Pastor
Darwin eta gu

Komunismoa eta danborrada

2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Urtarrileko arratsalde hotz lehorra da Bilboko auzo pobreenean datu sozioekonomikoen arabera. Oraindik ez dira nerabeak eta sekulako sakelakoa dute eskuetan. Haien ondoan gurasoak doaz. Bi mutikotxoek aurrerantz segitu dute. Beharbada, urte batzuk barru garraio publikoan musika ozenki entzuten ibiliko dira. Batek jakin nagusitan elkarren etsai bihurtuko ote diren oraingo lagun minak: horietako batek lanpostu baten iragarkia ikusi eta, biak egoera eta behar ekonomiko berdinetan egon arren, ez dio ezertxo ere esango besteari. Ni, ni eta ni. Kapitalismoaren lehia bortitz gupidagabea. Oihaneko legea.

Halakorik ez zuen bizi izan Malgosia Bela modelo poloniarrak, El Pais egunkari espainiarrari adierazi dionez: «Hamabi urte nituen Polonian komunismoa erori zenean. Beraz, ez nintzen oraingo munduaren kultura kontsumistan hezi. Ezer gabe hazi nintzen eta horrek gauzei oso atxikia ez izaten lagundu zidan. Komunitate giro batean hazi zen kumea ere banaiz, nolabait, non inork dirurik ez zuen. Horrek ez du esan nahi dohakabea nintzenik, ezta premia handia nuenik ere, baizik eta gauzak gehiago estimatzen nituela, ez bainituen segurutzat jotzen. Eta heziketa ona izan nuen eskola publiko batean».

Oso hezibide zorrotza izan zuela nabarmendu du emakumeak: «Arau mordo bati segitu behar nion. Baina esan behar dut gaurko mundu kaotikoan, non denak balio duen, gazteekin enpatia izan besterik ezin dudala egin, eta ulertu zergatik dauden hain galdurik. Niri arauek nolabaiteko segurtasun zentzua eman zidaten: banekien ongia eta gaizkia bereizten eta horrek asko lagundu zidan New Yorkera heldu nintzenean».

Ez da bakarra, hori pentsatzen duena. Irakurle batek antzeko iritzia azaldu du: «Ez dut komunismoa ezartzearen alde egingo, baina kapitalismo basa honek oso heziera eskasa sortu du. Dena da kontsumoa, metaketa nahasia (kontsumo handirik gabe kapitalismoak ez dezake bizirik iraun), araurik eza, okerreko askatasunean oinarritutako heziketa, non denak balio duela baitirudi».

«Zer ez genuke egingo geure helburua lortzeko moduak ondorio legalik izango ez balu edo inork horren berririk jakingo ez balu?»

Denak balio du, horixe. Mugarik ez gurariei. Utilitarismo hutsa. Lehen kontaktuak eta entxufea zirenak Networking Relationships dira orain —ingelesez askoz dotoreago jotzen dute, bai—. Ondo dago anbizioa izatea, baina inolako eskrupulurik gabeko handinahia izatea beste kontu bat da. Lagunaren burua zapaldu behar baduzu, aurrera. Zer ez genuke egingo geure helburua lortzeko moduak ondorio legalik izango ez balu edo inork horren berririk jakingo ez balu?

The Third Man filmean (Carol Reed, 1949) penizilina diluitua saltzen ari da Harry Lime (Orson Welles) gerra osteko Vienako merkatu beltzean. Jendea gaixotzen eta hiltzen ari da horren ondorioz. Noria erraldoi batera igo dira Harry eta Holly Martins (Joseph Cotten), Austriako hiriburura haren bila joan den adiskidea. Martinsek haren biktimen bat ikusi ote duen galdetu dio txikitako lagunari. «Begira horra behera. Errukirik izango zenuke puntutxo beltz horiengatik, mugitzeari utziko baliote? 20.000 dolar eskainiko banizkizu geldituko litzatekeen puntutxo bakoitzeko, dirua gordetzeko esango zenidake ala zenbatzen hasiko zinateke ea zenbat puntutxo geldiarazteko gai izango zinatekeen? Eta zergetatik libre, lagun!», erantzun du Harryk noriatik behera begira.

Urtero bezala, noria jarri dute Donostian Eguberrietan. Harry eta Holly ez dira bertan egon, baina baliteke etorkizuneko euskal marrazo bat noria horretara igo izana, oraindik ume edo nerabe. Urtero bezala, Gabonen bueltan azterketak egiten dituzte unibertsitatean. Urtero bezala, San Sebastian egunean azterketarik ez egiteko eskatu diote ikasleek irakasleari. Eta hark proba eguna aldatu die, festara joan daitezen. Berdin dio hainbat ikasle donostiarrak edo gipuzkoarrak ez badira. Arauak? Horiek diktadura komunisten kontuak dira. Pozik eta alai bizi nahi dugu. Beti bete apetak; bestela, ume kasketak. Zoriontsuak izan nahi dugu diktablanda kapitalistaren askatasun plastifikatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.