BERRIA Taldea. Akziodunen batzarra

«Datorren urtera arte» nola esan zuen

Taldeko lehendakari modura azken batzarra behar zuen atzokoa Joxan Lizarribarrek. Apirilean hil zen, ordea, kargua uzteko bi hilabete eskas falta zituela. Bileran oso gogoan hartu zuten atzo. Esker modura, Gotzon Huegunen artelan bat eman zieten haren senitartekoei.

Lizarribarren emaztea eta seme-alabak, artelanaren alboan. A. CANELLADA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Azken ekitaldia behar zuen karguan. Ohi zuen eran, akziodunak adeitsu agurtu, urteko martxaren berri eman, eta taldeak esku artean zituen egitasmoak azaldu. Iaz iragarri zuen aurtengoa izango zuela azken batzarra, hamar urteren ostean utzi egingo zuela kargua. Eta agurtu zen, «datorren urtera arte» esanez. Eta egin zuen salbuespen bat, une berezia zela jakitun; akziodunen aurrean egonik ere, langileei hitz egin zien; «haientzat garai gogorrak dira», esan zien akziodunei. Joxan Lizarribar. Taldeko lehendakaritza uzterako gaixotasun batek eraman zuen apirilean.

Falta zen atzoko bileran, baina oso gogoan hartu zuten. Lehendakaria falta, eta Abel Ariznabarretak egin zuen sarrerako hitzaldia. «Aitortuko dizuet Joanmari [Larrarte] eta biok ez gaudela eroso», esan zuen. «Indar biziz sentitzen dugu hil berri zaigun Joxan Lizarribarren hutsunea». Hiru kide izan ohi dira oholtzan bileretan; bi ziren atzo. Haren ordez kargua hartzean ere, Lizarribarrek taldeari eginiko ekarpenaz aritu zen Beatriz Zabalondo. «Proiektu honek aurrera egingo du, eta egitea posible da, neurri handi batean, haren ekimenari, ausardiari, denborari eta maitasunari esker». Txaloek jantzi zituzten hitz horiek, eta biluztu zituzten malkoak.

Batzarraren amaieran, Lizarribarren hurbilekoekin egindako bideo bat eman zuten; kulturgintzan eginiko bidea, enpresari gisa egin zituen bidaiak, familiarekiko harremanak eta BERRIA Taldean egindako ekarpena ditu hizpide, besteak beste, bideo horrek. Lizarribar bera ez, baina haren emaztea eta seme-alabak joan ziren bere azken batzarra behar zuenera; Gotzon Huegunen artelan bat eman zieten, esker gisara.

Ostegunean Andoaingo Bastero kulturgunean Zenbat aulki huts bete ekitaldia egingo dute haren omenez. Gonbidapenak amaitu dira jadanik. Jakinarazi dute, hala ere, ETBk grabatuko duela ekitaldia. Aurrerago emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.