Otsailaren 3an ekingo diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolek datorren ikasturteko aurrematrikulazio kanpainari. Otsailaren 15ean bukatuko da kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duen aginduaren arabera. Aginduak 2 urteko gelatik aurrerako ikasleei eragiten die, bai eskola publikoetakoei, bai itunpekoetakoei.
Aurrematrikulazioa derrigorrezkoa da haurrak 2 urteko gelan matrikulatu nahi dituztenentzat, baita haurrak eskolaz edo hizkuntza ereduz aldatu nahi dituztenentzat ere —edozein mailatan—. Behin-behineko zerrendak martxoaren 18an emango dituzte aditzera, eta behin betikoak, apirilaren 15ean.