Kazetariak streaming berba erabili du eta solaskideak elkarrizketan ingelesezko hitzik ez sartzeko eskatu dio, «gaixotu» egiten da eta: «Gizarte honek erabat entregatu dio arima ingeles madarikatuari». Gizonak pasadizo bat kontatu dio jarraian: «Luze ez dela Nizako aireportuan Le Monde erostera joan nintzen. ‘C’est combien?’, esan nion neskari. Eta hark ingelesez erantzun! Orduan zera galdetu nion, zer zela eta ingelesez, frantsesez hitz egin banion. Eta berak, ingelesa hizkuntza unibertsala dela. Eta begira, barren-barrenetik atera zitzaidan: ‘Ez, andrea, ez. Hizkuntza unibertsala euskara da!’».
Ingelesa hizkuntza unibertsala. Ingelesa nonahi. Ez du transmisio arazorik. Euskarak, aldiz, bai. Hori dela eta, egoerari buelta emateko jauzia eman beharra nabarmendu dute Imanol Pradalesek eta Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariek, Elkar taldeak Adunan (Gipuzkoa) dituen instalazioetan batu eta gero.
Izan ere, euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sareak Bilbon egin duen bileran. Erakunde horretako lehendakari Elin Haf Gruffydd Jones eta idazkari nagusi Davyth Hicks izan dira bertan. «Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira», azaldu dute hedabide honetan zabaldutako elkarrizketan. Hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira, bai. Hala ere, beste edozein eskubide defendatzeko prest dauden hainbat lagunek ez dute bat egingo ideia horrekin. Sarri ondoen dauden mintzairen hiztunak dira pertsona horiek.
Hicks Bartzelonan izan zen duela zortzi urte. Penintsulako hamar milioi katalan hiztunak diskriminatuta daudela esan zion La Vanguardia egunkariari. Elkarrizketatzaileak, bere burua xarnego-tzat duenak, diskriminazioa non zegoen esateko eskatu zion, harriturik. Hicksek errepaso ederra eman zion: «Epaitegi ugarik katalan hiztunak diskriminatu eta umiliatzen dituzte. Katalanek ezin dituzte pelikula edo serieak katalanez bikoiztuta ikusi; enpresa ugarik ez dituzte etiketak katalanez jartzeko arauak betetzen; estatu espainiarrak hizkuntza murgiltze-eredu katalana mehatxatzen du…».
Beste mintzairak baztertzen dituzten estatuak, erakundeak, legeak, arauak eta debekuak dira zapaltzaileak
«Europan 84 hizkuntza daude eta duintasun bera dute denek», esan zuen ELENeko buruak solasaldian. Katalana, euskara, galegoa eta gaztelera erabat koofizialak izatea proposatu zuen. Eta gero: «Zergatik gaizki tratatu hainbeste hiztun? Ez dut ulertzen Espainian katalanaren kontra sumatzen dudan beldurra, erresistentzia ia inkisitorial hori». Abisu eman zuen: «Espainiak katalana defendatzen ez badu, gero eta katalan gehiagok nahi izango dute Espainia horretatik joan». 2016a zen, Kataluniako erreferenduma baino urtebete lehenago.
Urte hartan elkarrizketa egin zioten Paco Ibañezi. Erabakitzeko eskubidearen aurka egotea kritikatu zuen kantariak, bera independentziaren aldekoa izan ez arren: «Independenteak izan nahi badute, nor zara zu haien bizitzan sartzeko?». Gazteleradunei beste hizkuntzak errespetatzeko eskatu zien. «Herri baten hizkuntza herriaren arima da», segitu zuen.
Hizkuntza herriaren arima. Hizkuntzaren balioa. Hizkuntzaren prestigioa: ingelesa, espainiera, frantsesa... Hizkuntzak, berez, ez dira zapaltzaileak, komunikazio tresnak baizik. Beste mintzairak baztertzen dituzten estatuak, erakundeak, legeak, arauak edo debekuak dira zapaltzaileak. Eta nagusitasun hori baliatuta beren hizkuntza besterik ikusten ez duten herritarrak.
Paco Ibañez Gorostidik 90 urte beteko ditu azaroaren 20an. Aita valentziarra zuen. Ama, ordea, euskalduna. Adunakoa, hain zuzen ere. Kantaria Gipuzkoako herri horretan bizi izan zen umetan. Euskara ez zaio arrotz. Paco Ibañezek espainieraz kantatu du batez ere –euskaraz ere bai–. Gongora, Quevedo, Blas de Otero, Gabriel Celaya eta Rafael Albertiren poemak musikatu ditu. Hala eta guztiz ere, ingelesaren aurrean espainiera ez, euskara aldarrikatu zuen, bihotzez aldarrikatu ere. Euskara defendatu zuen. Kanpoan, ez hemen. Nizan, ez Alkizan. A cabalgar, a cabalgar…