Daniel Dergi atxilotzea «erabaki politikoa» dela salatu du AAMk

Goiz honetan ikertuko dute Dergiren aurkako euroagindua; hark gose greban segitzen du, egoera salatzeko

Hainbat gizarte eragilek eta Dergiren abokatu Yolanda Molinak hartu zuten parte atzoko agerraldian. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
«Militante bat eta haren familia suntsitzeko eta Euskal Herrian bidean den bake prozesua oztopatzeko erabaki politikoa da» Daniel Dergi euskal preso ohia atxilotu izana, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez. Hori azaldu zuen Askatasunaren izenean Emilie Martinek, atzo Baionan egin prentsaurrekoan. Haien ondoan egon ziren, halaber, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Batzordea (CDDHPB), Angeluko NPA alderdia eta Anai Artea, eta horiek ere Dergiberehalaaskatzeko exijitu zuten.

Guztiek bat egin dute Baionan larunbatean iraganen den manifestaziorako deiarekin. Dergi aska dezaten eta gatazka politikoakonpon dezaten exijitzeko, protestara deitu dute larunbaterako AB, Batasuna eta EA alderdiek.

Atxilotua «erabat asaldatua» dela jakinarazi zuen Yolanda Molinak, Dergiren abokatuak. Gose greban jarria da, eta «erabat deliberatua» dela ere jakinarazi zuen. Jakinez 1996tik 2008ra preso egona dela Frantziako kartzeletan eta 1994. urteko gertakizun bat leporatua zaiola, «gehiegikeritzat» jo zuen prozedura. Janine Beirie Etxerat-eko kideak ere, militanteak«fisikoki desagerrarazi nahiaren» beldurra azaldu zuen, eta zehaztu zuen azken denboretan errepresioa gogortuz doala.

Euroagindu hori «probokazioa» dela salatu zuen CDDHPBk, euroaginduaren aurka den mugimendu zabal eta askotarikoa ikusiz, Frantziako Estatuak «jomuga errazagoa» hautatu duela salatu zuen batzordeak.

Gaur goizean aztertuko dute Agengo auzitegian (Frantzia) euroagindua. Auziaren atzeratzea eskatuko du Molinak.

Bi estatuei eman mezua

«Bake prozesurantz joanen den erantzuna dugu bakarrik onartuko», azaldu zuen Martinek. Errepresioaren bukaera exijitu zieten Frantzia zein Espainiari, eta konponbide demokratikorantz urratsen egiteko. Oroitarazi zutenez, ETAk su-etena jakinarazi duenetik 52 euskal herritar atxilotu dituzte, horietarik 27, Frantziak, hots, «erdiak baino gehiago». Hori dela-eta Frantzia gatazkan eragile bat dela berretsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.