David Pla (Iruñea, 1975) libre dago atzotik, etxean, baina kontrol judizialpean. Horrela egongo da haren aurka Espainiak indarrean jarritako 2011ko euroaginduaz erabaki artean. Atzo goizeko lehen orduan geratu zen aske, Osnyko espetxean (Frantzia), eta arratsean harrera bat egin zioten Ziburun (Lapurdi), Jon Anza oroitzeko ekitaldiaren ondoren.
Iluntzeko 21:00ak pasata heldu zen Pla Ziburura. Hango elkarte batean egin zioten harrera. Familiarekin elkartu, eta agurra eta lore eskaintza egin zizkioten.
2015eko irailean atxilotu zuten Pla, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Iratxe Sorzabalekin batera, ETAko zuzendaritzako kidetzat jota, eta joan den otsailean epaitu zuten, Parisko Epaitegi Korrekzionalean. Bost urteko kartzela ezarri zioten hari, eta Sorzabali, zazpikoa. Epaiketan, biek euskal gatazka politikoaren konponbiderako egindako saioak nabarmendu zituzten, eta esan zutenatxilotuak izan arte Frantziarekin eta Espainiarekin elkarrizketak abiatzen saiatu zirela. «Bake prozesu bat eraiki ahal izateko esperantzarekin lan egin dugu», zioen Plak. Testuinguru berria aintzat hartuta zigortu zituen epaileak. 2015eko iraileko operazioan, Pantxo Flores eta Ramon Sagarzazu ere atzeman zituzten, baina bien auziak artxibatu egin zituen epaileak iaz, eta ez zituzten epaitu.
Pla aurretik 2010ean ere atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), ETArekin lotuta, baina Laurence Le Vert Parisko epaileak aske utzi zuen. Ihesera jo zuen Plak.
Orain 42 euskal preso daude Frantziako espetxeetan: EPPK-ko 41 eta AEM inguruko bat. Atzo urte erdia bete zen Frantziako Gobernuak azkeneko gerturatzeak egin zituela jakin zela: Zigor Merodio eta Jon Rubenach Mont de Marsango espetxera (Okzitania) lekualdatu zituen.
Albisuri debekua Frantzian
Mikel Albisu euskal preso ohiari ukatu egin diote Frantzian sartzeko aukera. Eskakizuna egin zuen, bere bikotekide eta euskal preso Marixol Iparragirreri bisita egin ahal izateko —Reauko espetxean (Frantzia) dago—. Epaileak, ordea, ukatu egin dio aukera hori. Hogei urteko zigorra egiten ari da Iparragirre, eta, Mediabask atariak jakinarazi duenez, datorren irailean Espainiaratu egin dezakete.
David Pla aske geratu da, baina euroagindua noiz ebatziko dago
Osnyko espetxetik atera da, zigorra beteta, eta kontrol judizialpean egongo da kasua argitu artean. Orain lau urte pasa atxilotu zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu