Pastor
Darwin eta gu

Ama ala emakumea?

2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Ingeniaria zen eta multinazional batean egiten zuen lan Munich ondoan. 30 urte inguru zituen. Udaberrian Thailandiara joatekoa zen mutil-lagunarekin. Bidaia aspaldi zuten planifikatua eta ordaindua. Hogei egunez Asia Hegoaldeko uharte zoragarrietan. Hoberik ez, zeinen ondo! Eta orduan ezustea etorri zen: aita egun batetik bestera koman ospitalean. Bizirik irteteko oso aukera gutxi zituela azaldu zidan lagunak. «Akabo oporrak», esan nion nik, inozentea naizen honek. Beste garai batekoa nintzela ohartarazi ninduen Andreasek: «Hemen geratzeak ez luke ezer konponduko. Nik ez dut aita berpiztuko. Ez dago nire esku».

Alemaniarra zen; beraz, bidaia-asegurua kontratatua zuen —zilegi bekit topikoa—. Dirua itzuliko zioten. Bazuen familiaren ondoan egotea. Ez zuen aita suspertuko, baina etxekoekin izango zen une horietan. Alferrik. Eta Asia urrunean zegoen bitartean aita hilko balitz? Ez zen garaiz iritsiko hiletara. Krabi aldean margarita bat edanez agurtuko zuen aita? Zure izenean eta neure gizenean! Azken batean, aita koman badago, zer egingo duzu zuk, medikuntzak ezin egin dezakeenik edo gure jainko maiteak egin nahi ez duenik?

Noraino heltzen da maite dugun jendearenganako erantzukizuna, ardura? Mugarik behar luke? Urteak igaro dira Andreas Thailandiara joan zenetik, baina kontu hura ekarri dit gogora Iñigo Errejonen kasuaren harira sare sozialetan irakurri dudan mezuak. Politikari espainiarra salatu duen emakumea larrutu dute testuan. Neska hark esan zuenez, taxi batean zihoan Errejonekin, festa batera edo. Kontua da aitak mezu bat bidali ziola alabatxoak sukar puntu bat zuela jakinarazteko, neskatoa aitonaren etxean utzi baitzuen amak parranda egin aurretik. Eta, kasualitatea, haurrak gau hartan hamarren batzuk eduki.

Neska horren portaera kritikatzeko mezua hedatu du andre batek: «Parranda utzi eta aitaren etxera bueltatu behar zuen alaba hartzeko. Lehenengo, ama zara; gero, emakumea». Rolaren itzala. Neskak festa egin nahi zuen, ondo pasatu. Sexua ere bai, seguruenik, gustuko aukera izatekotan —gero zapuztu egin zen dena, baina hori beste kontu bat da—. Hala ere, alaba txikia gaixotu egin zen. Uko egin behar desirari. Hori agintzen du gizarteak. Lehenengo, ama zara; gero, emakumea.

«Aita ala gizona, zein nabarmentzen da halakoetan? Joera aldatzen ari dela esango nuke, baina ez da emakumeen mailara ailegatu»

Maitasun erlazio batean entzun zuen gauzarik txarrena zein zen galdetu zioten andre bati elkarrizketa batean. «Ama nintzela gogoraraztea», erantzun zuen. Une hartan amatasuna irudikatzeak barruan kiskaltzen zegoen emakumearen sua itzali eta haragiaren irritsa hil zuen. Ama izatearen ardurak ezartzen duen begirada soziala eta zama ez dira edonolakoak. Zapatu gaueko hitzordu batean ez galdetu haurrei buruz andre bati. Arriskua dago hark «orain ez gogoratu ama naizela» erantzun eta giroa izorratzeko. Hitzordua elkartu baino lehen ere joan liteke pikutara: «Barkatu, baina gaur ezin dut, umea gaixotu egin da eta». Haurra ez dago koman ospitalean, kalentura besterik ez du, oso-oso gutxi, baina nahikoa da zita bertan behera uzteko. Ama emakumeari gailentzen zaio.

Aita ala gizona, zein nabarmentzen da halakoetan? Joera aldatzen ari dela esango nuke, baina ez da emakumeen mailara ailegatu. Izan ere, gizarteak —eta norberak sarri askotan— desberdin begiratu eta irizten die bi kasuei.

Gizonarekin laxoago jokatu ohi dugu. «Halako andre batekin hitzordua baztertu duzu sukar pixka batengatik? Umea ez zenuen, ba, amonaren etxean utzi, txotxolo horrek?». Emakumea, aldiz, ia behartu egiten dugu bere ustezko rolari eustera. Berdin dio Brad Pitt-en bikiarekin lotu bada. Horixe espero dugu berarengandik. Halaxe egin behar du amatxo onaren irudiari eusteko. Areago maitasun erromantikorik gabeko jarduera basati lizunean gozatzeko asmoz joan bada. Mesedez! Errazago onartuko diogu aita koman utzi eta Thailandiara joatea ume txikia eztulka duela jakin eta autoaren barruan mandinga bati Izturitzeko txirula jotzea baino. Ama ala emakumea? Zein da lehen-lehena oraindik ere?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.