Ustelkeria

De Miguel kartzelarako bidean da, auzitegiak haren azken helegitea atzera bota ostean

Arabako Auzitegiak ez du aintzat hartu erregu errekurtsoa, eta Arabako EAJko bigarren buruzagi ohiak hamar egun ditu espetxean sartzeko.

Alfredo De Miguel haren aurkako epaiketaren garaian, 2019an. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
xabier martin
2023ko apirilaren 11
15:16
Entzun

De Miguel auzian zigortutako bik, Alfredo de Miguel eta Aitor Telleria EAJren burukide ohiek, indultu partziala eskatu zuten espetxera sartu behar ez izateko, eta, horren ondoren, erregu errekurtsoa iritsi zen. Saio ustelak izan dira biak, azken hori ere atzera bota berri baitu Arabako Probintzia Auzitegiak. Hala, lurralde horretako EAJren bigarren buruzagi izandakoak kartzelan sartzeko agindua jasoko du ordu gutxian, eta, jakinarazpen horren ondoren, hamar eguneko epean egon beharko du espetxean, San Prudentzio egunetik hurbil.

Auzitegi Gorenak espetxe zigorrak ezarri zizkien EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Migueli, Koldo Otxandianori eta Aitor Telleriari, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohi Xabier Sanchezi; Leioako Kultura zinegotzi ohi Iñaki San Juan (EAJ) ez da kartzelan sartuko. Haren kontrako kartzela zigorra eten egin dute auzitegiek. Gainerakoei dagokienez, De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion —gehienez bederatzi urte beteko ditu—; Otxandianori, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia —gehienez sei urte beteko ditu—; Sanchezi, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra; eta Telleriari, sei urte eta hilabete batekoa. Kargu publikoak izateko inhabilitazioak eta zigor ekonomikoak ere ezarri dizkiete; De Migueli dagokionez, 43 urteko inhabilitazioa eta 500.000 eurotik gorako zigorra.

Ustelkeria kasu handia

Euskal Herriko ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik hamabost zigortzea. Helegiteen ostean —hamahiru lagunek aurkeztu zituzten—, afera Auzitegi Gorenera iritsi zen. Hark zigorrik handienak berretsi zituen urtarrilean, eta beste zenbait murriztu. Esaterako, De Miguel absolbitu zuen Zanbranako Udalean (Araba) ustez egindako trafiko-influentzia delitutik, eta Julian Sanchezen aurkako karguak bertan behera utzi zituen, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.

Halere, epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Otxandiano eta Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» eta udaletan eta EAEko administrazioan ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten «adiskidetasunaz» baliatu zirela obrak enpresa jakin batzuei adjudikatzeko, hainbat komisioren truke. Horretarako propio sortutako sozietateetan ezkutatzen zituzten komisio horiek, dirua zurituta. Hala, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea egotzi diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.