Audrey Magee idazle irlandarrak (Enniskerry, 1966) txikitan ikasi zuen beste haurrek zer sustrai zuten asmatzen. «Zortzi edo bederatzi urte besterik ez nuenean litxarreria denda bat genuen. Nahikoa nuen ume bati begiratzea bere keinuen bidez katolikoa edo protestantea zen jakiteko», esan du. Women’s Prize for Fiction eta Irish Book Awards sarien finalistaren arabera, iparraldeko biolentziak hegoaldeko irlandarrak ere baldintzatzen zituen nolabait: «Horrek guztiak herri baten identitateari eragiten dio. Eta banderarekin eta hizkuntzarekin duen harremanari».
Banderaren auzia aipatu du The New York Times egunkariak ere, baina kasu honetan Espainia eta Euskal Herria izan ditu hizpide. Rory Smith kazetaria izan da gurean, Eurokopa aitzakia. Haren iritzia: Bilbon apenas ikusten den Espainiako banderarik. Testua irakurri eta horren zergatia azaldu dute zenbait lagunek: jendea beldur da. Ezin ukatu: batzuetan, liskarrak izan dira Euskal Herrian ikur espainiarra zabaltzeagatik. Hori aitorturik, kontu bat: istiluak istilu, hemen bandera bakar bat erakusteagatik torturatu eta hil dute. Eta hori egin dutenek Bilbon gutxitan mugitzen den bandera zuten uniformean.
Smithen ustez, euskal gazteak ez dira lehen bezain lotuak Espainiaren kontrako sentimenduari. Gainera, euskal futbolarien presentziak hauspotu egiten ditu: 2024an Realeko bost jokalari daude Espainiako selekzioan, Felipe VI.ak aldageletan besarkatzen duen taldean. Inoiz hamaikako osoa donostiarrez osatuz gero, baliteke Espainiaren esentziekin itxuraz atxikimendu txikiena duen Hegoaldeko lurraldea pozez lehertzea. Txaloka hastea. Francok lortu ez zuena kalean odola ezarriz futbolak egingo du kalimotxo egarriz.
«Zenbat espainiarrek uste dute espainieraz tutik ere jakin gabe benetako espainiarra izan zaitezkeela?»
Banderarekiko erlazioaz ez ezik, hizkuntzarekiko harremanaz ere mintzatu da Magee. «Irlandera pobre, ergel eta analfabetoen hizkuntza zen», jakinarazi dio La Vanguardia-ri. Euskaldunoi ezagun gertatzen zaigu ikuspuntua. Nolakoa da erlazio hori Irlandan orain? Eta hemen? Plataforma per la Llengua elkarteak inkesta bat egin du, Katalunian. Esakune hau txertatu du ikerketan: «Katalana benetan izateko katalanez jakin behar da». Horrekin zenbateraino diren ados galdetu die herritarrei. Katalanez mintzo direnen %78k 8, 9 edo 10 punturen adostasuna agertu dute. Katalanez ez dakitenen artean %44,8ra jaitsi da portzentajea. Baliteke espainiar askok nazionalista baztertzaile arrazistatzat jotzea lehen multzoko lagunak. Zenbat espainiarrek uste dute espainieraz tutik ere jakin gabe benetako espainiarra izan zaitezkeela?
Eta berton? Zenbat herritarrek pentsatzen dute euskara nahitaezkoa dela euskalduna izateko? Euskalduna, ez euskal herritarra. Erantzunak, euskaldunenak eta erdaldunenak, aztertzeko modukoak izango lirateke. Areago adinaren arabera banatuta egongo balira. Euskalduna zenbat eta zaharragoa, orduan eta argiago du euskara gabe ez zarela euskalduna. Zalantzak ditut gazteen artean ikuspegi hori nagusi ote dugun. Euskaldun erabat elebakarrik balego, ez luke dudarik egingo, beren burua euskalduntzat duten basko erdaldunen hizkera entzunda: «Hauek euskaldunak dira, eta ez naute ulertzen? Ni euskalduna naiz, eta ez ditut ulertzen?».
Ordea, argi dago zer joera hedatzen ari den. Lan eskaintzetan aspaldi hasi ginen euskaraz dakiena edo euskaraduna eskatzen, ez euskalduna. Uko egin diogu geure izaeraren muinari. Besteen ezjakintasuna, euskaldun hitzak funtsezkoa duen oinarrizko esanahia ez ezagutzea, geure buruaren pertzepzioa desitxuratu eta aldatzen ari da. Euskarak euskaldun egiten gintuen lehen. Orain, erdarak ere bai, antza.
Audrey Mageek keinuei erreparatuz bereizten zituen familiaren dendara sartzen ziren haur katolikoak eta protestanteak. Guk soilik hizkuntzaren bidez genekien, txikitan, euskalduna nor zen eta nor ez. Argi genuen. Gaur, agian, euskal Audrey Magee batek euskalduntzat joko ditu bere testuen hizkuntza guztiz arrotz duten umeak. Ez nintzateke harritu ere egingo.