Osakidetzako sindikatu guztiek grebara deitu hilaren 23rako eta 24rako. Bada, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren iritziz, Osakidetzako langileen lan baldintzek "ez dute justifikatzen" bi egunetako lanuztea. Grebara maiatzeko hauteskundeak baino lehenago deitu izana nabarmendu du Darponek: "Gustatzen ez zaizkigun konotazioak ditu deialdiak".
Osasun sailburuak onartu du langileek soldatak izoztuta dituztela azken bost urteetan. Hala ere, uste du "soldata guztiz duinak" dituztela Osakidetzako langileek, "ziurrenik sektore publikotik kanpokoak baino hobeak". Lan orduei ere erreparatu die: "Zein sektoretan egiten da lan 1.614 ordu? Ziurrenik inon ez. Ez industrian, ez ostalaritzan, ez zerbitzuetan".
Azken hilabeteetan egindako mobilizazioei jarraipena emanez, sindikatu guztiek elkarrekin egin dute greba deialdia: SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak, ELAk, LABek, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, FFHE Euskadiko Ospitaleetako Medikuen Federazioak, CCOOk eta UGTk.
Sindikatuek aldarrikatzen dute Osakidetzan lanpostuak sortzea lehenetsi behar dela, langileen lan karga arintzeko, eta horrela zerbitzu "duina" eskaini ahal izateko herritarrei. Langileek salatu dutenez, ia 5.000 lanpostu kendu dituzte azken urteetan.