Krisia Nafarroako Gobernuan. Osasuna

«Dauden arazoak ukatzea» egotzi dio oposizioak Marta Verari

Osasun Departamentuaren krisia agerikoa dela nabarmendu, eta arduraz jokatzeko eskatu dio parlamentuak kontseilariariTraumatologian baliabide nahikoa badela erran du Verak, eta lan gainkargarik ez dela

Marta Vera Osasun kontseilaria —eskuinean—, atzo parlamentuan egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Etsipena eta nekea adierazi dute Nafarroako Parlamentuko oposizioko taldeek, Nafarroako Osasun Departamentuko kontseilari Marta Verak egindako azken adierazpenen harira. Osasun Batzordearen aurrera agertu zen Vera atzo, Nafarroako Ospitale Guneko Traumatologia zerbitzuaren egoerari buruzko azalpenak ematera. Azalpen horiek, ordea, ez zituzten ontzat jo parlamentuko taldeek. «Dauden arazoak ukatzea» egotzi zioten.

Nafarroako Ospitale Guneko Traumatologia zerbitzuko buru Pedro Antuñanok dimisioa eman eta gero, Veraren kudeaketaren aurkako idatzia sinatu zuten saileko ia profesional guztiek. Nafarroako Parlamentuko taldeek ere kontseilariak Osasun Departamentuaren buru gisa egindako lana kritikatu zuten atzo. Gogor, gainera. «Arazoak onartzen ez badituzu, nola konponduko dituzu?», galdetu zion Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek Marta Verari.

Osasun kontseilariak orain arteko diskurtsoari eutsi zion atzoko agerraldian, eta kritikei erantzuteko, mezu bakarra baliatu zuen: nabarmendu zuen oposizioa edozer gauza egiteko prest dela UPN gobernutik kentzeko. Krisi hitza ez zuen aipatu bere solasaldian. Traumatologian baliabide nahikoa badela erran, eta profesionalek lan gainkargarik ez dutela gaineratu zuen. Dagoen itxaron zerrenda «kezkagarritzat» jo zuen Verak, baina egoera hobera egiten ari dela erantsi zuen.

Antuñanoren dimisioari buruz, haren lanarekin konfiantza «galdu» egin zutela azaldu zuen Marta Verak. «Zerbitzua hobetzeko prozesuaren ardura eman genion, baina egoerak ez du hobera egin», erantsi zuen Osasun kontseilariak.

«Jada inork zalantzan jartzen ez duen errealitatea ezkutatzen jarraitzen duzu». Horixe egotzi zion Bakartxo Ruizek Marta Verari. «Arduraz» jokatzeko eskatu zion Bilduko parlamentariak kontseilariari, eta «lotsagarritzat» jo zuen Veraren jokabidea: «Deus gertatuko ez balitz bezala ari da». Antzeko iritzia agertu zuen Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek. Nafarroako Ospitale Guneko langileen hitzei eta iritziei eman zien garrantzia, eta Osasun Departamentuaren inposizioak eta proiektu eza salatu dituztela nabarmendu zuen.

PSNko Maite Esporrinek «etsipena» adierazi zuen Veraren hitzak entzunda, eta Ezkerrako Marisa de Simonek departamentua «hankaz gora» jarri izana egotzi zion kontseilariari. PPNko Enrique Martinek ere kontseilariaren aurka egin zuen: «Ziurgabetasuna da nagusi; profesional guztiak ados jartzea lortu duzu, baina zure kontra», erran zion.

Garbitzaileak

Nafarroako Ospitale Guneko garbiketa zerbitzua pribatizatzeko aukeraz ere galdetu zioten Marta Verari atzo. Hori egiteko inolako asmorik ez dutela erantzun zuen Osasun kontseilariak.

Garbitzaileek zuhur jokatu nahi izan zuten atzo, Marta Veraren hitzak entzunda. «Pozgarritzat» jo zuten zerbitzua pribatizatu nahi ez izatea, baina haien baldintzak salatu zituzten. 114garbitzaile baino ez dira langile publiko egun, eta denak Nafarroako Ospitalean ari dira. Haietako %85 behin-behineko kontratuarekin ari dira beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.