Datorren urteko apirilean hasiko dira Bilbo eta Getxo batuko dituen bulebarra egiten

Itsasadarraren ondoan dagoen errepidearen tokian, oinezkoentzako bide bat eta bidegorria egingo dituzte. Lanek hogei milioi euroko kostua izango dute, eta espero dute 2024ko bigarren seihilekorako prest egotea.

Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 3a
16:02
Entzun

Itsasadarraren ondoko BI-711 errepidea bulebar bihurtzea: horixe izango da Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak gaur goizean aurkeztu duen proiektuaren funtsa. Bilbo, Getxo, Leioa eta Erandio (Bizkaia) batuko dituzte, bizikletentzako bide batekin eta oinezkoentzako batekin. Lanak 2023ko apirilean hasi eta 2024ko bigarren seihilekoan amaitu asmo dituzte, eta hogei milioi euroko kostua izango dute.

Bulebarra «iraultza» izango da Rementeriarentzat, «mugarri bat». Izan ere, herritarrei bizitzeko modua hobetuko zaielakoan dago, mugitzeko eta bizitzeko modua aldatuz. «Eraldaketa fisiko bat da, baina, aldi berean, eraldaketa emozional bat ere bada, proiektu honek itsasadarra berreskuratzen laguntzen digulako, gure historia beti harilkatu duen elementu bat».

Proiektua goraipatzearekin batera, haren inguruko xehetasunak ere eman ditu. Bi fasetan egingo dute: Erandio eta Getxo arteko zatiarekin hasiko dira 2023ko apirilean, eta hiru hilabete geroago, Bilbo eta Erandio artekoari ekingo diote, 6,5 kilometroko bidea osatu arte. Helburua, hauxe: egun errepidea dagoen lekuan, oinezkoentzako paseo bat, bidegorria eta ibilgailuentzako bide bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.