Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
«Handiena eginda daukat ja», aitortu du Maite Begiristainek. Ez da gutxi. 67 urte ditu, eta hogeita sei aldiz egin du Behobia-Donostia lasterketa. Hogeita zazpigarrenerako ere izena emana du, baina oraindik ez daki egingo duen.
Abuztu amaieran edo irailean hasi ohi da «Behobiarako» entrenatzen, baina urte osoan mendira joaten da, eta kiroldegira, astean hirutan. «Osasuna mantentzea da nire motibazioa, baina burua ondo mantentzea ere bai; kirola denerako da ona».
Gero eta luzeagoa da gizakien bizitza, eta are gehiago luzatzeko asmoz ari dira zientzialariak. Hala ere, gizarte arlotik, helburua da azken urteak ahalik eta hoberena igarotzea, hots, nagusi direnen eta izango direnen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako giltza aktibo mantentzea dela dio Sara Marsillas Matia fundazioko ikerlariak, baina ez soilik fisikoki eta mentalki, baita gizartean parte hartzeari dagokionez ere.
Gaur egun, pertsona baten ongizatea areagotzeko eta bizi kalitatea hobetzeko prozesuari zahartzaro aktiboa deitzen zaio. Ikerlariak azaldu du zahartzaro aktiboaren mugarrietako bat dela gizarteko edozein alorretan parte hartzea eta, horretarako, ezinbestekoa dela parte hartuko dugun hori guretzako garrantzitsua izatea, gure identitatearekin edo adierazi nahi dugun horrekin lotzea, «bestela gutxi iraungo baitu».
Begiristain berandu hasi zen korrika: «39 urterekin egin nuen lehen Behobia, eta lehendik kirola, bere horretan, egin gabea nintzen»; baina «baserriko alaba» dela gaineratu du. Lagun batzuekin hasi zen eta, handik pare bat urtera, haiek utzi egin zuten; berak, ordea, jarraitu. 62 urterekin Leitzarango maratoia egin zuen. Ondo sentitzen da daukan adinarekin eta oraindik ere gorputzak eskatu egiten dio, «gutxienez, mendira joatea».
Oro har, zahartu bitartean, zailtasun fisiko eta sentsorialek ekintza bat ala beste egitea eragozten dute eta, beraz, Marsillasen esanetan, funtsezkoa dute egokitzapena, bai jarduerena, bai ingurunearena. «Oso interesgarria da ikustea gaitasunarekin nola negoziatzen duten, eta nola egokitzen dituzten jarduerak haientzat garrantzitsua den hori egiten jarraitzeko; ezinbestekoa da horretarako jarrera eta malgutasuna».
«Nahiago nuke 'gazte sentitzen naiz' esan baino, esango bagenu 'ondo sentitzen naiz'»
SARA MARSILLASMatia fundazioko ikertzailea
Pertsonek bizitzaren aurreko etapetan modu batera edo bestera egin izan dituzten jarduerei eutsi ohi dietela azaldu du Marsillasek: «Oso litekeena da boluntariotzarik egin ez, baina betidanik egiteko asmoa izan duen pertsona bat zahartzaroan hastea. Bada zahartzaroa esploratzeko erabiltzen duenik ere, baina gutxi iraun ohi du. Gustura sentitzen garen hori errepikatzen dugu, normalean».
Jakina da hobeto funtzionatzen duela egunero erabiltzen den autoaren motorrak, denbora luzez geldirik izan denak baino; gizakiekin antzera gertatzen da. Aktibo mantentzeak koordinazioa mantentzen laguntzen duela ohartarazi du ikerlariak. Zehaztu du ez dela zertan izerdi patsetan bukatu, gorputza etengabeko mugimenduan eduki baizik.
Maria Jose Aizpurua Agirrek 76 urte ditu, eta urteak daramatza igerian, besteak beste. Egunero joaten da Zarauzko igerilekura, bere kabuz, eta bi kilometro egiten ditu. «60 urterekin ikasi nuen crowl erara igeri egiten. Bost urte geroago egin nuen nire lehen itsas zeharkaldia Getariatik Zarautzera —2 kilometro eta 850 metro—; ordutik ia urtero egin dut».
Urteak edukita ere, ondo sentitzen da, eta gustatzen zaio igeri egitea. Gainera, «giro zeharo polita» dauka igerilekuko taldekideen artean. «Hemengo klimarekin korrika ez naiz hasiko!». Eskola batean ingeleseko klaseak eman ditu, frantsesekoak online, eta bilobak laguntzen ditu hara eta hona. Bera bezain aktiboak ditu bilobak eta alabak: aritzen dira surfean, pilotan, futbolean… Baina ez omen dute amonarengandik ikasi. «Nik uste oso garrantzitsua dela bai burua erabiltzea bai kirola egitea. Gai naizen bitartean, entrenatzen jarraituko dut».
«Gertatzen da arlo fisikoari garrantzia ematea, eta ez, burukoari. Uste dut bi aldeak zaindu behar direla»
JOSE ANGEL FUENTESIkaslea
Euskal herritar helduen egunerokoan presentzia handia dute familiak eta kuadrillak —lagunek—. Asko eta asko oso inguru hurbiletan bizi direla aipatu du ikerlariak, eta familia nukleo hori izaten dela, gainera, haien kezka eta ilusio iturri nagusia.
Burua ere, martxan
Adina ez baita itxuran bakarrik bizi, ekintza fisikoak bezain garrantzitsuak dira burmuina aktibo mantentzekoak. Begoña Oleagak 69 urte ditu, erretiroa hartu zuenean EHUko Arabako campuseko Esperientzia Geletan ikasten hastea erabaki zuen, denbora librea betetzeko. Bere burua pertsona aktibotzat dauka: «Ez naiz gimnasioan txikitu arte aritzen diren horietakoa, edo egunero zortzi kilometro egiten dituena, baina bizitza osoan lan egin dut eta orain ikasi egiten dut».
Antzeko iritzia du Jose Angel Fuentes ikasleak ere: «Goizean goiz igeri egitera joaten naiz, arlo fisikoa ere zaindu behar delako, baina askotan gertatzen da arlo fisikoari garrantzia ematea, eta ez, ordea, burukoari. Uste dut bi aldeak zaindu behar direla, eta horretan ari naiz».
OME Osasunaren Mundu Erakundeak, adibidez, etengabeko ikaskuntza hartu zuen zahartze aktiborako giltzarri gisa. Aritz Ruizek, Arabako Esperientzia Gelen zuzendari akademikoak, dio pertsonek jaiotzen direnetik bizitzako azkenera arte ikasten dutela eta, beraz, ezinbestekoa dela hala jarraitzea. Argi dauka Esperientzia Gelak eta halakoak zahartze aktibo baten aldeko programak direla.
«[Unibertsitate graduan] Azterketa eta etxeko lanak egitera ere animatu nintzen erronka pertsonal gisa»
RAFA LEIZEAGAIkaslea
Ia 800 pertsonak hartzen dute parte EHUko Esperientzia Geletan; izan ere, Ruizen esanetan, «adin guztietara irekita dagoen unibertsitate publikoa» da EHU, eta, beraz, pertsona helduak ere izan daitezke ikasle. Horren adibide da Ana Maria Ortiz de Luna Fernandez de Nograro. Berak lanbide heziketan ikasi zuen kartografia, eta beti izan du gogoa unibertsitatera joateko. Esperientzia Geletan izan zuen horretarako aukera: «Oso aukera positiboa izan da, eta garuna eta neuronak erabiltzen jarraitzeko modua ere bai». Datorren ikasturtetik aurrera HUI Helduentzako Unibertsitate Ikastaroan jarraituko du Artearen Historia ikasten, eta bere asmoa da «garunak uzten dizkion urteetan» hala jarraitzea.
Zuzendari akademikoak azaldu du ikaslerik helduenek ez dutela azterketak edo etxeko lanak egiteko beharrik, baina batzuek horiek ere egiten dituztela. Rafa Leizeagak 68 urte ditu, eta iaz Euskal Herriko Historia Garaikidea irakasgaia egin zuen, unibertsitateko ikasle gazteagoekin batera. «Azterketa eta etxeko lanak egitera ere animatu nintzen erronka pertsonal gisa; neure buruari frogatu nahi izan nion gazteen erritmoa jarrai nezakeela». Oso esperientzia ona izan da Leizeagarentzat, bai irakasleen jakintza aprobetxatu duelako, bai gazteekin bizi izan duelako. «Hasieran harrituta begiratzen ninduten, baina gero ohartu ziren Historia Garaikideko gertaera asko eta asko neronek bizi izan nituela».
«Gradu hau bizitzaren oparia iruditu zait, eman eta eman egiten dizutelako, eta trukean eskatu, ezer ez»
BEGOÑA OLEAGAIkaslea
Ruizek bereizi ditu bere garaian unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zutenak eta, goi mailako ikasketak egin, eta berriro ere unibertsitatera bildu direnak.
Begoña Oleagaren kasua da lehena: «Larruaren artisaua izan naiz, eta zoriontsu nintzen lanean; baina erretiroa hartzeko adina iritsi zitzaidanean bertigoa sentitu nuen, denbora libre asko neukalako». Orduan eman zuen izena Esperientzia Geletan, eta orain Giza Zientzien graduko laugarren maila amaitu berri du. «Gradu hau bizitzaren oparia iruditu zait, eman eta eman egiten dizutelako, eta trukean eskatu, ezer ez». Jakin-min pixka bat nahikoa dela uste du esperientzia aberatsa izan dadin. «Oporrak eman dizkigute, eta hutsune bat sentitzen dut orain».
«Aberasgarria da gure adinean egunero gauza berriak ikastea eta jendearekin sozializatzea»
ANA MARIA ORTIZ DE LUNAIkaslea
Jose Angel Fuentes aurretik unibertsitatean ikasitakoa da, baina planteamendua ezberdina zela oroitu du: notek berebiziko garrantzia zuten orduan. «Kasu honetan ez dugu titulurik behar, interes hutsagatik egiten dugu, eta esperientzia oso ona da, bai burua aktibo mantentzeko, bai ikasketekin harremana sendotzeko».
Ruiz zuzendari akademikoak gehitu du harreman pertsonal indartsuak sortzen direla geletan, eta horrek berebiziko garrantzia duela. Begoña Oleagak izan du horretarako aukera: «Aberasgarria da gure adinean egunero gauza berriak ikastea eta jendearekin sozializatzea». Ana Maria Ortiz de Lunari ere bereziki gustatu zaio graduan zehar egin duen laguntasuna, eta Jose Angel Fuentes ere bat dator: «Ondoan interes bertsuak dituzten pertsonak ditugu, eta plazer hutsagatik goaz klasera».
Gazte ez da on
Martin Held aktoreak behin esan zuen jende guztiak heldu nahi duela zahar izatera, nahiz eta inork ez duen zaharra izan nahi. Zahartzea ez da gustuko kontua, baina aldi berean da osasunaren seinale eta bizitzaren eboluzioaren funtsa. Sara Marsillas ikertzaileari ez zaio batere gustatzen bizitza osorako gazte izan beharraren ideia: «Gaztetasuna aipatzen jarraitzen dugu benetan esan nahi dugunean bizirik sentitzen garela, gauzak egiteko gogoa dugula, ilusioa dugula... Hori ez dago halabeharrez gazte izatearekin lotuta».
Begoña Oleagak argi du ez duela pentsaera gazteagoa bilatzen, eta esperientziak ere bere pisua duela. «Aldea dago jakin-mina izatean, hogei aldiz bizi baikaitezke eta apur bat ere ez ikasi. Jakin-mina al da gaztea izatea? Ez, hori da ikasten jarraitu ahal izateko adina edukitzea».
Marsillasi iruditzen zaio halakoek adierazten dutela gizarteak erabateko adinkeriaz jokatzen duela, eta uste du zahartzaroaren iruditeria aldatu behar dela: «Zahartzea ez da gainbehera. Nahiago nuke 'gazte sentitzen naiz' esan baino, esango bagenu 'ondo sentitzen naiz'».