PENTSALDIAN

Danbor hotsak

Maite Elizondo.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Osasunaren Munduko Erakundeak dio emakumeok testuinguruko faktoreek eragindako depresioa portzentaje handiagoan pairatzen dugula gizonezkoek baino (%70 - %30).

Depresioaz gain, antsietatea, elikadura jokabidearen nahasmendua eta trauma ondoreneko estresa dira nabarmenki emakumeek jasaten ditugun nahasmendu psikologikoak. Gizonezkoek, aldiz, gehiagotan sufritzen dituzte menpekotasunarekin loturiko nahasmenduak.

Badirudi, generoa ardatz duten datu hauen arabera, dikotomia horren eragileetako bat gizartean eraikitako zenbait zutabe izan daitezkeela: zaintzari lotutako ardurak, lan eremuko zailtasunak, genero indarkeria, generoaren arabera eraikitako estereotipo eskuraezinak... Gizartean androzentrismotik kontzienteki eraikitako zaurgarritasun psikosozial hauek ageriko estres elementuak dira emakumeen buru osasunerako, gure ongizaterako.

Karen Horney psikiatra gisako emakume zientzialariei esker, generoaren ikuspegiaren garrantziaz jabetzen joan da gizartea. Benetan gure buru osasunean eragiten duten faktoreak aztertu nahi baditugu, gizartean eraikiak dauden baldintza sozial, politiko eta kulturalak kontuan hartzea ezinbestekoa da lanketa osatu eta eraginkor bat jorratzeko.

Maiz aipatu dugu gure osasun biopsikosozialak, genetikoki dakarzkigun ezaugarriez gain, jaiotzen garenetik xurgatzen goazen eragile askoren ondorioa dela. Heziketak badu zeresan izugarria: etxean ikasitakoak, eskolan bizitakoak, komunikabideetan azaldutakoak, kulturako ereduek helarazitakoak, politikoki erabakitakoak... Faktore horien guztien elkar elikatzeak eragingo du, besteak beste, biziko ditugun esperientzien aurrean azaleratuko ditugun emozioak, norberarekiko eta besteekiko eratuko ditugun harremanak, zailtasunen aurrean garatuko ditugun baliabide psikologikoak, baita egoera atseginen aurrean gozatzeko sentituko dugun askatasuna ere.

Karen Horneyk honako hau zioen: «Kezkak ekintzarantz bideratu behar gaitu, ez depresiorantz».

OMEk genero ikuspegitik osasun mentalari buruz azaldutako datuak kezkagarriak dira oso. Datu horiek ardura sortzeaz gain, emakumeen desira, eskubide eta aniztasuna errespetatzen duten egituren lanketan jarraitzeko indarra eta bultzada eskaintzen digute.

Guztion buru osasuna sendo egon dadin, jarrai dezagunegitura baztertzaileak apurtzen eta merezitakoak eraikitzen heziketan, komunikabideetan, harremanetan, lan baldintzetan, zaintzan, autoestimuan, besteekiko begiradan... Baita festetan ere!

Asteburu honetan hasi dira danbor hotsak Irunen, alardea ospatzeko prestaketetan. Aurten ere herriko plazetan egongo gara gizon eta emakumeak elkarrekin danborra jotzen batetik, eta oraindik ere emakumeoi instrumentuak jotzen uzten ez diguten alardekoak bestetik. Baina kezkatzen gaituen jarrera diskriminatzaile horren aurrean ekintzan jarraituko dugu, emakumeen danbor hotsek tradizioa eta eskubideak transmititzeaz gain herriko jaiak aberasten dituztelako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.