Bigarrenez hautatuko dute David Campion, Ollarango alkate independentea, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari izateko. EH Bilduk, hautetsi independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak itun programatikoa adostu dute, Campionen hautagaitza babesteko eta UPNri berriz ere ateak ixteko. Gaur arratsaldeko bilkuran hautatuko dute 2023-2027ko aldirako lehendakaria, baina indar aurrerakoiek agerraldia egin dute goizean, gobernu ituna aurkezteko. EH Bilduk, Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta independenteek gehiengo osoa dute mankomunitateko batzorde orokorrean: 32 ordezkari, 54tik.
Gaurko agerraldian adierazi dutenez, lau indarrek gobernu talde bat sortuko dute, agintaldiko politikak eta ildo nagusiak adosteko. Gobernu talde hori zabalik izanen da, halere, itun programatikoarekin bat egin nahi duen «talde aurrerakoi» orok parte har dezan.
Campion 2019an hautatu zuten mankomunitateko lehendakari estreinakoz. Orduko hartan, EH Bilduk bere hautagaitza kendu zuen —EAko Aritz Aiesa buru zuena—, Campioni babesa eman eta UPNri bidea ixteko. Erregionalistek gogor kritikatu zuten jokaldia, eta Campionen hautagaitza txarretsi zuten, Iruñeko alkate ohi Enrique Maiaren hitzetan, «EH Bilduren B plana» zelako.
Nafarroako erakunde handien artean laugarrena da Iruñerriko Mankomunitatea, gobernuaren, parlamentuaren eta Iruñeko Udalaren ondotik. Iruñerriko hondakinen kudeaketaz, garraio publikoaz eta ur horniduraz arduratzen da. Campionen aurretik, Aritz Aiesa izan zen erakundeko lehendakaria, 2015etik 2019ra. CDNko Luis Ibero (2007-2011) eta PSNko Javier Torrens (2011-2015) izan ziren UPNk babestutako azken lehendakariak.