«Sormena oinarri eta helburu» duen proiektu batek jaso du aurtengo ikus-entzunezko Argia saria: DAPA egitasmoak. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak (Gipuzkoa) sortua da, eta BERRIAren webguneko Kultura sailean ere ikusgai dago. «Euskal Herri luze-zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak beraiek protagonista eta narratzaile dituztenak», epaimahaiak azaldu duenez.
Euskarazko komunikazio lanei aitortza egiten hasi da gaur Argia aldizkaria; pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, webgunearen bidez ematen ari da sarion berri, Usurbilgo Atxega jatetxean (Gipuzkoa) egin izan duen ekitaldiaren ordez: gaurtik larunbatera, egunero emango du sari bat. Ikus-entzunezkoa izan da lehena, eta beste bost banatuko ditu: prentsa, Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria.
Bi urte ditu DAPA proiektuak, eta 27 dokumental labur plazaratu dituzte denbora horretan. Kontatu dutena ez ezik, kontatzeko modua ere txalotu du epaimahaiak: «Bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Artisten lanak merezi duten moduan ekartzeagatik da DAPA ikus-entzunezko narrazioentzat aurtengo ikus-entzunezkoen saria».
Kulturaz kooperatibako eta DAPAko lantaldeko kideek esker onez jaso dute aitortza hori. Nora Alberdi Odriozolak bereziki eskertu du bidelagun izandako sortzaileen prestutasuna. «Gure xedea da euskal kulturari bizirik eta osasuntsu eusten saiatzea», erantsi du Jose Luis Otamendi Etxabek.