Datorren astean epaituko dituzte Kukutza inguruko istiluekin lotutako 19 lagun

Epaiketa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon.Donostian, Kortxoenea gaztetxearen aldeko mobilizaziora deitu dute

Kukutza eraistean izandako istiluak egotzi dizkiete auzipetuei. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Datorren astelehen eta asteazkenean epaituko dituzte Bilboko Errekalde auzoko Kukutza III gaztetxea eraitsi zuten egunean izandako istiluekin lotuta Ertzaintzak atxilotutako hemeretzi lagunak. Haiei elkartasuna agertzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon. 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik, Kale Nagusian behera. Egun berean, Donostian, joan den astean eraisten ahalegindu ziren Kortxoenea gaztetxearen aldeko manifestazioa ere egingo dute. 17:30ean hasiko dute, Bulebarrean. «Autogestioaren, okupazioaren eta gaztetxeen alde» bi mobilizazioetako batean parte hartzera deitu dute.

Hain zuzen, Kukutzarekin elkartasun taldeak «gaztetxeen aurkako epaiketatzat» jo du datorren astekoa. 19 auzipetuak 2011ko irailaren 24an atxilotu zituzten. Desordena publikoa egotzi diete. Fiskaltzak hamazortzi eta 30 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu du haietako bakoitzarentzat. Gainera, horietako biri beste delitu bat ere leporatu die: erresistentzia. Erruduntzat joz gero, bi horientzat beste zortzi hilabeteko zigorra ekarriko luke. «Froga bakarra poliziak ausaz egindako atxiloketak dira», salatu dute Kukutzarekin elkartasun taldekoek. Auzipetuek ohartarazi dutenez, egozten dizkieten istiluak 20:00etan gertatu ziren, eta haiek 17:00etatik 20:00etara bitartean atxilotu zituzten.

Auzolana, gaur, Errekalden

Errekaldeko OihuK gune autogestionatu feministak ere ohartarazi du husteko arriskuan dagoela. Joan den uztail hasieratik dago martxan. Gaur, goiz eta arratsalde, auzolan eguna izango dute. 20:00etarako, berriz, batzarrera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.