Hilabeteetako gorabeherak gaindituta, eta bi urteko atzerapenarekin bada ere, datorren asteko ostegunean irekiko ditu ateak Gasteizko IAK Izaskun Arrue kulturguneak. Lazarraga kultur elkarteko kideek atondu dute Ruiz de Bergara jauregia, eta, uda bitartean, bisita gidatuak, esku hartze artistikoa, haur eta gazteentzako lantegia eta deialdiak antolatu dituzte.
«Ez gara Euskararen Etxea bakarrik, ezta Gasteiz Antzokia ere. Biak uztartzen ditugu, eta IAK Izaskun Arrue kulturgunea gara». Aurrerantzean horrela izendatzeko eskatu diete komunikabideei Lazarraga kultur elkarteko kideek. Izan ere, hiru helburu nagusi zituen gaur goizean elkarteak egindako agerraldiak: irekiera eguna zehaztea, uztaileko programazioa aurreratzea eta egitasmoaren nortasuna adieraziko duen kontzeptu marka aurkeztea.
Hasteko, Lazarraga kultur elkarteko lehendakari Lukas Etxeberriak laburtu ditu ibilbide berri honen nondik norakoak. «IAK-n euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar baitugu lehenik, eta motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren». Nabarmendu du, gainera, IAK ez dela izango, inola ere, euskaraz dakitenentzako toki bat bakarrik. «Euskaraz jakin edo ez jakin, IAK guztientzat irekita egongo da, euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue kulturgunera».
Agenda betea
Horren haritik, uztailean hainbat jarduera antolatuko dituzte. Irekiera ekitaldia datorren ostegunean bada ere, Ertzak zintzilik familia eta haurrentzako lantegia izango dute hilaren 16an, 17:30ean; eremua ertz ezberdinetatik nola sor daitekeen irudikatuko dute, eraikinak dituen elementuekin jolastuz.
Irekiera ekitaldia uztailaren 18an izango da; 18:15etik aurrera egingo dute aurkezpena. Bazkide eta lagunentzako ekitaldi soziala izango dela aurreratu dute.
«Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar baitugu lehenik, eta motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren»
LUKAS ETXEBERRIALazarraga kultur elkarteko lehendakaria
Hainbat deialdi jarriko dituzte martxan uztailaren 22tik aurrera. Taulara, formatu txikiko antzerki obra eta bakarrizketentzako deialdi irekia; Muina, kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzako proposamen poltsa; eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.
Gasteizko jaietan familia jarduera egingo dute abuztuaren 6an, 11:00etatik aurrera. Prospero Teatrok girotuta, botatzen diren gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin arituko dira gaztetxoak.
Halaber, eraikina hobeto ezagutu nahi dutenentzat bisitaldi gidatuak egingo dituzte bi egunetan, uztailaren 19an eta 22an. 10:00etan egingo dira euskarazkoak, eta 11:00etan gaztelerazkoak. Uda aurreko jarduerak doakoak izango dira, baina izena eman edo leku bat erreserbatu beharko da bisita gidatu eta familia jardueretan parte hartzeko.
Uda pasatuta, hiru hilabeteko maiztasuna izango du programazioak, eta urtaroka egingo da aurkezpena. Iraileko bigarren astetik aurrera udazkeneko programazioa jarriko dute martxan, eta diziplina ezberdinetako jarduerak ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, euskara elementu eroale bihurtuta: musika eta arte biziak; familia jarduerak; zinema eta ikus-entzunezkoak; deialdiak; eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko egitasmoak egingo dira. «Izan ere, Izaskun Arrue kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaioko da. Eta, kultura ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean», gaineratu du Etxeberriak.
Marka berria
Asko izan dira urteetako ibilbidean egitasmoak jaso dituen izen-abizenak: Gasteizko Kafe Antzokia, Gasteiz Antzokia, Euskararen Etxea... «Bien arteko batuketak, baina, ez du behar bezala adierazten martxan jarriko den egitasmoaren izatea, ez baita antzoki soila izango, ezta euskararen etxea bakarrik ere», azaldu dute agerraldian.
Hala, proiektu berri batek marka eta irudi berri baten sorrera dakar. Markaren balioak irudikatuko dituzten irudiak, logotipoak, koloreak, estiloa eta osagarria osatu dituzte horretarako; egitasmoa behar bezala identifikatzeko: «Logoa osatzeko, esaterako, siglak erabili dira, eta Ruiz de Bergara jauregi birgaituak dituen ertz eta elementu geometrikoak hartu dira oinarrian: harrizko arkuak, angeluak, egurrezko zutabeak... Koloreak aukeratzerako orduan, berriz, eraikinean kokatu diren elementuen koloreak hartu dira kontutan: horia, grisa, zuria eta beltza», xehatu dute agerraldian. Aitzitik, egitasmo berriaren nondik norakoen berri emateko eta markaren gizarteratze egokia bideratzeko, komunikazio kanal berriak –iak.eus webgunea eta sare sozialak– jarri dituzte martxan gaurtik aurrera.
Borroka luzea
Elkarteko kideentzat agerraldi gozoa izan den arren, oztopoz betetako bidea izan dute. Izan ere, duela urtebete zabalduta egon behar zuen IAK-k. Euskalgintzak behin eta berriz eskatu du antzokia irekitzeko, Gasteizen euskararen arnasgune izan behar duelakoan. Esaterako, martxoan, euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bat argitaratu zuten, Gasteizko Udalari eskatzeko antzokia «lehenbailehen» irekitzeko. Halaber, handik egun batzuetara, aldarrikapen bertsua egin zuten euskara, kultura eta kazetaritza arloko ehundik gora pertsona ezagunek.
Ordea, udalak behin eta berriz atzeratu du antzokiaren irekiera eguna, azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituela argudiatuta, eta bitartean Lazarraga elkarteak, antzokia hitzemandako datan zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako gastuetara bideratu du diru laguntzaren zati bat. Apirilean, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioaren berri eman zion elkarteari: 112.817 euro pasatxo bueltatzeko eskatu zion. Elkartea behin baino gehiagotan kexatu izan da horregatik, eta proiektua kolokan ere egon da.
Kostata, baina lortu zuten akordio batera iristea. Ekainean zehar, aurtengo hitzarmena sinatu zuten bi aldeek, eta elkartea iazko zuriketari egotzitako zorra ordaintzen hasi da. Bi aldeek adostu zutenez, kultur elkarteak bost urteko epean ordainduko du zorra, eta adostutako hitzarmenean «hainbat egokitzapen» egin dituzte egitasmoa «lehenbailehen» martxan jartzeko. Beraz, azkenean, luzarorako etorri direla nabarmendu dute Lazarraga kultur elkarteko kideek: «Luze joan dira bi urte hauek. Baina bidea egiten hastea besterik ez da falta! Uztailaren 18tik aurrera, Gasteizek, gasteiztarrek eta euskal kulturak badute non eta nola».