Espainiako aurrekontuak. Unidas Podemos. Ione Belarra. UP Unidas Podemoseko diputatua

«Datu guztiek diote inbestidurako blokeak iraun dezakeela»

Iruditzen zaio PSOE eta UP «helburu nagusia» lortzen ari direla: «jendearen bizitzak hobetzeko politikak egitea». Gobernu ituna beteko dutela uste du. Aurrekontuak subiranisten babesarekin onartuko direnez, «pozik» dago.

Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Pablo Iglesias UP Unidas Podemosen liderraren konfiantzazko pertsonetako bat da, aspalditik, Ione Belarra (Iruñea, 1987). 2016az geroztik da diputatua Espainiako Kongresuan, eta aurtengo urtarrilean 2030 Agendaren estatu idazkari izendatu zuten. Datorren astean onartzekoak diren Espainiako Gobernuaren aurrekontuek «politika berde oso positiboak» biltzen dituztela uste du. Aurrekontu proiektu horrek gasolioaren zerga handitzea planteatzen zuen, baina EAJk zuzenketa partzial bat jarri dio puntu horri, eta azkenean ez dute zerga handituko. «Unidas Podemos erdian ez dagoenean PSOEk eta EAJk lortzen dituzten akordio horietako bat da» adierazi du, umorez. Pentsatzen du, dena den, zerga horri heldu aurretik «beste gauza batzuk» egin behar direla politika berdeei dagokienez.

Zer eragin izango du aurrekontuak onartu ahal izateak?

Aurrekontu soil batzuk baino gehiago dira, legegintzaldiaren gobernabidea markatuko dutelako. Hori oso inportantea da. [Pedro Sanchezen] Inbestidurako bazkide guztiok izan gara gai erantzukizunez jokatzeko. Gainera, logikoena eta zentzuzkoena zen aurrekontuok inbestidurako gehiengoarekin aurrera ateratzea. Pozik egon gaitezke. PPren austeritate politikak atzean utziko dituzten aurrekontu batzuk edukiko ditugu; aldi berean, inbestidurako blokeari egonkortasun handiagoa emango zaio, eta horrek modua emango du politika aurrerakoi oso garrantzitsuak aurrera atera ahal izatea. Albiste ona da gehiengo hori egonkortu izana.

Ciudadanos ez dago bloke horretan, eta badirudi ez dituela aurrekontuak onartuko.

Ezezkoan daudela esaten ari dira.

Nahiago azkenean hala bada?

Uste dut ez dela hainbeste lehentasun kontu bat, baizik eta argi dagoela gobernu honen politikak, eta, noski, Unidas Podemosetik bultzatzen ari garenak, politika aurrerakoiak direla; hau da, Ciudadanosek sostengatzen dituen gobernuetan babesten direnekin alderatuta, guztiz ezberdinak.

UPk zerekin topo egin du gobernuan daraman ia urtebetean?

Zailtasunekin topo egiten duzu, gauzak zuk nahiko zenukeena baino motelago doazelako. Nolanahi ere, lehen urte honen balorazioa positibo samarra da. Egin ditugu legegintzaldi osorako aurreikusita zeuden gauzak; esaterako, gutxieneko diru sarrera onartzea. Uste dut erakusten ari garela gauzak alda daitezkeela, eta baliagarriak garela gobernuan egonda.

Nolakoa da koalizio gobernuko bi bazkideen arteko harremana?

Uste dut kultura politiko berri bat inauguratzen ari garela estatu osoan. Elkarrizketaren eta akordioaren kultura da hori. Balorazioa da helburu nagusia lortzen ari garela: jendearen bizitzak hobetzeko politikak egitea.

Ez dirudi, halere, ohikoena denik gobernuko alderdi batek zuzenketa bat egitea bere aurrekontuei. Zergatik egin du hori UPk?

Hedabideek kontua asko areagotu dutela uste dut, egiazki. Izan ere, oso ohikoa da talde parlamentarioek edo gobernuan dauden taldeek bere aurrekontu propioari zuzenketa partzialak jartzea, akatsak konpontzeko, edo kanpoan geratu direnak sartzeko. Areagotu da debate bat, benetako debatea, Espainian gertatzen ari diren etxegabetzeena, saihesteko.

Aurrekontuen batzordeak zuzenketa hori baztertu du.

Oraingoz ez dago aurrerapausorik, baina, gure bazkideak erakutsitako borondatea kontuan hartuta, espero dut datozen asteetan akordio bat lortu ahal izatea.

Koalizio bateko kideak izanda ere, zuek eta PSOEkoek trapu zikinak publikoki garbitzen dituzue sarritan. Zergatik?

Berriro esango dut; jendearen benetako arazoez eztabaidatu behar da. Elkarrizketa normalizatu behar da, eta normalizatu behar dugu gobernuaren barruan, askotan, posizio diferenteak daudela; eta posizio horiek batzuetan esplizituki adieraztea, ez zait txarra iruditzen. Normalizatu behar da gobernuan bi bazkide daudela, eta bazkideek ez dutela beti berdin pentsatzen. Debate sano bat gerta daiteke, jendearen arazoei irtenbideak emango dizkioten akordioak lortzeko gai baldin bagara.

UP fidatzen da PSOEz?

Politikan ez gaude lagunak egiteko, edo besteengan konfiantza edukitzeko edo ez edukitzeko. Uste osoa dut gobernu ituna beteko dela, eta horrek baditu jendearen bizitzarako kontu garrantzitsuak: lan erreforma indargabetzea, alokairuen prezioak arautzea, edo benetan zerbitzu publikoak babestea. Uste osoa dut adostuta dagoena beteko dela, orain arte hala izan delako.

Baztertzen duzu, hortaz, PSOEk, geometriaaldakorra deitutakoa erabiliz, beste kontu batzuetarako beste babes batzuk bilatuko dituela?

Inbestidurako gehiengoaren egonkortasunaren sintoma on bat da eskuinen asaldura ikustea. Horrek agerrarazten du daukaten jokabidearekin badakitela denbora asko pasatuko dela haiek estatuko gobernura iritsi arte.

Zuen ustez beharrezkoak dira bi legegintzaldi, aldaketa politiko, kultural eta ekonomiko baten oinarriak jartzeko.

Estatu osoan aurrenekoz dago koalizio gobernu bat, eta berritasun bat dirudi. Baina, egiazki, eskura ditugun datu guztiek bultzatzen gaituzte pentsatzera formula honek iraun dezakeela; hain zuzen, hiru eskuinek oso zail edukiko dutelako nahikoa boto batzea estatuan gobernatu ahal izateko.

Formula aipatzen duzunean, inbestidurako blokeaz ari zara?

Bai. Gustatuko litzaidake formulak irautea, uste dudalako gure herrialdeak behar dituen itxuraldaketak sakonekoak direla.

Nondik datoz bloke hori hausteko saiakerak?

Espainiako botere askori ez zaie gustatzen Unidas Podemos boterean egotea. Argi dago gobernu barruan batzuei gehiago eragiten dietela bankuek eta botere ekonomikoek, eta beste batzuok gidatzen gaituela herrialde honetan etxegabetzerik ez egoteak. Dena dela, gobernuak modu kohesionatuan lan egiten du.

Hitz beste eginez, Hego Euskal Herrian elkar ulertzen dute Ahal Duguk eta EH Bilduk, eta helburu du, PSE-EErekin hiruko bat eginez, EAJ boteretik kentzea.

Ez naiz politika fikzioa egitearen aldekoa, baina erratzeko beldurrik gabe esan dezakegu erabat ezkerrekoak diren gobernuak egoteko —EAJren beharrik ez edukitzeko, esaterako— beharrezkoa dela Unidas Podemos oso indartsu egotea. Uste dut modu horretan artikula daitekeela ezkerreko gehiengo bat, bai estatuan, bai Euskadin, bai Nafarroan. 2015ean, esaterako, inork ezin zuen imajinatu Nafarroan aldaketaren gobernu bat egon zitekeenik, eta hori gauzatu ahal izan zen Unidas Podemos oso indartsu zegoelako.

Nafarroan, EH Bilduk gobernuaren aurrekontuak onartu ditu, eta PSNk akordioa publiko egin du. Horrek abaguneari erantzuten dio soilik?

Asko falta da Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako bozak egiteko, baina gustatuko litzaidake bietan guztiz ezkerreko gobernuak egotea. Esate baterako, guztiz ezkerrekoa izango zen gobernu batean, erreforma fiskala anbiziotsuagoa izango zen, progresiboagoa. Ahalbidetuko liguke zerbitzu publikoak indartzeko politika gehiago egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.