D eredua «bazterketen gainetik» aldarrikatuko dute Sortzen Jaian

Hilaren 20an eginen dute euskarazko eskola publikoaren aldeko festa, Iruñean. Ikuskizun eta kontzertu ugari eskainiko dituzte egun osoan

Sortzen-eko eta Iruñeko Udaleko ordezkariak, aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
EgunOn. Hori izanen da aurtengo Sortzen Jaiaren leloa. Jendeari festara biltzeko gonbita egiteaz gainera, lehen hitza euskaraz egiteko aukera eta eskubidea aldarrikatu nahi dituzte Sortzen elkarteko antolatzaileek: «Egun on bat opatzeaz gain, aldarrikapen modura ere erabili nahi dugu EgunOn; eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikatze gisa, edota euskaraz dakienak euskara erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. Egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modua da», esan zuen Sortzen-eko bozeramaile Sergio Iribarrenek atzo, festaren aurkezpenean. Iruñeko Antoniutti parkean eginen dute 2018ko Sortzen Jaia, maiatzaren 20an.

Aldarrikapen nagusi horren barruan, euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko mezua ere zabaldu nahi du Sortzen-ek: «D eredua bazterketa guztien gainetik zabaltzeko urratsak egin ditugu, baina erronka berriak ere begiztatu behar ditugu; esate baterako, egungo ereduak gaindituz, euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko duen ereduaren zabalpena».

Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. 10:00etan hasiko da festa, gaitari, batukada eta Sortzen konpartsaren kalejiraren erritmora. Horren ostean, bertsolariak, dantzariak eta DJak igoko dira Auzo Bizi Ona agertokira.12:00etan, Egun on, sikiera! ikuskizuna eskainiko du Zirika Zirkus taldeak Euskarakilo agertokian, eta arratsaldean, Afu, Marianitoz Blai, Skabidean eta Trikiteens taldeak igoko dira oholtza gainera.

Eskoletatik antzokira

Hilaren 20koa ez da Sortzen elkarteak datozen egunetarako antolatu duen egitasmo bakarra. Igande honetan, maiatzak 13, Eskoletatik Antzokira ikuskizuna eskainiko dute Sortzen-ek eta NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak. D ereduko 11 ikastetxek parte hartuko dute ikuskizunean, pieza motz bana taularatuta. Gaiarre antzokian eskainiko dute, 11:30ean, eta sarrera doakoa izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.