Datorren ikasturtetik aurrera doakoa izango da 0-3 urtekoen zikloa Nafarroan

Gimenok adierazi du 0-3 urtekoen hezkuntza zikloa «familia guztientzat» izango dela doakoa.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKO BERRIAREN JAIA
Haur batzuk jolasean, artxiboko argazki batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaut Matauko Rada - Ion Orzaiz
2024ko urtarrilaren 8a
12:40
Entzun

Kargua hartzean iragarri zuen moduan, Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak adierazi du 0-3 urtekoen hezkuntza zikloa doakoa izango dela Nafarroan datorren ikasturtetik aurrera. Gaur egin du iragarpena, haurrak eskolara itzuli diren egunean, eta, ikastetxe publikoetan ez ezik, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmenak dituzten udal eskoletan ere izango da doan. Udal eta toki entitate horietako askotan —Iruñean, esaterako— egina zuten urrats hori duela zenbait urte, baina iragarri dute doakotasuna «unibertsala» izanen dela hemendik aurrera: hau da, herrialdeko haur eskola publiko guztietara hedatuko dutela, familien errenta edozein delarik ere.

Neurri hori PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lortutako akordioan jaso zuten alderdiek, 2023-2027ko urteetarako gobernu programa egiteko asmoz hitzarturikoan. Hala, Gimenok adierazi du «egiturazko aurrerapauso» bat dela hau, Nafarroako hezkuntza hobetzeko eta «haur hezkuntzarako sarbidea errazteko, baita egoera zaurgarrian direnentzat ere». Kontseilariak aurreratu duenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euroko aparteko inbertsioa eginen du doakotasuna hedatu ahal izateko. Neurriak 3.300 familia gehiagori eraginen die, errenta apaleneko familientzat 2021-2022ko ikasturtetik doakoak baitira haur eskola publikoak.

Gimenok iragarritako neurri berriarekin, amaitu egin da 2021-2022ko ikasturtean Nafarroako Gobernuak hasi zuen prozesua, 0-3 urtekoen zikloa doako bihurtzekoa. Lehen ikasturte hartan, %7tik %75era bitarteko deskontuak aplikatu zituen Txibiteren gobernuak, aurreko legealdiaren gobernu akordioan alderdiek adostu zutena betez. Hurrengo ikasturtean, 2022-2023koan, 0-3 urtekoen zikloa doakoa izan zen urteko errenta pertsonako 6.650 eurotik beherakoa zuten familientzat —9.300 eurotik behera guraso bakarreko familientzat—. Datorren urtetik aurrera, errenta guztietara hedatuko dute.

Antolaketa berria

Zikloa doako bihurtzearekin batera, haurrak zentroetan onartzeko irizpideak ere aldatu ditu Maria Txibiteren gobernuak, eta Haur Hezkuntzaren bigarren zikloko onarpen arauekin berdindu dira. Lehenik eta behin, onarpena lortzeko puntuazio irizpideak aldatu dituzte, eta, hemendik aurrera, lehentasunerako motibo izango dira hauek: zentroan anai-arrebaren bat izatea, zentrotik gertu bizitzea, familia unitatearen errenta, eta desgaitasunen bat izatea. Espainiako LOMLOE hezkuntza legera moldatzeko neurria da. Horrez gain, iragarri dute Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak Haur Hezkuntzako Batzordea berritu dutela. Lantalde horren egitekoa da herrialdeko haur eskolak kudeatzeko «eredu partekatu bat» sortzea. Izan ere, haur hezkuntzako lehen zikloaren kudeaketak eztabaida bizia eragin du Nafarroan aspalditik: udalerri asko kexu ziren,  0 eta 3 urte bitartekoa hezkuntza ziklo bat dela aitortuta ere Hezkuntza Departamentuak ez zuelako bere gain hartzen haren antolaketa. Aldeek konpromisoa hartu dute eredua aldatzeko eta 0-3 zikloa gainerako hezkuntza zikloekin parekatzeko.

Finantzaketa eredua ere aldatu da, udalen mesedetan: azken ikasturteetan, haur eskoletako inbertsio osoaren %24 zegokien udalei; aurten, berriz, %18koa da ekarpena. Nafarroako Gobernuak eginiko inbertsioa, berriz, urtetik urtera ari da handitzen: 2021-2022ko ikasturtean 11,3 milioi euro jarri zituen udal eskolak ordaintzeko, eta martxan den ikasturtean, berriz, 22,6 milioi eurokoa da aurrekontua. Oraingo aurreproiektuaren arabera, 2024-2025eko ikasturterako 26,5 milioi eurokoa izanen da aurrekontua, «Nafarroako haur-hezkuntza zikloko zentroak hobetzeko estrategia kontsolidatze aldera».

Azalpenak parlamentuan

Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeen artean, PSNk eta Zurekin Nafarroa koalizioak adierazi dute «albiste oso pozgarria» dela 0-3 zikloa doakoa izatea. PSNko antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek esan du haur eskolen doakotasuna edo garraio zerbitzu publikoei emaniko laguntzak «herritarren mesederako politikak» direla, eta bide horretatik segitzea galdegin dio Txibiteren gobernuari. Hain zuzen, iragarri du 0-3 zikloari buruzko azalpenak eskatuko dizkiola Gimeno kontseilariari Nafarroako Parlamentuan. Zurekin Nafarroak ere neurria txalotu du. Gogorarazi du, halaber, erabakia jasoa zegoela gobernu itun programatikoan, eta harago joatera premiatu dute Gimeno, «haur eskola gehiago sortuta, hala nahi duten familia guztiek aukera izan dezaten zentro publiko batean izena emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.