Pastor
Darwin eta gu

Taylor Williams San Mamesen

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Madrilen izan da Taylor Swift. Ez dira gutxi bertara joan diren euskal herritarrak edo kantari estatubatuarra beste nonbaiten ikusiko dutenak. Eta ez dira gutxi jarraitzaile horiek —gehienak gazteak— kritikatu dituztenak. Haien pentsaera, jokaera, biziera edo janzkeragatik. Zergatik?

Duela 40 urte ez genuke unibertsitateko irakasle edo ikaslerik ikusiko Athleticen kamiseta jantzita gelaren barruan. Are gutxiago egun horretan San Mamesen partidarik ez bazegoen. Orain ohikoa da klasean Iñaki Williams, Iker Muniain edo Unai Simonen alter ego-ak egotea. Ikasle batzuk Taylor Swift bezala agertuko balira gelan, purpurina eta guzti, frikitzat joko genituzke, seguru egon. Non da diferentzia?

Iraganaren zantzurik ez. Beste aro batean bizi gara. David S. Marx kazetari estatubatuarrak Status and Culture liburuan (2022) azaldu duenez, azken bi hamarkadetan «gero eta artista gutxiagoren inguruan eraitsi da kultura». Haren ustez, celebrity horiek ospe izugarri handia lortu dute, industriaren sostenguari esker, epe luzean irauteko. Olivier Lamm-ek horixe defendatu du Libération egunkarian: Madonna, Lana del Rey, Beyonce edo Taylor Swift bera sortu ziren garaiko masa-kulturak apenas du zer ikusirik oraingoarekin. Internetek sare mediatikoan eragin duen haustura dugu hori gertatu izanaren arrazoi nagusietako bat.

Futbolean antzera gertatu da. Nonahi dugu. Futbolak legitimazio, atxikimendu sozial itzela bereganatu du. Lehen ez bezala, pertsona progresistenak ere izan behar du futbolzalea orain. Futbola maite ez baduzu, piztia arraro bezain susmagarria zara. Bizitza baloi puztu ederra dugu, 90 minutuko istant alferra. Eta heriotza epaileak abisatu barik adieraziko digun amaiera setatia, inoiz geldituko ez dugun azken penaltia.

Kapitalismoaren ikonoa izan daiteke Taylor Swift. Negozioa. Zer da futbola, baina? Ez aipatu orain Eduardo Galeanok kirol honen epikari buruz idatzi zituen testuak. Ez esan jokalari batek gurasoen sorterrian garapen proiektuak bultzatu dituela. Kantari ugari —Taylor Swift barne— berdin-berdin egiten ari dira han-hemenka. Eta, hala ere, larrutzen segitzen dugu. Balioak? Edozein futbol zelaitan, txikiena izanik ere, matxismo, arrazakeria eta homofobia maila askoz handiagoak ditugu Taylor Swift-en kontzertu erraldoienean baino. Inon ez da azaldu Taylor Swiften eta Beyonceren jarraitzaileek hitzordua lotu dutela poligono batean elkarri muturra berotzeko. Edo taberna batean jendea oihuka hasi dela eztabaidatzen: «Non abestu zuen ondoen Taylor Swiftek Ours? Non Lover?».

Athletic, Reala, Osasuna edo Alaves gure nortasunaren ezinbesteko muina direla argudiatuko dute zale askok. Mesedez! Ez gara bizi, ba, izaera, identitate, harreman eta maitasun likidoen sasoian? Ezin da euskalduna, euskaltzalea, independentista izan futbolik gabe? Euskal futbol talde batek zure bihotzean lekurik ez badu, ez zara euskal herritarra?

Taylor Swift baino lehen bazegoen Euskal Herria. Euskal futbol taldeak sortu aurretik ere bazen herri bat, Pirinioen bi aldeetan dantzatzen zena. Galdetu Xahori. Sabino Aranak Athletic sortu baino bost urte arinago egin zuen Larrazabalgo hitzaldia. Arturo Kanpionek Osasuna zulo beltz batetik irten aurretik idatzi zuen euskaldunei buruz. Futbolik gabe gaur bezain euskaldun izaten segituko genuke. Edo egun bezain erdaldun.

Futbolak egingo gaitu euskaldun? Gabarraren egunari erreparatzen badiogu, ez. Asier Villalibre eredugarriaz aparte, non zeuden Athleticeko jokalari euskaldunak? Taylor Swiftek inoiz San Mamesen kantatu eta euskaraz zerbait esango balu, errazago hurbilduko lirateke euskararen mundura milaka gazte. Eta jokalari baten kamiseta jantziko balu, zer esanik ez. Edozein erakunde edo talde publiko edo pribatuk baino kanpaina emankorragoa egingo luke euskararen alde. Taylor Swift AEKren datorren ikasturteko kanpainaren ahotsa eta irudia? Harrika nazazue, nahi baduzue, baina oraintxe bertan sinatuko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.