Parte hartze politikoa auzitan

Datu base ideologiko «ilegalei» aurre egingo die Eskubideak-ek

Euskal Herriko abokatuen elkarteak ezkutuko datu baserik badagoen ikertzeko exijituko du datuak babesteko agentzietanZiurtatu dute ikerketa abiarazi ezean auziari juridikoki ekingo diotela

Eskubideak elkarteko abokatuak, atzo, Bilbon, legez kanpoko datu base ideologikoak salatzeko eman zuten prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko zerrenden auzia pil-pilean den honetan, bertan agertzen diren kideak ikertzeko erabiltzen diren datu baseak «klandestinoak eta ilegalak» direla salatu du Eskubideak Euskal Herriko abokatuen elkarteak. Horrela, datu base horiek egotea salatuko dute, datuak babesteko Euskal Autonomi Erkidegoan eta Espainian diren agentzietan, lau herrialdeetako Batzar Nagusietan zein Arartekoaren eta Nafarroako herri defendatzailearen aurrean.

Julen Arzuaga Eskubideak elkarteko abokatuaren hitzetan, Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak Estatuko Fiskaltzak eskaturik eginiko txostenetan, fitxategi «klandestinoetatik» ateratako informazioa egon ohi da.«Zerrendetan dagoen jendearen inguruko informazioa datu base horietatik lortzen dute: legez kanpo utzitako alderdiren batekin zerikusia izan duten edo preso edo iheslariren batekin harremana duten jakiteko, adibidez».

Datu horiek guztiak bi taldetan sailkatu dituztela azaldu du. Batzuk publikoak dira. «Hala ere, ezkutuan mantentzeko eskubidea du banakoak». Beste datu batzuk, aldiz, guztiz pribatuak direla esan du Arzuagak. «Bakoitzaren bizitza pertsonalaren inguruko informazioa, telefono deiak, bilerak... horiek denak gorderik dauzkate, prentsatik, bankuko kontuetatik edo Poliziak eginiko jarraipenetatik ateratako informazioa».

Eskubideak elkarteko abokatuek, datuak babesteko legea aztertu ondoren, halako informazioa ezkutuan edukitzea legez kanpokoa dela ondorioztatu dute, eta legediak kasua salatzeko babesa ematen diela diote. Izan ere, Arzuagak azaldu duenez, legeak galarazi egiten du helburu batekin jasotako datuak beste helburu bat betetzeko erabiltzea.

Bestalde, artxibo mota horiekdatuak babesteko legea bete behar dutela azpimarratu du Arzuagak. «Baina ez da horrela. Ez dago biderik horien edukiak ikusteko, eta, beraz, bertan agertzen diren banakoek datuak ezagutu edo aldatzeko eskubidea urraturik daukate».

Horrela, lehenengo salaketa datuak babesteko agentzietan egin du Eskubideak elkarteak, Autonomia Erkidegokoan, Estatukoan zein Europakoan. Arzuagak azaldu duenez, agentzia horiek herritarren inguruan bilduta dagoen informazio guztia kontrolatzeko betebeharra dute, eta datuok zertarako erabiltzen diren jakitekoa. Beraz, agentziei ikerketa bat egiteko eskatu dietela esan du Arzuagak; «datu base ilegal eta klandestinorik badagoen ikertu behar dute, lege hausteak zehaztu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko».

Datuak babesteko agentziek hilabete baino lehenerantzutea espero dute. Legez kanporatze auzietan ezker abertzaleko alderdiak defendatu dituzten abokatuek datu baseon existentziaren berri badutela azaldu du Arzuagak; «ez da susmo huts bat». Horregatik, erantzuna positiboa izan ezean auzibideak eskaintzen dituen aukera guztiak erabiltzeko prest daudela esan du. «Besterik ezin badugu egin, juridikoki egingo diogu aurre, erantzuna lortu arte».

Datuak babesteko agentziei ikertzeko eskaria egiteaz gain, beste bi bide ere ireki ditu Eskubideak elkarteak. Alde batetik, Arartekoari, Nafarroako herri defendatzaileari eta Europako Ombudsmanari idazki bat bidali diete. Bestetik, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean idazkiak aurkeztu dituztela azaldu du Iñigo Santxo abokatuak eta Eskubideak elkarteko kideak. «Idazkiotan, hauteskundeetan apoderatu eta ikuskatzaile izan garen heinean, datu baseetan gure inguruan dagoen informazioaren berri jakin nahi dugula jakinarazi dugu». Aldi berean, datuok Fiskaltzak ikerketetarako erabili izanaren aurka daudela azaldu dute bidalitako idazkietan.

Ziurtasun juridikorik eza

Santxoren hitzetan, edozein herritarren inguruko informazioa egon daiteke jasota ezkutuko datu baseetan. Orain dela gutxi berri agentzia batzuek ezker abertzaleko zerrendak garbiak ote diren jakiteko datu baseak erabiliko zirela zabaldu zutela azaldu du. «Datu baseetan, betiere polizia iturrien arabera, ehunka mila pertsonaren inguruko informazioa dago». Abokatuaren iritziz, «eskandalagarria» da zifra hori, «inork ez daki zenbat informazio ote duten».

Zerrendak aztertzeak sufragio pasiborako eskubidea murriztuta egotea eragiten duela ere azaldu du Santxok: «Inork ez daki hauteskundeetara aurkez daitekeen; jendartean ez dago ziurtasun juridikorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.