'Davalor auzia' artxibatu du epaileak

Prozedura abiatzeko epea gaindituta eta kausa iraungita dagoela ebatzi du Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilari ohiak dimisioa eman zuen 2021ean, UPNk jarritako salaketaren ondorioz.

Manu Aierdi, atzo, prentsa aretoan, eta, hari begira, babesa emanez, Jose Mari Aierdi, Yolanda Blanco eta Maitena Ezkutari. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Manu Aierdi kontseilari ohia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko abenduaren 12a
12:05
Entzun

Davalor auzia itxi du Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak: bertan behera utzi du ikerketa, eta kausa artxibatzeko agindu du epaileak, auzipetuek jarritako helegitea onartuta. Magistratuaren arabera, epez kanpo dago auzia: Prozedura Kriminaleko Legeak ezarritako hamabi hilabeteko gehienezko epea iraungita dago, eta horrek baliogabetu egingo luke prozesu osoa. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak 2021eko urtarrilaren 21ean erabaki zuen auzibidea irekitzea, eta Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak 2022ko otsailaren 18an luzatu zuen instrukzioa, auzia ikertzen segitzeko.

Epaileak argudiatu du Gorenak abiatutako prozedura eta Iruñeko epaitegiaren ikerketa auzi beraren parte direla: «Ez da, hortaz, beste prozedura bat, aurrekoari gehitzen zaiona, ezta aparteko pieza bat ere, baizik eta jatorrizko auziaren segida, eta hori funtsezkoa da zehazteko zer egunetan hasi zen ikerketa judiziala, eta noiz abiatu zen hamabi hilabeteko epea».

Legeak ezarritako epea iraungita zegoela iritzita, magistratuak ebatzi du horren ostean hartutako erabaki eta diligentzia guztiak «baliogabeak» direla. Hain zuzen, datorren astean epailearen aurrean ikertu gisa deklaratzekoak ziren bai Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohia, bai Sodena sozietate publikoan esertzen ziren beste goi kargudun publiko batzuk ere: hala nola Pilar Irigoien Sodenako zuzendari ohia, Izaskun Goñi departamentuko kabineteburua, Yolanda Blanco industria zuzendaria eta Maitena Ezkutari turismo zuzendaria. Agerraldi horiek guztiak bertan behera utzi ditu epaileak.

UPNk hauspotutako auzia

Davalor 2011. urtean sortu zen. Taxoaren zuen egoitza. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu zuen. Teknologia garatzeko bazkideak bilatu zituen, eta laguntza eske jo zuen Sodenara.

2015 eta 2017 bitartean, kinka larrian izanagatik, enpresaren alde egin zuen Sodenak. Arrisku kapitaleko sozietate gisa, zailtasunetan diren edo estrategikoak diren proiektuetan inbertitzea da haren zeregina, eta Davalor irizpide horien barruan zegoela onartu zuen administrazio kontseiluak.

Alta, Davalorrek ez zuen lortu bideragarritasun plana aurrera ateratzea. Orotara, ia hogei milioi euroren zorra zuen 219 hartzekodunekin. Sodena izan zen nagusietako bat. Aierdi hainbat aldiz egon zen parlamentuan, 2,6 milioi euroko diru laguntzaren berri ematen.

Nolanahi ere, UPNk uste zuen Sodenak ez zituela bete zegozkion protokoloak. Prebarikazioa eta diru publikoa xahutu izana leporatuta, salaketa aurkeztu zuen. 2020 amaieran Aierdi kontseilari zenez, foruduna zen, eta Gorenak auzia ikertzea deliberatu zuen. Ondorioz, aurreko legealdian egindako aldaketa batean zehaztu zenez ikertuek dimisioa eman behar dutela, Aierdik kargua utzi behar izan zuen 2021eko urtarrilean. Mikel Irujok hartu zuen Aierdiren tokia.

Geroa Bai: «Justizia bidegabeki erabiltzen du eskuinak»

Geroa Baik «poza» agertu du Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiak auzia artxibatzea erabaki duelako. Koalizio abertzalearen irudiko, «funtsik gabeko salaketetan oinarritutako kasua» da Davalor auzia: «Inoiz ez da kausarik egon, Kontu Ganberak txosten batean ondorioztatu zuen moduan, operazioaren legezkotasuna eta Manu Aierdiren zintzotasuna berretsi baitzituen».

Halaber, Geroa Baik kritika gogorra egin dio UPNri: salatu du eskuinak «bidegabeki erabiltzen» duela justizia, eta auziak «interes politiko eta alderdikoi hutsari erantzuten diola». Are: «jazarpen kanpaina» gisara definitu dute Manu Aierdiren eta Sodenako arduradunen aurkako salaketa: «Ia hiru urte iraun du UPNren jazarpen kanpainak, eta, ondoren, PP ere batu zen horretara». Horregatik, koalizioak zera galdegin die eskuineko alderdiei: «Albora ditzatela mota horretako jardunbideak, tresna politikoak erabil ditzatela eta arreta jar dezatela Nafarroako herritarren interes orokorrean».

Geroa Baik «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkie Aierdiri eta haren lantaldeko kideei, «haiek izan baitira kasu honen ondorio larrienak pairatu dituztenak».

UPN: «Baliteke oker bat egotea»

Nahiz eta UPNk bultzatu duen auzia, ez du atzera egin nahi izan. Juan Luis Sanchez de Muniain parlamentariaren hitzetan, «baliteke epeen zenbaketan oker bat egotea», eta helegitea jartzeko aukera aztertuko dute. Haren esanetan, «onartezina da» auzia artxibatzea, uste baitu salatutakoaren zantzuak baieztatu dituztela fiskaltzak eta poliziek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.