Iñaki Alonso. Save The Children erakundeko kidea

«Datuak oso urriak dira: kasu oso gutxi geratzen dira agerian»

Umeen eskubideak oroitarazteko nazioarteko eguna da gaur; gero eta usuago erreparatzen zaio haien kontrako indarkeriari, baina ezkutuan egoten da oraindik maiz. Alonsok neurri zabal eta osoak eskatzen ditu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kosta egiten zaie maiz biktima direla jakitea ere; urteak behar izaten dituzte ulertzeko. Jabetuta ere, nola erantzun ez dakitela egoten dira sarriegitan: oinazean katigatuta. Gero eta gehiagotan hartzen da aintzat, ordea, adingabeen kontrako indarkeria, eta gero eta ozenago eskatzen dira horren kontrako neurriak. Horretan ari da, adibidez, Save The Children erakundea. Umeentzako politiken arduradun Iñaki Alonsok (Barakaldo, Bizkaia, 1974) jarduera irmoagoak eskatu ditu: gizartearen esparru guztietan. Gaur umeen eskubideen nazioarteko eguna da. Data bikaina da aldarri horiek gogoratzeko.

Zein eremutan ikusten da, batez ere, haurren aurkako bortxa?

Ikuspegi zabal batetik lantzen dugu guk gaia. Biolentzia bat da, baina hainbat eratan adierazten da. Igualen arteko jazarpena dago alde batetik, eta ziberjazarpena. Beste aldetik daude sexu abusuak, genero indarkeria jasan duten haurrak, eta teknologia berrien eremua: online egiten den bortxa. Kontua da adingabeen kontrako zenbait bortxazko jarrera normalizatuta daudela; familian egiten dira maiz, edo aisialdian, eta txantxatzat hartzen dira: onargarritzat. Abiapuntu gaitza da hori. Bestalde, arreta integrala eskatzen du gaiak; gizarteak eta instituzioek eman beharrekoa. Prebentzioan, trebakuntzan, artan, alor judizialean, legegilean, sentsibilizazioan eta, batez ere, biktimen errekuperazioan jardun behar da. Denak landu behar dira.

Ikusezintasuna arazo larria da...

Genero indarkeriaren eta sexu abusuen alorretan, bereziki. Izan ere, pribatutzat hartzen diren eremuetan gertatzen dira indarkeria mota horiek. Erasotzailea gizon bat izaten da gehienetan; familiako norbait, edo gertukoa. Txosten bat egin genuen gaiaz, eta adierazgarria da ipini genion izena: Ikusi nahi ez duten begiak. Datuak, kuantitatiboki, oso urriak dira: kasu oso gutxi geratzen dira agerian, eta gehienak gertatu eta urte askotara, gainera. Horrez gain, jakiten diren horien artean oso gutxi salatzen dira. Zergatik? Bada, txostenean argi esan genuen sisteman akatsak daudela, eta halako kasuekiko zigorgabetasuna dakartela. Salatuta ere, kasu gutxi heltzen dira ahozko epaiketara, eta, ahozko epaiketara helduta ere, gutxi amaitzen dira kondena batekin. Horra datua: EAEn, ikertzen hasten diren kasuen %90 ez dira ailegatzen epaiketara.

Genero bortxaren biktima diren adingabeen errealitatean urteotan egin dira aurrera urratsak Espainiako legeriaren barruan...

Asko dago egiteko, asko. Baina 2015ean, biktimen babeserako estatutua aldatuta eta haurren babeserako legearekin, adingabeak aintzat hartu ziren genero bortxaren biktima zuzen gisara.Horrek esan nahi du eskubide subjektutzat hartzen direla: oinarrizkoa da hori. Eta esan nahi du, era berean, leheneratze psikosozialerako zerbitzuak jaso ditzaketela. Hala ere, babes neurriak behar dira oraindik halako egoeretan dauden haurrak babesteko; babesgabetasuna eta arriskua ekar dezaketen gabeziak daude.

Adibidez?

Asko dago egiteko. Haurrak tratu txarren egoeran badaude, epaileak derrigortuta daude epaiak ebaztera umeen interes gorena aintzat hartuta. Irizpide hori bakarrik hartu behar dute aintzat, eta, batez ere, babesa. Tratu txarrak eman dituen gizon bati, edo horregatik kondenatua izan den gizon bati, haurrak ikusteko bisita erregimen bat onartzen bazaio, bada, bilatu behar da, behintzat, bisita horiek guztiz segurua den espazio batean egitea. Gainbegiratutako topaguneak erabili behar dira horretarako. Eta, praktikan, topagune horietan gainbegiratzea mugatua da.

Zein eragilerengan jarri behar da bortxa honen ikusezintasunari aurre egiteko ardura?

Lan partekatua izan behar du, hainbat eremutan egin behar da. Lehena da gizarte mailan eta instituzioetan onartzea errealitate hau badela. Gaur, 2018an, hemen dago. Onartu egin behar da hori: hori da abiapuntua. Askotan, ordea, ez ikusi egin nahi zaio gaiari: gai gogorra da, ulertzen zaila...

Beldurra ere ematen du, ezta?

Bai. Onartzen zaila da. Teorian, familia, eskola eta aisaldia babes eremuak dira: umeek han hazi eta garatu behar dute. Eta, hain justu, eremu horietan gertatzen dira sarri sexu abusuak. Zaila da onartzea babes eremu izan behar duten horietan babesgabetasun hori gertatzen dela: kosta egiten da. Baina lehen urratsa hori da. Bigarrena, agerian jartzea. Zero arriskurik ez dago; baina obligatuta gaude erasoen kontra eragitera.

Gogorarazi behar da zein kalteberak diren umeak...

Adibidez, gertuko baten sexu abusua jasan duen ume batentzat kolpe handia da gertatzen ari dena; ustez babesa ematen dion norbaitek egiten dio erasoa: aita izan daiteke, entrenatzaileren bat, osabaren bat… Ez da erraza hori onartzea. Normala dela ere pentsa dezake. Areago: portaera horrek estima erakuts dezakeela, berekiko interesa. Usu, urte asko behar dira ulertzeko iraganean gertatu diren gauza asko ez direla normalak izan. Eta behin jabetuta ere, zer egingo duzu? Aurrekariak badaude pentsarazten dizutenak hortik abiatuko den auzibidea luzea izango dela, mingarria, intimitatearen urraketa bat ekarriko duena, alor judiziala ez dagoela prest halakoetarako, eta nekez ekarriko duela emaitza onik... Muga horiek hor daude. Normalean, gainera, egoera horiek frogatzeko tresna bakarra biktimaren testigantza da. Usu, ez zaie sinesgarritasunik ematen...

Esperantzarako atea ireki du Gaztelueta kasuko epaiak...

Bai, gaztearen testigantza aintzat hartu dute, eta hura artatu duten profesional independenteena; esanguratsua da. Mugarri bat ekar dezake horrek; animatu egin ditzake salatu nahi duten pertsonak. Bestalde, hortxe ditugu Bizkaian egunotan jakin diren salaketak, entrenatzaile baten kontrakoak, abusuak gertatu eta 35 urtera. Gizarte modura, izugarria da hori. Beldurra ematen du.

Abian diren protokoloetatik, zein iruditzen zaizkizue onak?

Save The Childrenen lege integral bat eskatzen ari gara: indarkeria jasan duten adingabeak artatzeko eta erasoak prebenitzeko lege organiko bat. Autonomia erkidegoan, berriz, urteak daramatzagu Jaurlaritzari plan bat eskatzen, estrategia bat adingabeen aurkako indarkeriaren inguruan.

Babesgabetasun egoeran dauden adingabeen egoerak ere sortzen ditu kezkak. Berritu egin dira, esaterako, Arabako Sansoheta zentroko langileen kexuak. Nahi eta ezinean ari dira…

Instituzioek ahalegina egin behar dute egoera aski zailetan dauden adingabeen alde egiteko. Bide horretan, gainezka dauden zentroetako arazoak saihestu egin behar dira. EAEko Arartekoak berak onartu ditu halako egoerak. Foru erakundeei eskatzen diegu aztertzeko hala dabiltzan zentroak eta baliabide ipintzeko horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.