Klima larrialdia. Osasun ondorioak

Datorrenari aurrea hartuz

Adituak bat datoz: klima larrialdiaren ondorioetako batzuk saihetsezinak dira jada, eta saihetsezinak, horrenbestez, horiek osasunean izango dituzten eraginak. Horien inpaktua urritzeko abian diren planetako bat da LIFE-IP-Nadapta-CC, Nafarroan.

Bilboko termometro bat, uztailaren 17an. LUIS TEJIDO / EFE.
jone arruabarrena
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Klima larrialdiak hainbat ertzetatik erasango dio gizakien, animalien eta ekosistemen osasunari, eta ondorioak jada hasi dira nabaritzen. Planetaren berotzea mugatuta ere, atzera-bueltarik ez duten puntu batzuk igaro ditu Lurrak jada.

Elkarri lotuta dauden fenomenoetan gertatzen ari diren aldaketen ondorioz, askotarikoak izan daitezke larrialdiak ekarriko dituen osasun arazoak. Baina, behin hori jakinda, nola egin aurre aldaketa horiei osasunean ahalik eta gutxien eragin dezaten? «Argi dago klima larrialdia geratzeko etorri dela. Helburuak argia izan behar du: hark osasunean dituen eraginak aztertu, eta horiek murrizteko neurriak diseinatu», azaldu du Estrella Miquelezek. Urrun joan gabe, Nafarroan bertan ezartzen ari dira neurri horiek, LIFE-IP Nadapta-CC proiektuaren bidez. Egitasmoak hanka ugari ditu, eta horietako batean Osasun Publikoko goi teknikaria da Miquelez, osasunari dagokion arloan. Klima aldatzeak dakartzan ondorioak neurtu, eta horiek gizakien osasunari mehatxu egiten dietenean prebentzio neurriak proposatzen dituzte.

Ikusi gehiago:KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK

Larrialdiak aurten izan duen ondorio erakusgarrienean jarri du arreta Miquelezek: tenperaturaren igoeran. Nafarroan, zehazki, 2004. urtetik ari dira beroaldiei aurre egiteko planak lantzen, baina LIFE-IP Nadapta-CC proiektuak, azken urteetako igoera ikusita, plan horiek eguneratu eta hobetzen dihardu: bi eremu isoklimatiko bereizi dituzte —Ebroko Erribera eta Nafarroako erdialdea eta iparraldea—, eta horietan tenperatura atalase espezifikoak finkatu; tenperaturek muga horiek igarotzen dituztenean hasten dira osasunean eragiten. «Metodologia epidemiologikoa erabiliz kalkulatzen ditugu alertak, hilkortasuna eta tenperatura kontuan hartuta», azaldu du Miquelezek.

Beste faktore batzuk ere kontuan hartzekoak dira. «Uda hasieran bero alerta bat badago, osasunean izango dituen ondorioak okerragoak izango dira udaren amaieran gaudenean baino, gorputzari ez diolako egokitzeko astirik eman». Bero boladei aurre egiteko plana ekainaren 1ean jarri ohi da martxan, eta irailaren 15ean bukatzen da. Aurten, maiatzean aktibatu zuten, tenperatura beroen ondorioz, eta oraindik indarrean dirau. «Lan eremuan ere indar handia jarri dugu. 250 enpresatara bisitak egin ditugu, bakoitzean estres termikoa nola kudeatzen den ikuskatzeko, eta modu egokian egin dezaten jarraibideak emateko».

Ikusi gehiago:Kezkaren zuztarrak ahantzi gabe

Baina beroa larrialdiak dakarren ondorioetako bat baino ez da. Nabarmen eragiten du beste arlo batzuetan ere: esaterako, airearen kalitatean. Atmosferaren kutsadura, polena eta bektoreen bidez transmititzen diren gaixotasunak, besteak beste. Polenaren maila kontrolpean izateko, hiru neurgailu ezarri dituzte: Donezteben, Tuteran eta Iruñean. Polena identifikatu eta zenbatu egiten da horietan, eta udaberrian, kopurua nabarmen igotzen denean, informazio hori hedatzen dute. «Zabalpena garrantzitsua da. Gobernuak eta Iruñeko Udalak daukan sistema baten bidez, norbanako bakoitzari egunero bidaltzen zaio polenaren mailaren informazio eguneratua. Geroz eta jende gehiagok eskatzen du, polenak alergietan eragin handia daukalako».

Ikusi gehiago:Nola eraiki hiri osasuntsu bat larrialdian

Atmosferaren kutsadurak ere nabarmen eragiten du osasunean, Miquelezen arabera. «Nafarroan kutsadura maila ez da oso handia, baina, Osasunaren Mundu Erakundeak joan den urtean adierazi zuenez, maila txikietan ere eragin nabarmena dauka osasunean». Hain zuzen, airearen kutsadura neurtu, eta unean uneko egoera ikusgai dauka Nafarroako Gobernuak.

Bektoreen kontrola

Bektoreen bidezko gaixotasunen transmisioa da beste garrantzizko puntu bat: Nafarroan, zehazki, tigre eltxoa gertutik zaintzen dute 2016. urtetik, dengearen, sukar horiaren eta chikungunyaren gisako gaixotasunak transmititzeko arriskua zabaltzen duelako. Euli horien arrautzentzako tranpak ezarri dituzte Nafarroako hainbat txokotan, eta astero bildu eta aztertzen dira. Mota horretako eltxoen arrastoren bat aurkituz gero, ale helduentzako tranpak ere ezartzen dituzte. «Hala ere, arrisku maila igotzeko, eremu honetan dengea edo transmititzeko arriskua duten bestelako gaixotasunen kasuren batek agertu beharko luke, eta hori oraindik ez da gertatu». Bidasoan agertu zen tigre eltxoa, baina kontrolerako tratamendua ezarri zuten. «Eltxoak agertzeko zaurgarriagoak diren eremuak ere identifikatu ditugu. Badakigu garraio bidez etortzen direla; autoetan edo kamioietan. Beraz, Nafarroako errepide sare inguruan jartzen dugu arreta».Tenperatura igoerari lotuta agertu daitezke zenbait patogeno eta kutsatzaile ere: campilobacter eta legionella izeneko bakterioak, esaterako.

«Orain modu argiagoan ikusten hasi dira klima larrialdiak osasunean izan ditzakeen arazoak, eta herritarrak eta profesionalak hasiak dira kontzientzia hartzen, baina oraindik kosta egiten da arrisku horiek gizarteari ikusaraztea», nabarmendu du Miquelezek. Azpimarratu du modu «intersektorialean» egin behar zaiola aurre arazoari: «Hirigintza, garraioa, osasungintza... Arlo askotan era bateratuan lan egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.