ordea, atzera bota zituzten, eta hamar eguneko epea ezarri zieten kartzelan sartzeko, maiatzean.

Bi kideek muzin egin zioten agindua betetzeari, eta horrek behartu du auzitegia beste auto bat plazaratzera. Oraingoan, hiru egunekoa da epea, atzo hasita. Izan ere, De Migueli eta Otxandianori atzo goizean eman zizkieten eskura autoak, eta orduantxe jarri zen martxan atzerako kontaketa.

Datozen egunetan nahi duten espetxean aurkezteko aukera dute biek, baina auzitegiak adierazi du hala egiten ez badute Poliziari aginduko diola haiek atxilotzeko. Autoetan, auzitegiak kasuaren «larritasuna» nabarmendu du, eta adierazi ezarritako zigorrak luzeak direla. Era berean, indultu eskaeren kontra egin du, uste baitu ez dagoela arrazoirik pentsatzeko De Miguelen eskaera kontuan hartuko denik. Otxandianori dagokionez ere, auzitegiak uste du «zaila» dela indultu eskaerak aurrera egitea.

Hamabost zigortu

Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik hamabost zigortzea. Helegiteen ostean, aferak Gorenean bukatu zuen, eta hark zigor handienak berretsi zituen —Julian Sanchez absolbitu zuen—. Epaiak frogatutzat jo zuen De Miguel, Otxandiano eta Telleria ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» baliatu zirela obrak adjudikatzeko, komisioen truke. Hala, eroskeria egotzi zieten, baita dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea ere, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.