D ereduaren onuren eledun dira eskolak

Etzi irekiko dute Nafarroako eskoletan izena emateko epea; D ereduak dituen abantailak gogora ekarri dituzte Ikastolen Elkarteak eta NIZEk.«Eleaniztasunerako» gako bat da

NIZEko ordezkariak, asteon egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Hemen da heldu den ikasturterako aurrematrikulazio sasoia; Nafarroan astelehenean hasi eta ostiralera bitartean hautatu ahal izango dute familiek zein eskola nahi duten seme-alabentzat. Eta, horregatik, euskarazko ereduetan diharduten zentroak egunotan aritu dira D ereduaren garrantziaren berri ematen; gurasoak erakartzeko. Eta zinetan nabarmentzeko modukoa da zentroon garrantzia; asteon ezagutu da Nafarroako azken mapa soziolinguistikoa, eta argi geratu da euskara ari dela hedatzen, batez ere, orain arte hizkuntza ahul izan den eremuetan, eta, zalantza izpirik gabe, D ereduan diharduten ikastetxeak giltzarri izan dira prozesu horren eboluzioan. Eskolek badakite, eta horregatik ari dira ikasle berriak sare horretan matrikulatzeko deialdia egiten.

Esaterako, NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzetako Elkarteak —D ereduan diharduten eskola publikoetako ordezkariak batzen ditu— hilaren 3an egin zuen agerraldi bat euskarazko ereduaren garrantziaz ohartarazteko. «Eskola eredugarri bat gara; hezkuntza gertuko eta kalitatezkoa eskaintzen dugu», nabarmendu zuten elkarteko ordezkari Beatriz Casanovak eta Zigor Gartziak. «Hauturik osoena da. Eleaniztasun eraginkorra lortzen dugu. Bermatzen dugu umeek Nafarroako bi hizkuntzak ikasiko dituztela, eta atzerriko hizkuntza bat ere bai: ingelesa edo frantsesa». Mezu horrekin bat datorren leloa hautatu dute matrikulazio kanpainan gurasoei dei egiteko: Eskola ereDugarria. 11.477 eskola ume ari dira egun D ereduaren sare publikoan Nafarroan; 1.128 maisu-maistra. Gaitzetsi zuten Nafarroako Hezkuntza Departamenduak ez diela aski babesik ematen, eta traba dela euskararen legea; horregatik, begi onez hartu dute testu hori aldatzeko proposamena —hil honetan Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak onestea espero da—, modua emango baitu euskarazko hautua lurralde osora hedatzeko.

Hamabost ikastola aukeran

Egun oraindik, ordea, Ikastolen Elkartearena da euskarazko hautua Nafarroa osoan posible egiten duen sare bakarra. Hamabost zentro ditu, zenbait euskara egun oso urria den lurretan —Tuteran dago Argia ikastola; Lodosan Ibaialde; Vianan Erentzun—. Eskaintzen duten hezkuntzaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Erentzun ikastolako zuzendari Maite Oterok idatzi batean. «Oinarrizko konpetentzien araberako hezkuntza eredua» oinarri dutela esplikatu du, eta horrek dakartzan onurak zerrendatu ditu: euskal curriculumeko kultur ibilbidean oinarritutako edukiak lehenesteko bidea ematen die, prozedura metadiziplinarrak arlo guztietan txertatzekoa, eta euskara ardatz izatekoa. «XXI. mendeko gizartea eleaniztuna da, eta behar horri erantzuteko euskal herritar eleaniztunak behar ditugu», esan du Oterok. Baita ere nabarmendu du beren curriculumak konpetentzia digitalak arlo guztietan integratzen dituela, eta ebaluazioa egitean ikasleen oinarrizko konpetentzia guztiak hartzen dituztela aintzat. Era osoan; taxuz aplikatzen ikas dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.