«Sormena oinarri eta helburu» duen proiektu batek jaso zuen atzo aurtengo ikus-entzunezko Argia saria: Dapa egitasmoak. Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak sortua da, eta BERRIAren webguneko Kultura sailean ere ikusgai dago. «Euskal Herri luze-zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak protagonista eta narratzaile dituztenak», epaimahaiak azaldu zuenez.
Euskarazko komunikazio lanak saritzen hasi zen atzo Argia aldizkaria; pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, webgunearen bidez ematen ari da sarion berri: astelehenetik larunbatera, egunero emango du sari bat. Ikus-entzunezkoa izan da lehena, eta beste bost banatuko ditu: prentsa, Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria.
Bi urte ditu Dapa proiektuak, eta 27 dokumental labur plazaratu dituzte denbora horretan. Kontatu dutena ez ezik, kontatzeko modua ere txalotu zuen epaimahaiak: «Bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Artisten lanak merezi duten moduan ekartzeagatik da Dapa ikus-entzunezko narrazioentzat aurtengo ikus-entzunezkoen saria».
Kulturaz kooperatibako eta Dapako lantaldeko kideek esker onez jaso zuten saria. Nora Alberdi Odriozolak bereziki eskertu zuen bidelagun izandako sortzaileen prestutasuna. «Gure xedea da euskal kulturari bizirik eta osasuntsu eusten saiatzea», erantsi zuen Jose Luis Otamendi Etxabek.
Dapa ikus-entzunezko narrazioak saritu ditu 'Argia' aldizkariak
Kultura sortzaileei buruzko 27 dokumental labur argitaratu dituzte. Lehen Argia saria jaso dute; aldizkariak egunero emango du sari baten berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu