Pastor
Darwin eta gu

Madril, txibierroak eta Richard

2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mezua Whatsapp bidez helarazi dizu bidaia-agentzia ezagunak: Madril zain duzu. Turismo-kanpaina Espainiako hiriburura joateko. Eta zeure buruari galdetu diozu: «Zer galdu zait Madrilen?». Ez da Espainiaren kontrako erreflexua. Ez dut inolako arazorik izan Espainiaren ustezko esentzia sakratuari Madrilek baino hobeto eusten dioten parajeetan ibiltzeko: Valladolid, Salamanca, Burgos... Ez da hori arrazoia. Madrilera lanerako edo nahitaezkoa den zerbaiterako joan beharko banu, tira, baina turista?

Madrilek ez nau inoiz erakarri. Ez lehen, ez orain. Zergatik? Zergatik ez duzu maite mentazko izozkia, sekula dastatu ez baduzu? Ez nuke azaltzen jakingo. Madrilgo kontua ere ez. Movida madrileña sortu zenean, mundua Madrilen hasi eta amaitzen zela pentsarazi nahi ziguten garaietan... orduan ere ez. Giroa pil-pilean zegoen diktadorea hil berritan. Malasaña Malasaña zen, jende alternatiboa eta progrerio guztia bertaratzen ziren. Sortzaile, artista eta bohemio espainiarren meka zen hiriburua. Areago: zenbait lagunen aburuz, mundu osoko kulturaren ardatza, ia-ia. New York? Madrilgo auzo bat.

Leku ederra izango da Madril. Toki erakargarri eta ikuskizun ugari ditu. Halarik ere, gehienez dozena bat aldiz izan naiz Espainiako hiriburuan. Normalean pasadizoan egon naiz, norabait joateko bidean. Inoiz ez bi gau jarraian. Aurreiritziak izango ditut hara sarriago ez joateko? Baliteke, baina ez uste bezain sendoak, ezta hurrik eman ere. Bihar Puerta del Sol mundu osorako eredu iraultzaile esperimentalaren zero kilometroa izango balitz, agian noizbait hurbilduko nintzateke alde horretara, jakin-minak bultzatuta. Agian. Orduan ere, kostata. Ez da halakorik izango, ordea. Madril soziologikoa inoiz baino eskuindarragoa da. Podemosen emaitza Alvise fatxarena baino eskasagoa izan zen 2024ko hauteskundeetan: botoen % 4,5.

Jende jatorra dago Madrilen. Egongo ez da, ba. Alta, iritziak iritzi, Garibaldi tabernako Fidel mojitoa oasi dugu Larios eta Bombay Sapphire ginebren basamortuan. Tabernako menua izen deigarriekin osatu dute, kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokak gogoan, baina kasu eman: metropolien hizkuntzez. Haien Espainia plurinazionaleko beste mintzaerei keinurik ez. Jaki beganoen atalari no me llame ternera deitu idiote. Marka da gero. Iritzia eskatu diete Josu Urrutikoetxeari eta Jordi Evoleri? «Si Madrid no nos respeta, seguirá creciendo ETA», idatzi zuen Montxo Goikoetxea zenak bere testu zorrotzetako batean. ETA ez da gehiago hazten. Madrilek errespetatu egiten gaitu ala jasan beharreko norteño bitxiak baino ez gara, apur bat gozatu beharrekoak gure botoa gura dutenean?

Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela esaten dute kosmopolitek. Nora bidaiatzen duzun. Eta Madrilera joanez gero nazionalistago bihurtzen bazara? Afera bidaiatzea bada, barkatu bilbotarkeria, baina askoz hobeto ibiltzen naiz Londres, Paris edo Berlingo metroetan Madrilgoan baino. Azken batean, Espainiako hiriburuan baino egun eta gau dezente gehiago igaro ditut hiri horietan. Ahokada handia da, baina egia.

Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela esaten dute kosmopolitek. Nora bidaiatzen duzun. Eta Madrilera joanez gero, nazionalistago bihurtzen bazara?

Madril. No pasarán. Eta pasatu egin ziren, ederki pasatu ere. Zer zen orduan Madril? Zer da orain? Non dute masa kritikoa, benetan eragin diezaiokeena? Otsailaren 5ean kontzentrazioa egin zuten antzinako DGS Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean memoriaren aldeko ekintzaileek Francoren diktaduran tortura-gune nagusia izan zela salatzeko. Ez pentsa jende asko bildu zenik. Bukaeran pegatina bat itsatsi nahi izan zuten eraikina zer izan zen gogorarazteko. Poliziak ez zien utzi.

Otsailean ere Nazioarteko Goya Saria eman zioten Richard Gereri Madrilen. Emazte galiziarrarekin joan zen saria jasotzera. Hura zoramena. Richard gora eta Richard behera. Eta halako batean, kazetari baten galdera: «Dastatu duzu Madrilgo txibierro ogitartekoa?». Madrí, Madrí, Madrí. Cañas y libertad. Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da, badakizu. Madril zain duzu. Nein, Danke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.