Dantzalekuetako atezainak: araudi lausoegi baten mende

Hego Euskal Herrian gaueko aisialdi aretoetako atezain izateko, gaitasun probak egin behar dira; tartean, test psikoteknikoak. Haatik, dudakoa da probak gainditzea aski den gatazkak kudeatzen jakiteko. Bada bestelako atezain profilak bilatzen dituenik.

Gasteizko Mitika aretoaren sarrera, itxita. L.RICO / EFE
Gasteizko Mitika aretoaren sarrera, itxita. L.RICO / EFE
edurne begiristain
2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zer ez da egin behar haserre edo suminduta dauden pertsonen aurrean? A: Adi egoteari utzi, batez ere ikuskizun motagatik, ordutegiagatik, ikuskizuneko publikoagatik eta abarrengatik liskarrak sor daitezkeela aurreikusten den lokal eta ikuskizunetan. B: Buruarekin baiezko keinuak egin. C: Solaskideari begira jarri. D: Ahots doinu hurbila eta lasaia erabili». «Indarkeria egoerak konpontzea onarpen zerbitzuko langileen eginkizuna da. A: Gezurra. B: Haien kontratuan hala agertzen bada, bai; bestela ez. C: Aurreko erantzun guztiak zuzenak dira. D: Egia».

Horra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpiehun lagun baino gutxiagorentzako lekua duten aretoetako atezain izateko —ofizialki, onarpen zerbitzuko langileak— egin behar den test psikoteknikoan erantzun beharreko galderetako bi. Lehen sorospenaz edota segurtasunaz ere badira galdera batzuk; 95 itaun, denera. KZgune batean egiten da testa, telematikoki. Hura gaindituta eta 40 orduko ikastaro bat eginda eskuratu ahal da titulua. Azterketara aurkezteko, baldintza hauek bete behar dira: adinez nagusi izatea, Europako Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea edo kasuan kasuko lan edo bizileku baimena izatea, aurrekari penalik ez izatea, eta, gutxienez, lehen mailako ikasketen ziurtagiria edo eskola gradua izatea.

Gasteizko Mitika aretoan izandako gertakariek agerian jarri dute gaueko aisialdiko lokaletako segurtasun langileen figura. Otsailaren 22an, 31 urteko gizon bat hil zen ustez dantzalekuko atezainetako batek —hura ere gizona— kolpea eman eta lurrera erorita; atezaina espetxera bidali zuen epaileak, homizidio delitua egotzita. Gerora jakin da atezainak aurrekariak zituela ustezko lesio delituengatik, eta Gasteizko Udaltzaingoa horren jakitun zegoela.

Gasteizko dantzalekuko gertakariak hainbat galdera utzi ditu mahai gainean: formakuntza egokia jasotzen al dute atezainek? Gatazkak egoki kudeatzeko trebatuta al daude? Nolako azterketak egin behar dituzte?

Araudiak zer dioen

Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuek arautzen dute aisialdi aretoen sarrera kontrolatzen duten langileen jarduna. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpiehun pertsonatan dago langa; horrek ezberdintzen du atean jarri behar duenaren egitekoa. Zazpiehundik behera lagunentzako aretoetan, onarpen zerbitzuko langileek egon behar dute. Hortik gorako edukiera duten establezimendu edo ikuskizunetan, berriz, segurtasun pribatua kontratatu behar dute Espainiako Barne Ministerioarekin hitzarmena duen segurtasun pribatuko enpresa baten bitartez.

Eta bada alderik bi figura horien artean. Onarpen zerbitzuko langileen lana aretoetako sarrera eta irteerak eta edukiera kontrolatzera mugatzen da, baina ezin dute, adibidez, miaketarik eta identifikaziorik egin. Segurtasun pribatuko langileek, ordea, badute eskubide hori.

2.707

 

EAEn atezain titulua dutenak. Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako datuen arabera, 2.707 pertsonak dute atezain titulua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1.359 gizonak dira, eta 1.348 emakumeak.

Eusko Jaurlaritzak 2022ko Joko eta Ikuskizunen lLgearen bidez arautua du atezainen jarduna; zehazki, lege horren ondoren onartutako 17/2019 dekretuak zehazten ditu lan hori betetzeko eskatzen diren baldintzak. Gaur egun, 2.707 pertsonak dute atezain titulua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 1.359 gizonak dira, eta 1.348 emakumeak —Jaurlaritzak ez daki horietatik zenbat aritzen diren gaueko aisialdi guneetan lanean—.

Gaueko aisialdiko segurtasunaren esparruan zegoen kontrolik eza konpontzeko asmoz erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak atezainen lana arautzea, duela hiru urte; horri esker, aretoetako sarrerak kontrolatzen dituzten langileen erregistro bat izan nahi du gobernuak. Dekretuaren 65. artikuluak aletu egiten ditu atezainaren lizentzia baliogabetzeko arrazoiak, eta horietako bat da «bere eginkizunak betetzean jokabide nabarmen bortitza izatea».

Nafarroan, iaz lehen probak

Nafarroan, 2011ko foru dekretu batean araututa dago dantzaleku eta abarretako onarpen zerbitzuko eta segurtasun pribatuko atezainen egitekoa. Hiru urte lehenago Madrilgo (Espainia) dantzaleku bateko atezainek bezero bat kolpeka hil ostean sortutako polemikak bultzatuta erabaki zuen Nafarroako Gobernuak gaueko lokaletako atezainen lana arautzea. Dekretua 2011n onartu bazen ere, foru gobernuak joan den urtera arte ez zuen urratsik egin hura praktikara eramateko. Nafarroan, aisialdi eta ekitaldietako areto ia denek izan behar dute onarpen zerbitzuko langile bat atean, eta areto bakoitzaren jabearen esku geratzen da segurtasun pribatua kontratatzea.

Iazko apirilean antolatu zituzten atezain izateko lehen azterketak Nafarroan, eta aurki amaituko dute aukeraketa prozesua. Gaur-gaurkoz, 300 bat lagunek egiten dute lan gaueko lokaletako atezain modura Nafarroan. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, lehen azterketa deialdira 150 lagun aurkeztu dira, eta horietatik 80 inguruk lortuko dute titulua.

Foru dekretuak zehazten du atezainek erabat debekatua dutela bortxa erabiltzea, ez bada euren burua defendatzeko, eta postuan aritzeko ezinbestekoa dutela aurrekari penalik ez izatea. Javier Ojer Segurtasun Politikak garatzeko zerbitzuko zuzendariak azaldu du enpresaburu askok «gorilak» nahi dituztela ateak zaintzen, eta, hain justu ere, hori amaiarazi nahi duela gobernuak. Atezainen inguruan dagoen irudia «garbitu» nahi dutela zehaztu du Ojerrek: «Gizartean dauden aurreiritziak apurtu, eta pertsona atseginagoak eta humanoagoak nahi ditugu atezain modura».

«Enpresaburu askok gorilak nahi dituzte ateetan. Guk, aurreiritziekin apurtu, eta pertsona atseginagoak eta humanoagoak nahi ditugu»

JAVIER OJERNafarroako Gobernuko Segurtasun Politiketako zerbitzuburua

Nafarroan atezain izan nahi duenak test psikologiko bat gainditu beharra dauka. Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuko Psikologia Sailak propio prestutako test bat da, eta haren bidez hautagaiek gatazkak kudeatzeko duten gaitasuna neurtzea da asmoa. Zehazki zer ari diren bilatzen laburtu du Ojerrek: «Aurrekari penalak dituztenak baztertu nahi ditugu».

Bestelako eredu bat

Dantzalekuen atariak aldiro bilakatzen dira jokabide bortitzekin lotutako albiste, eta, batzuetan, atezainak ere izaten dira albiste horien protagonista. Baina badira horrelako soslaiak dituzten langileak kontratatzea saihesten duten aretoak ere. Gasteizko Jimmy Jazz kontzertu aretoak, adibidez, publikoarekin tratu gertuagoa eta samurragoa duten pertsonak nahiago ditu postu horretan. Iker Arroniz jabeak azaldu duenez, indarkeriaz eta agintekeriaz haragoko eredu baten aldekoak dira: «Gu ez gara Madrilgo Razzmatazz edo Bartzelonako Apolo, non lantaldearen tratua askoz ere inpertsonalagoa eta gogorragoa den. Guk badugu halako lotura emozional bat jendearekin, eta askotan semantika lehenesten dugu bortizkeriaren gainetik».

Gasteizko Jimmy Jazz aretoak 672 pertsonarentzako lekua du, eta, legeari jarraituz, duela hiru urtetik hona aretoak berak kontratutako pertsona bat egoten da sarrera kontrolatzen, batez ere ostiral eta larunbat gauetan. Harekin batera, areto barruan beste sei bat lagun aritzen dira edukiera, jende pilaketak, liskarrak, larrialdi egoerak eta abarrak kudeatzen.

Jaurlaritzak eskatzen duen titulua dute denek, baina aretoko arduradunek uste dute hori ez dela nahikoa halako ardura bat hartzeko, eta, horregatik, langile horiek propio trebatzea erabaki dute. Musika Industriaren Elkarteak egindako bideari jarraituz, lehen laguntzarako ikastaroak ematen dizkiete segurtasun, ekoizpen eta ardura postua duten langileei, eta baita eraso sexisten aurkako beste ikastaro bat ere, Gasteizko Udalarekin elkarlanean. «Gure asmoa da langileek segurtasun hutsetik harago doan ikuspegi zabalagoa izatea».

Duela bi urte eskas sartu zen indarrean Joko eta Ikuskizunen Araudia, eta oraindik ez dira estuki aztertzen ari zenbateraino betetzen den. Jaurlaritzak, sarritan, ikuskaritzak egiten ditu segurtasun pribatua kontratatua dutenen aretoetan, baina zazpiehun pertsonatik behera hartzen dituzten aretoen gaineko kontrola ez da hain ohikoa.

«Zintzoki esanda: Mitikakoa gertatu arte, inor ez da arduratu gure egoeraz eta guztia ongi dagoela begiratzeaz»

IKER ARRONIZJimmy Jazz aretoaren jabea

Arronizek uste du instituzioek «oso modu lausoan» ikuskatzen dutela zenbateraino betetzen den gaueko aisialdiari lotutako segurtasun araudia. Kritikatu duenez, Mitika dantzalekuko gertaeren ostean, areagotu egin dira Jaurlaritzaren kontrolak zenbait astetan —Jimmy Jazz aretoari, adibidez, ehun euroko isun bat jarri berri diote bi langilek identifikazioa bistan ez eramateagatik—, baina uste du zerbait puntuala izan dela, eta gertaera horrek sortutako alarma egoerari lotua, neurri handi batean.

Hain justu, EH Bilduren eskariz Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Segurtasun zinegotziak eman berri dituen datuen arabera, azken asteetan Gasteizko 23 establezimendu ikuskatu dira; horietako hamaseiren aurka salaketa jarri du udalak, eta, gutxienez 11 kasutan, atezainek titulurik ez izatea izan da arrazoi nagusia.

Nolanahi ere, Arronizek instituzioen «utzikeria» sumatzen du gaueko aisialdiaren gaineko kontrolari eta langileen formakuntzari dagokienez. «Zintzoki esanda: Mitikakoa gertatu arte, inor ez da arduratu gure egoeraz eta guztia ongi dagoela begiratzeaz», kexu da. Kontrol neurriak betearazteaz harago, Eusko Jaurlaritzaren eta gaueko aisialdiko aretoen arteko «komunikazio falta» handia dagoela uste du: «Guk ongi egin nahi dugu gure lana, baina instituzioak ez ditugu bidelagun, eta gure jardueraren gaineko interes txikia erakusten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.