lan gatazkak

Datozen bi asteburuetan Frantziako tren kontrolatzaileek greba egingo dute

SNCF Frantziako tren konpainiako kontrolatzaileek greba mugimendua abiatuko dute, lan sari baxuegiak eta lan baldintza zailegiak salatzeko. SNCF konpainiari «hamarnaka milioi euro» kostatuko zaio greba, egikaritzen bada.

Donibane Garaziko tren geltokia artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2022ko abenduaren 21a
16:47
Entzun

SNCF Frantziako tren konpainiako kontrolatzaileek abiatu dute mugimendu soziala. Bi grebarako aitzin abisu jarri dituzte sindikatuek: bata abenduaren 23tik 26ra, eta, bestea abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra. Greba horien bidez lanbidearen berezitasunen onarpen handiagoa aldarrikatzen dute langileek, eta lan sariak eta lan baldintzak birbaloratu nahi dituzte.

Tren kontrolatzaileek sindikatuetatik independentea den kolektibo bat sortu dute protesta aurrera eramateko. Hala ere, CGT-Cheminots eta SUD-Rail sindikatuek kontrolatzaileak sostengatu dituzte, hala nola SNCF konpainiari kontrolatzaileen eskakizunak helarazi dizkiote. Negoziazioek ez dute nahikoa emaitza onik eduki tren kontrolatzaileentzat. Bi sindikatuek bi grebetarako aitzin abisua mantendu dute, grebara deitu gabe; tren kontrolatzaile bakoitzaren esku geldituko da, beraz, greban parte hartu nahi duen ala ez.

Izan ere, kontrolatzaileen lana tren bidaietan ahal bezain beste segurtasun bermatzean datza. Alta, konpainiak gero eta jende gehiagoren ardura ematen die kontrolatzaileei. Salatu dute SNCF konpainiak hainbat lanpostu kendu dituela. Orduan, jende gero eta gutxiago dago lanean tren geltokietan bidaiariei arreta eskaintzeko, horien arabera. Horrez gain, lanbidean promozio nahikoa eskuratzeko ezintasuna azpimarratu dute kontrolatzaileek.

SNCFk «grebak ekiditeko ahal» duen guztia egin duela erran du. Datorren asteburuan, konpainiak aurreikusten duenez, hiru AHTetatik bik eskainiko dute aurreikusiriko zerbitzua; Ipar Euskal Herriko trenbideetan ere AHTen bi heren izanen da zerbitzuan. Horrek 200.000 bidaiarirengan ukango du eragina. Konpainiak bidaiari horiei proposatu die txartela beste egun batera aldatzeko, inongo prezio aldaketarik gabe. Txartela aldatzeko aukera hartzen ez dutenentzat prezioaren %200 itzuliko dietela ziurtatu du konpainiak. Christophe Fanichet SNCFeko zuzendari orokorrak adierazi du greba «hamarnaka milioi euro» kostatuko zaiola konpainiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.