D ereduko heziketa «kalitatezkoa» dela berretsi dute NIZEko kideek

Haur eta gazteek euskaraz ikasteko deia zabaldu dute Nafarroako ikastetxeetako zuzendaritzakoek

Argi eduki leloa irudikatuz agertu ziren NIZEko kideak atzo Iruñean. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKIPRESS.
Barañain
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Argi eduki lelopean hasi du NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak D ereduaren aldeko kanpaina. Argi dutelako D ereduak «benetako eredu aniztasuna» bermatzen duela eta «kalitatezko hautua» dela. Otsailaren 1etik 8ra bitarte eginen dute 2013-14ko ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina, eta horren alde egiteko deia zabaldu zuten atzo, Barañainen. NIZE elkarteak Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako D ereduko 59 ikastetxe publikoetako zuzendariak biltzen ditu.

«Kalitatezko hezkuntza bermatzen dugu, etengabeko hobekuntza prozesuari eta giza zein material baliabide gaurkotuei esker», azaldu du Iñaki Anduezak, NIZEko lehendakariak. Argi du familiek zergatik aukeratzen duten D eredua: «Helburu akademikoak, linguistikoak, kulturalak, afektiboak eta bestelakoak kontuan hartzen dituzte. Ikasleei egunerokoan eta hezkuntzaren arlo guztietan trebeak izaten laguntzen diegu eta, gainera, beren familiekin harreman estua izaten saiatzen gara». D ereduak eskaintzen dituen abantailak agerikoak dira, eta eleaniztasun eraginkorra bermatzen du, Anduezaren iritziko. Irakaskuntzaren izaera publikoa, kalitatea eta aniztasuna dira D ereduko ikastetxeen ezaugarri.

NIZEko lehendakariak gogora ekarri du 30 urtez ele bitan irakatsi duen eredua dela eta, hortaz, «eskarmentua» duela. Euskara arlo guztiak lantzeko hizkuntza da D ereduan, eta gaztelania, ingelesa eta frantsesa ere ikasten dute ikasleek, Anduezak dioenez. «Nafarroako bi hizkuntzen eta ingeles zein frantsesaren ikaskuntzak hizkuntza gaitasunen garapena bermatzen du». Atzerriko hizkuntzak ikasteko aukera ematen duen eredu bakarra dela gaineratu du Anduezak.

NIZE elkarteko 59 ikastetxeetan, gutxi gorabehera, hamar mila ikaslek ikasten dute D ereduan eta bederatziehun bat irakasle. Oraindik ez dute kopuru zehatzik, baina Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak dira guztiak. NIZEko kideek azaldu dutenez, Nafarroako ikastetxe publikoetan matrikulatzen diren eskola umeen %30 inguru D ereduan matrikulatzen dira, hau da, ikastetxe publikoetan hiru umetik batek D ereduan ikasten du.

Eragina etorkinen artean

Eredua gehiago sustatu nahi dutela esan dute NIZEko kideek; aurten, berrikuntza gisa, sare sozialetan kanpaina egiten ari dira, ahalik eta jende gehienarengana heltzeko. Halaber, kanpaina Nafarroako familia guztiengana bideratu duten arren, aurten «bereziki» etorkinengan izan nahi dute eragina. D ereduan matrikulatzera animatu nahi dituzte.

Hezkuntza sistema publikoaren alde egin dute NIZEko ikastetxeek. «Gaur egungo ekonomia krisialdi honetan beharrezkotzat jotzen dugu hezkuntza publikoa, eta horren alde ari gara lanean».

Topaguneak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Sortzen Ikasabatuaz-ek, NIZEk eta Netlek heldu den astelehenean D ereduaren aldeko manifestu bat aurkeztuko dute, matrikulazio kanpainaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.