Ingurumena

Danborzaleak egitasmoa sortu dute, Jaurlaritza Mutrikuko portuan egitear den proiektu bat gelditzeko

Elkarretaratze bat egin dute gaur, proiektu horren aurrrean «planto» egiten dutela adierazteko. Erreferendum bat egin dezatela eskatu dute.

Elkarretaratzearen irudi bat, gaur, Mutrikuko hondartzan. DANBORZALEAK
Nagore Arin.
2022ko abuztuaren 28a
13:31
Entzun

Eusko Jaurlaritza duela ia hogei urte hasi zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portu zaharra berritzeko plan berezi bat ontzen. Urte asko pasatu dira plana diseinatu, onartu eta martxan jarri zutenetik, eta, eten luze baten ostean, irailean berrekingo diete duela hogei urte abian jarritako lan horiei. Proiektu hori geldiarazteko asmoz bildu eta antolatu dira hainbat herritar, eta Danborzaleak egitasmoa sortu dute, proiektu horren aurrean «planto» egiten dutela adierazi eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko hitza eman diezaiola Mutrikuko herriari. Gaur goizean bildu dira, Mutrikuko hondartzan, Dikea bai edo ez, erreferenduma orain! lelopean.

Danborzaleak egitasmoko kideek oroitarazi dutenez, duela hogei urte ere zalaparta sortu zuen portu zaharra berritzeko proiektuak: «Orduko hartan, herritar askoren desadostasunari entzungor eginez, hogei milioi euro xahutu zituzten azpiegitura honen lehen urratsa izango zen hondartza eremu berri baten, bertara joateko sarbideak eta babes dike bat eraikitzeko lanetan». Lan horiek, baina, amaitu gabe gelditu ziren, eta hamabost urtez geldirik egon dira. Ekintzaileek azaldu dutenez, orain gutxi jakin da diru publikotik ia 20 milioi euro baliatu direla lan horiekin jarraitzeko, eta, zehaztu dutenez, FCC Construccion enpresari adjudikatu zaio lana.

Hain justu ere, asmo horiek geldiarazteko antolatu dira Danborzaleak egitasmoko kideak. «Ez gara alderdi politiko baten parte, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Mutrikuko Udalaren aldetik sumatzen dugun informazio falta eta isiltasuna salatu nahi ditugu», adierazi dute. Horregatik, «herriaren etorkizuna jokoan dagoen heinean», erabaki hori herritarren esku uzteko eskaria egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Mutrikuko Udalari.

Ingumena jomugan

Ekintzaileek zalapartaren jomugan jarri dituzten beste gaietako bat ingurumena da. Haien esanetan, Mutrikuko kostaldeak dituen fauna, flora, itsaslasterrak eta itsasoaren dinamika askotarikoak goitik behera aldatuko lituzkete berritze lan horiek. «Mutrikuarrona den eta guztiok gozatzen dugun inguru naturala, danborra, moilaberri, arranpla eta betiko igerilekua goitik behera suntsitu eta esku pribatuetan utziko dute, gutxi batzuek goza dezaten», nabarmendu dute.

Hori dela eta, «hondamendi» gisa izendatu duten hori ahalik eta gehien minimizatzeko, irailean hastear den proiektua ezagutarazi, «alarma piztu» eta «guztien artean» gelditu behar dela adierazi dute. «Harrizko eta betelaneko bloke handien isurketarekin hasi aurretik gaia azalera ateratzera eta laguntza eske gatoz. Astakeria hau herritarrok batuta bakarrik gelditu dezakegulakoan baikaude», ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.