Daniel Dergi baldintzapean aske atera da, euroagindua aztertu bitartean

Uztailaren 27an aztertuko dute euroagindua; anartean, Cahors hiritik ateratzea debekatua zaio

Dergiren atxiloketa salatzeko Donibane Garazin joan den astean eginiko elkarretaratzea. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Daniel Dergi euskal preso ohia baldintzapean aske geratu da euroaginduaren azterketa arte. Baldintzen artean, Frantziatik ateratzea debekatua zaio,Cahors hirian gelditu behardu eta uztailaren 18tik aitzina hamabost egunetarik behin polizia etxera agertu beharko du. Hala jakinarazi zuen atzo Agen hiriko auzitegiak. Auzia berriz, uztailaren 27an iraganen da. Hori dela eta, epaileak onartu zituen herenegun Yolanda Molina abokatuak eginbi eskaerak: euroaginduaren azterketa atzeratzea eta anartean Dergi aske uztea. Molinak jakinarazi duenez, presondegitik atera eta utziko du ekainaren 6an, atxilotu zutenean hasi zuen gose greba. Sostenguz, lagunak eta senideak zain zituen Gradigneko presondegi aitzinean, ateratzeko orduan.

Horrez gain, Espainiaratze eskaerari buruz hainbat zalantza agertu ondoan, eskaera horri buruz zehaztasun gehiago galdetu dizkio epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Herenegun aztertu behar zuten euroagindua, baita Molinak egindako eskaerak ere. Auzia bertan behera utzi zuten, eskaerei buruz erantzuna biharamunean emanen zutela azalduz. Kazeta info-k zehaztera eman zuenez, atxilotua «ahuldurik» azaldu zen auzitegira, lau polizik inguratzen zutela. Hainbat lagun hurbildu zitzaizkion bertara, elkartasunez. Epailearen aitzinean, bere aurkako «konplota» salatu zuen, azalduz Espainiaren eskutan utzia izatea ezin zuela onartu.

Dergiren egoera gaitzetsi zuen atzo Askatasunak, eta larunbatean Baionan iraganen den manifestaziora hurbiltzeko deia berretsi zuen. Jakinez 1996tik 2008ra preso egona dela Frantziako kartzeletan eta 1994. urteko gertakizun bat leporatua zaiola, «gehiegikeritzat» jotzen du prozedura Molinak ere, haren iritziz «erabaki politikoa» delako. Eragile bat baino gehiagok dute Dergiren atxiloketa salatu, eta guztiek deitua dute larunbatean Baionan iraganen den manifestaziora. Besteak beste, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Batzordeak (CDDHPB), Euroaginduen Kontrako Kolektiboak, Angeluko NPA alderdiak eta Anai Artea taldeak dute Dergiren berehalako eta behin betiko askatzea exijitzen. «Militante bat eta haren familia suntsitzeko eta Euskal Herrian bidean den bake prozesua oztopatzeko erabaki politikoa da» Dergiri gertatutakoa, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez ere.

Manifestazioa larunbatean

Dergiren atxiloketaren biharamunean egin zuten ABk, Batasunak eta EAk manifestaziorako dei bateratua. Aterabide politikoa orain, Euskal Herriaren ezagupena. Presoen eskubide politikoa errespetatu eta errepresioaren gelditzea leloarekin abiatuko da Baionako Euskaldunen plazatik, 17:00etan. Atxiloketa «testuinguru politiko jakin batean» kokatzen dela azaldu zuten protestara deitzeko antolatu prentsaurrekoan. Batetik, Aurore Martinen Espainiaratzearen aurkako mobilizazio azkarrari eta Batasuneko kidearen Espainiaratzearen «porrotari» Frantziak zein Espainiak «erantzun errepresibo ezin pentsatua» eman dutela salatu zuten. Bestetik, Euskal Herriak xede duen prozesu demokratikoari begira, Espainiak gatazkaren konponbidearen alde urratsik egin nahi ez duela gaitzetsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.