Behin neguko hotz kanpaina amaituta, apirilaz geroztik 93 etxegabe daude kalean bizitzen Iruñean. Igandean, Gonzalez Tablas kaleko aterpea itxiko dute, eta, ondorioz, datorren astetik aurrera 149 izango dira aterperik gabe. Hainbat kolektibok galdegin dute behin-behineko neurriak hartzeari uztea egoera horri aurre egitekoan, eta urte osoan ostatua eta mantenua eskaintzea: «Erakundeen esku dago hautatzea zer nahi duten: euren planak bete eta harrera sare egoki bat lortzeko baliabideak jartzea; edo, kontrara, egun bezala jarraitzea», adierazi du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak.
Beste hainbat kolektiborekin batera egin du agerraldia —Haritu, Paris 365 jantoki soziala, Migratuendako Informazio Gunea, Elkarri Laguntza elkartea, Elkarte eta Oxfam—, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuaren aurrean. Han, exijitu diote etxegabeen gaineko erantzukizuna bere gain har dezala, eta urte osoan ostatua eta mantenua bermatzeko neurriak har ditzala: «Iruñeko Udalaren laguntzarekin, eta ez alderantziz, orain arte gertatu den bezala».
Ikusi gehiago
Izan ere, talde horiek salatu dute behin neguko kanpaina amaituta ohe kopurua nabarmen murrizten dela. Astelehenetik aurrera, 50 ohe baino ez dira egongo. «Kalean geratzen dira. Ez dago planik, iaz berdin-berdin geratu ziren. Negua iritsi zen, eta ez zuten pauso bakar bat ere eman egoerari aurre egiteko, eta uste dugu aurten ere gauza bera gertatuko dela», aipatu du Pello Olasa Elkarri Laguntza elkarteko kideak.
«Gogora ekarri nahi dugu Nafarroako Arartekoak iazko martxoan gomendatu ziela gobernuari eta Iruñeko Udalari etxerik ez duten pertsonei urte osoan ostatua eta mantenua bermatzeko», gaineratu du Markel Jimenez Haritu elkarteko kideak. «Ezin diogu eutsi hotz boladan soilik sabaia bermatzeko diskurtsoari», aipatu du. Kolektibo horien ustez, administrazioen jokabidea da pentsatzea pertsona horiek desagertuko direla «beren jatorrizko lekuetara itzultzeko edo beren egoera modu ikusezinean konpontzeko». Ezinbestekotzat jo dute logika hori amaitzea.
Etzi, Nafarroako Parlamentuan izango dira, egoeraren inguruko xehetasun gehiago ematen, eta legebiltzarkideei eskatuko diete presio egin dezatela pertsona guztientzako babes sozialeko sistema eta etxebizitza duinerako sarbidea bermatzeko, Nafarroako Gobernuak eskubide horiek gauzatu ditzan. Gogora ekarri dute kalean bizi behar izateak «segurtasunik eta intimitaterik ez izatea» dakarrela, baita «atseden hartzeko, garbitzeko eta emozionalki bizi esperientzia gogorretatik eta egiturazko indarkerietatik berreskuratzeko espazio propio bat ez izatea ere».
Ildo beretik, beste hainbat eskari egingo dituzte: gizarte babeserako sistemako sarbidea bermatzea; erroldatzeko aukera bermatzea; osasun txartelaren tramitazioa bermatzea eta larrialdi zerbitzuetan fakturak jaulkitzeari uztea; lanbide trebakuntzako ikastaroetarako sarbidea bermatzea; eta polizien jarduerak kontrolatzea, batik bat soslai etnikoetan oinarritutako nortasun kontrolak eta atzerritartasun brigadarako zitazioak bertan behera utzita.
Gainera, etzi, elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Aranzadiko komentua
Berriki, Iruñeko Udalak Aranzadiko Agustinas komentua hustu du, zaharberritzeko asmoz. Eraikina oso gaizki dago, eta ehun lagun inguru bizi ziren han, oso baldintza osasungaitzetan. Hustean, etxegabeak ostatuetan eta pentsioetan banatu dituzte, baina kolektiboek adierazi dute ez dakitela zenbat izan diren eta zer irizpide erabili dituen administrazioak. Datozen orduetan haietako batzuekin elkartuko dira, jaten emateko eta lo zakuak eta dendak banatzeko. Herritarrek eman dituzte baliabideok, eta, horregatik, dei zabala egin dute horrelako ekarpenak egiten jarraitzeko.