Pastor
Darwin eta gu

Alu alaia eta aitatasuna

2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Film bat aukeratu eta hari lotutako titulu bat pentsatzeko esan du irakasleak. Mamma Mia musikalaren alde egin du neska batek. Zergatik? Arrazoiak argudiatzen hasi eta, halako batean, gelditu egin da. «Pelikula hori, neska, protagonista…». «Zer?». Ez atzera, ez aurrera dago. «Ez, ez dut esango…», segitu du, aztoratuta. Zain ditu beste ikasleak. Gelakideek zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta lotsagorrituago bera. «Neska protagonista, zera dela pentsatuko dute… ez, ez dut berba esan gura». Ondoko mutila ausartu da hitza esaten: «Urdanga, urdanga esan nahi duzu, ezta?».

Urdanga. Gizon bati ez diogu hitz horri dagokion portaera aurpegiratuko. Andrazkoei, bai. Neskek ere erabiltzen dute berba hori beste emakume bat definitzeko eta, bide batez, inork ez dezan pentsa haiek halakoak direnik. Mutil bati inoiz ez diogu entzungo beste mutil bat guarrillo bat denik.

Mamma Mia filmean Donna Sheridan (Meryl Streep) da protagonista. Haren alaba Sophie-k ez du aita ofizialik. Izan ere, amak hiru gizon lirainekin egin zuen larrutan hileko berean. Eskandalua. Bestela izan balitz, arauek agintzen duten amodio harreman tradizional batean izan eta ezustekoan haurdundu, orduan onargarriagoa izan zitekeen. Ez da hala izan. Gogo lizunaren eroaldi hezeaz gozatu du neskak. Eta hori bekatu barkaezina da. Mutil batek hiru neska turista ederrekin egin dezake larrutan lau astean Grezian —eta Euskal Herrian— eta zeruetara igoko dugu heroia. Neska batek hiru mutilekin egin hilabete eskasean? Halako alu alaia da urdanga galaia?

Pelikulan Donna dugu heroia. Emakumeak bere egiten du kamaki-aren figura. Joan den mendearen erdialdean turismoa garatzen ari zen Grezian eta bertako gizonak Europa iparraldeko neska ilehorien arrantzan zebiltzan udan. Bai, arrantzan. Izan ere, kamaki arpoia da grezieraz. Gero, kamaki-ek balentriak kontatzen zizkioten elkarri portuko tabernan, ouzo hordialdi baten karietara. Donnak, aldiz, ezin ditu konkistak aireratu. Harrikatu egingo lukete. Hiru turistarekin egin du txortan eta, gainera, haurdun dago.

Bai, erraz eramaten dugu haur-kotxea kalean, baina aitatxoren abizena bigarrena izatea beste kopla bat da

Sophiek aita zein duen jakin nahi luke klaseko neskak. Filma ikusi dutenek ere bai. Pelikulan bezala, aitatasuna inoiz ez da zeharo segurua egunerokoan. Horrek eztabaida sor dezake legeak egokitu beharrari buruz. Uruguaiko Legebiltzarraren Herritar Parte-Hartzerako Programak Behe Ganberara ekimenak bideratzeko aukera ahalbidetzen dio edozein talde edo laguni. 2024ko proposamen bitxienen berri eman du Montevideoko El País egunkariak. Horietako bat: aitatasuna soil-soilik DNA proba baten bidez onartzea.

Badirudi proposamenak ez duela aurrera egingo, guk guztiok jakin arren soilik amak duela ume baten gurasoa izatearen segurtasun erabatekoa. Egun deituren ordena alda daiteke. Amarena ere ipintzen dugu bigarrena denean. Inoiz ez jartzea baino hobea da, baina, funtsean, adabakia: lehen ikusezina zen bigarren abizena; orain ikusgai dugu, baina ezetz asmatu norena den kasu gehienetan? Logikaren guztiz aurkakoa da aitaren abizena lehenestea, logika hori patriarkatuarena ez bada. Beste edozein kontutan arazorik gabe onartuko genuke duda izpirik gabe, %100ean, seguru eta egiazkoa dena. Gurasotasunaren arloan, aldiz, ez. Zergatik?

Arau franko ezarri dira hemen gobernu edo, areago, herri dekretuz. Txalotu, onartu edo irentsi egin ditugu ongizate komunaren aldekoak direlakoan. Hain erraz onetsiko genuke abizenei buruzko agindu bat, bete beharrekoa? Esaterako: 2026tik haur guztiek amarena izatea lehen abizena. Legez. Ez orain esan hori inposizioa dela eta egun aukera dugula amaren abizena lehena ipintzeko. Ez du balio, funtsean statu quo-ari eusten diolako. 2.000 urtean aitaren deitura inposatu da, logika guztiaren kontra. Zergatik ez beste 2.000 urtean amarena, arrazoi osoz? Bai, erraz eramaten dugu haur-kotxea kalean, baina aitatxoren abizena bigarrena izatea beste kopla bat da. Ezta, amici? Lehen abizena amarena ezinbestean? Mamma mia!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.