«Udazkena eta negua zail datozkigu», adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo Donostian izan zen Gobernu Kontseiluan. Gizartearen eta Jaurlaritzaren egoera orokorraz mintzatu zen lehendakaria.
Haren erranetan, agintaldiko lehenbiziko erdia pandemiak markatutakoa izan da. Bigarrena, berriz, Ukrainako gerrak eta honen ondorioek zedarrituko dute. Hala ere, nabarmendu zuen ez zuela mezu «katastrofistarik» helarazi nahi, «errealismoan» oinarritutakoa baizik. Azpimarratu zuenez, etorkizunean edozer gertatuta ere, Eusko Jaurlaritzak «ardura osoz» neurriak hartzen jakinen du.
Pandemiari dagokionez, Urkulluk adierazi zuen gaur egungo egoera joan den urtekoa baino «hobea» dela. Horren erakusle diren zenbait adibide eman zituen: ospitaleratzeek behera egin dutela, uda partean aisialdiaz gozatu ahal izan dutela herritarrek, eta turismoa eta festak berreskuratu dituztela. «Euskal gizarteak merezi zuen», gehitu zuen Urkulluk.
Osasunaz ez ezik, bertze zenbait zerbitzu publikoren inguruan ere mintzatu zen lehendakaria. Hala nola hezkuntzaz edo gizarte babesaz. Hezkuntzari begira, aurtengo ikasturtea aurreko urteetakoak baino «lasaiago» hasiko dela aurreratu zuen. Gainera, adierazi zuen orain arteko baliabide gehigarriak mantenduko direla, betiere hezkuntzaren kalitatea hobetzea helburu izanik. Hezkuntza hitzarmena «sendotzea» ere xede duela garbi utzi zuen lehendakariak: «Irailean bertan lege asmoaren lehen proposamena onartuko dugu».
Urkulluk adierazi zuen gizarte politiken alorrean esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela. «Inflazioaren eta energiaren kostuaren bilakaera izan dugu beti kontuan», gehitu zuen.
Energia eta inflazioa
Azken bi gai horiek behin baino gehiagotan aipatu zituen lehendakariak solasaldian. Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen lanean jarraitzen duela Energiaren Kontingentzia Planaren proposamenean. Urkulluk argitu zuen planaren behin betiko dokumentua aste honetan bidaliko diotela Espainiako Gobernuari.
Horrela mintzatu zen lehendakaria planaren xedearen inguruan: «Helburua da abian ditugun hamazazpi laguntza programak zabaltzea eta indartzea, betiere energia gutxiago erabiltzeko ohiturak eta prozedurak sustatzeko». Izan ere, inflazioak %10en bueltan jarraitzen du, energia, elikagai, elektrizitate, gas eta erregaien igoerak tarteko.
Hiru lehentasun nabarmentzen ditu: energia eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta garraio jasangarria. 2030eko agendaren helburuak betetzeko konpromisoarekin lerrokatzen da. Zenbait erakunderen ekarpenak biltzen ditu: foru aldundiak, Eudel, Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordea, Industria Abagunearen Behatokiko klusterra eta Confebask.
Jaurlaritzak plan propioa prestatu badu ere, bide zuzena «adostasuna» dela nabarmendu zuen lehendakariak. Europako Batzordea eta estatu kideetako gobernuak ere aintzat hartuta. Mundu mailarako pentsatu eta tokian tokiko ekintzak egitea dela gakoa zehaztu zuen.
Egoera sozioekonomikoaz eta alor horretako bilakaera positiboaz ere mintzatu zen Urkullu lehendakaria. Nabarmendu zuenez, hazkundea %4tik gorakoa da, industriaren aurreikuspenak «onak» izanik. «Susperraldi ekonomikoa lan merkatura iristen ari da, eta enpleguaren aurreikuspenak ere positiboak dira», adierazi zuen lehendakariak. Hala ere, azpimarratu zuen beharrezkoa dela «zuhurtzia» mantentzea, kontuan hartuta «Europako egoera, diruaren prezioa eta energiaren mugak».
Lehendakariaren erranetan, etorkizunean egoten ahal diren erronkei aurre egiteko oinarri «sendoak» eraiki ditu Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, bertze «ekaitz» bati aurre egin behar dio gizarteak.
Lehenbiziko erronka lan arloa da. Langabezia tasa %8,5ekoa izan zen bigarren hiruhilekoan, 2009az geroztik izan den baxuena. Joan den urtean baino 23.400 pertsona gehiago daude lanean.
Bigarren oinarria ekonomia da. Bigarren hiruhilekoan %4,3 egin du gora. Industria, eraikuntza eta zerbitzuen alorrak dira joera positiboa dutenak. «Dezelerazio zantzuak badaude, eta adi gaude, baina %4tik gorako igoeraren aurreikuspena mantentzen dugu», gehitu zuen Urkulluk.
Esportazioak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren hirugarren oinarria. Produktu energetiko nahiz ez-energetikoek eragindakoak dira. «Euskadi herri lehiakor bat den erakusle da», nabarmendu zuen lehendakariak.
Etorkizunari begira
Egungo egoera zein den kontuan hartuta, lehendakariak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak zenbait lehentasun dituela: energia alorra eta 2023ko aurrekontua, besteak beste. Urkulluren erranetan, momentu honetan lehentasunezko gaiak diren horiek etorkizuneko aukerak izan daitezke.
Hala, Ukrainako gerrak eragindako krisi energetikoak nabarmen eragin zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresei eta familiei. Horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri jarri zituen martxan. «Krisi energetikoa aukera bat izan daiteke Euskadin trantsizio energetikoa bultzatzeko», adierazi zuen lehendakariak. Hori izan da Energiaren Kontingentzia Plana aurreratzearen arrazoi nagusia.
Datorren urteko aurrekontuari dagokionez, etorkizunaren inguruan «ziurgabetasuna» nagusi bada ere, bilketa aurreikuspenak positiboak direla iragarri zuen Urkulluk. «Errealitate honek erakusten digu gai garela planteatutako erronkei aurre egiteko», gehitu zuen Urkulluk.
Hortaz, lehendakariaren esanetan, Jaurlaritzak hiru lehentasun ditu: oinarrizko zerbitzuak indartzea -batez ere hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa-; lan arloa eta ekonomia indartzea, horretarako inbertsio publikoa erabiliz azpiegitura ekonomikoetan, sozialetan eta energetikoetan; eta, azkenik, ikerketan eta garapen teknologikoan egiten den inbertsioa handitzea.
Datozen hilabeteak «zailak» izanen direla iragarri du Urkulluk
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren erranetan, Ukrainako gerraren ondorioak nabarmenak izanen dira udazkenean eta neguan. Energiaren Kontingentziaren Planak krisi energetikoa arinduko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu