Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu ustelkeria dela-eta De Miguel auzian zigorrik gogorrenak jarri zizkietenen espetxealdiak, inhabilitazioak eta isunak. Alfredo de Miguel Arabako foru diputatu eta EAJko Araba Buru Batzarreko arduradun izandakoari hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio, eta Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria Arabako EAJko kide ohiei zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia eta bost urte eta sei hilabetekoa, hurrenez hurren. Besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzita zigortu ditu. Arabako Lurralde Auzitegiaren ebazpenak frogatutzat eman zituen delitu ia gehienak bere egin ditu Goreneko Zigor Aretoak, eta argi ebatzi du: auzipetuak euren kargu politikoaz baliatu ziren dirua «bidegabe» erabiltzeko eta kontratu publikoak «nahieran» adjudikatzeko.
Ikusi gehiago:Jaurlaritzak iragarri du 'De Miguel auziarekin' lotutako bi langile kaleratuko dituztela
Manuel Marchena magistratua buru duen zigor aretoak hiru hilabete eman ditu ustelkeria kasuko auzipetu nagusiek epaiari aurkeztutako errekurtsoak aztertzen —Arabako auzitegiak zigortutako hamabost lagunetatik hamahiruk aurkeztu zuten helegitea—. Gorenaren epaia irmoa bada ere, zigortuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera zein Estrasburgora jotzeko aukera dute, beren eskubideak urratu direla argudiatzen badute. Nolanahi ere, bi urtetik gorako zigorrak dituzten auzipetuek preso sartu beharko dute.
Arabako Lurralde Auzitegiak 2019an kaleratu zuen De Miguel auziari buruzko ebazpena, eta hark ezarritako zigorrak berretsi ditu Gorenak, neurri handi batean. De Miguel hamahiru urtera zigortu zuten, eta hamabi urteko kondena ezarri diote orain; izan ere, Gorenak absolbitu egin du Zanbranako Udalean (Araba) ustez erabilitako trafiko influentzia delitutik. De Miguelek, gehienez, bederatzi urte egin beharko ditu espetxean. Otxandianori ezarritako zigorra bere horretan utzi du Gorenak, baina gehienez sei urte beteko ditu espetxean. Telleriari urtebete jaitsi dio espetxealdia, eta bost urte eta hilabete bat beteko ditu preso.
Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria izandakoari ezarritako zigorra ere berretsi du auzitegiak: 7 urte eta hilabetekoa, hain justu. Epaileen aburuz, prebarikazio delitu jarraitua egiteko ezinbesteko laguntzaile izan zen, eta, besteak beste, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikatzea egotzi diote.
Bestalde, Alfonso Arriola Arabako Teknologia Parkeko kudeatzaile ohiari lau urteko inhabilitazioa ezarri dio, prebarikazioagatik. Aldiz, Julian Andres Sanchez Alegria absolbitu egin du, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.
«Influentzia politikoak»
Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Aretoak 344 orrialdeko epaian azaldu duenez, auzipetu nagusiek, Arabako EAJko buruzagiak ziren aldetik, «influentzia politikoak» eta udaletan eta EAEko administrazioan ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten «adiskidetasuna» baliatu zituzten enpresa jakin batzuei kontratuak esleitzeko, komisioen truke. Propio sortutako sozietateetan ezkutatzen zituzten komisio horiek —Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga sozietateetan—, dirua zurituta, epaiak dioenez. Horrez gain, Auzitegi Gorenak frogatutzat eman du gutxienez bi sozietate De Miguelen eta Otxandianoren emazteen izenean jarri zituztela, EAJko kide ohien erantzukizuna zuritzeko.
Modu irregularrean egindako kontratu horiek EAJren menpeko erakundeei adjudikatzen zizkieten auzipetuek; besteak beste, Arabako Parke Teknologikoari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Lapuebla, Zigoitia eta Zanbranako udalei (Araba), epaiak jasotzen duenez. Are, epaimahaiak frogatutzat jo du sortutako sozietateek kontratuak erdietsi zituztela inoiz egin ez ziren obra batzuetarako.
Duela hamahiru urte lehertu zen De Miguel izenez ezagutu den ustelkeria auzia, Ainhoa Alberdi urbanista eta abokatuak 2009an jarri zuen salaketa baten ondorioz. Salaketa horretatik tiraka, justiziak Araban egindako ehunka kontratu jarri zituen ikerketapean; besteak beste, irregulartasunak atzeman zituen Miñaoko teknologia parkea handitzeko eta Zanbranan industrialdea eraikitzeko kontratuetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz epaitu den ustelkeria kasurik handiena izan da. Ikerketak hamar urte iraun zuen, eta epaiketak, urtebete luze. Jaime Tapia epaimahaiburuak 2019ko abenduaren 17an kaleratu zuen sententzia: 26 akusatuetatik hamabost zigortu zituen, dirua bidegabe erabiltzeagatik, dokumentuak faltsutzea eta influentzia trafikoa leporatuta. Auzitegiak frogatutzat eman zuen EAJn eta erakundeetan zituzten karguak baliatu zituztela trama ustel bat sortzeko, komisioen truke nahieran banatzen zituztelako kontratuak.