Pastor

Damaskoko itsusi ederra

2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Leherketa izan da Damaskon, soldadu frantsesak joaten diren kafetegi batean. Harry Smith (Humphrey Bogart) hauts artetik irten da eta Violettari (Marta Toren), Feroud koronelaren amoranteari, lagundu dio. Egun batzuk geroago, erresistentzia siriarrarekin harremanetan dagoen gizon batekin mintzatuko da Harry: «Esaiozu Hassan emirrari abisatu diezadala bere mutiletako batek ni nagoen lekuan granada bat botatzen duen hurrengo aldian». Eszena Sirocco filmekoa da. Frantsesek Siria okupatu dute. Harry arma-trafikatzailea dugu. Haren eta Violettaren artean amodioaren garra piztuko da.  

Aldez aurretik abisatu gabe eztanda egin du lehergailuak, Damaskon. Madrilgo trenetako bonbak ere abisatu gabe leherrarazi zituzten. Ahalik eta min eta sufrimendu handiena eragitea zen asmoa. Espainian inoiz izaniko atentaturik odoltsuena izan zen. Aznarren gobernuak eta bestek ETA egin zuten erantzule. 

Atentatu horietatik hogei urte bete diren honetan nork bereari eutsi dio, balorazio, susmo eta bertsioei dagokienez. Ezer berririk ez alde horretatik. Izan da, ordea, kontu deigarririk. Javier Gomez Bermudezek, Madrilgo sarraskiaren epaileak, perla ederra utzi digu La Vanguardia-n egin dioten elkarrizketan: «ETA M-11ko epaiketan baino hogei aldiz proba gutxiagorekin kondenatua izan da» —«kondenatua izan da» ala «kondenatu dugu» esan behar zuen Gomez Bermudezek?—. Hark adierazi duenez, atentatuei buruzko jakin beharreko guztiaren %90 edo %95 ezagutzen dugu. Eta epaiketan «oso zorrotzak» izan ziren jujeak. «ETA akusatua zenean ez bezala», gehitu liteke, epaileari jaramon eginez gero.

M-11ren kasuan guztiaren %90 edo %95 bazekiten epaileek. ETAri loturiko auzietan, ostera, froga askoz gutxiago behar izan dituzte. Hogei aldiz gutxiago! Hau da, jakin beharreko %4,5 edo %4,75 nahikoa izan da, epailearen datuen arabera. Hor ez dira «oso zorrotzak» izan. ETA historia den honetan lasai asko esan daiteke. Orduan denak balio zuen. Epaile, politikari eta kazetari gehienek beste alde batera begiratzen zuten —tortura kasuetan legez—. Herritar ugarik ere bai. Omerta delakoa soilik besteen kontua izan zen, antza. 

M-11ren kasuan guztiaren %90 edo %95 bazekiten epaileek. ETAri loturiko auzietan, ostera, froga 
askoz gutxiago behar izan dituzte.

Epailearen iritziz, Madrilen triskantza eragin zutenek justiziaren berme guztiak izan zituzten prozesuan. Beste batzuek, berriz, ez. Kasu! Adierazpenak ez dira mozkorti batek tabernan mela-mela eginda eta ilea lardaskaturik bota duen ahokadaren ondorioak. Auzitegi Nazionaleko epaile ezagun baten ahotik irten dira, ohetik fresko-fresko altxatu ondoren. Esan daiteke badirela atentatuak eta atentatuak. Eta terroristak eta terroristak, boterearen terminologia erabilita.

Izan ere, Sirocco pelikulan atentatua izan eta gero, adiskide batekin mintzatu da Harry: «Zu eta zure abertzale siriar krudelak!». Eta lagunak: «Feroud koronelaren atzetik dabiltza». «Ba, ia-ia ni akabatu naute», erantzun dio Bogartek. Siriarraren arrapostua: «Frantsesekin ez duzu jaten, ba? Orduan frantsesak bezala tratatzen zaituzte». Hau da: etsaia dagoen lekuan baldin bazaude, nahita edo ohartu gabe, badakizu.

Hegoafrikan, Irlandan eta hainbat lekutan gertatu zena —Madrilgo Rolando kafetegian, esaterako— ez da berria, beraz. Atentatu horiek justifikatu eta bultzatu zituzten zenbait lagun goraipatu ditu Historiak. Nork eta non egin duen, jakina. Zure ekina, itsusi; haren egina, eder. Nobel saria irabazi zuenik ere badugu borrokalari —terrorista?—  horien artean, nahiz eta AEBen zerrenda beltzean egon. 

Nobel saria ez, baina Oscar bat bai irabazi zuen Humphrey Bogart ospetsuak, The African Queen pelikulari esker. Aktoreak zuen erakarpena ulertzeko gakoa eman zuen Sirocco lanak, lehen eta azken aldiz gidoi batean, seguruena. Marta Toren eta hura sedukzio-jokoan ari dira. Andrea begiak ñir-ñir dituela hurbildu zaio: «Hau gizon hau! Itsusia zara, horixe! Baina nolatan izan daiteke gizon bat, hain itsusia, hain gizon ederra?». Elkarri begiratu diote, isil, baina une horretan atea jo dute.l

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.