Nazioarteko Taldeko eragileak presente izanen dira martxoaren 1ean Baionan Bake Bideak eginen duen Bake Forumean. Bertzeak bertze, Bake Bideak baieztatu du Brian Currin abokatu eta bake prozesuetan adituak, Pierre Hazan nazioarteko justizian adituak eta Aaro Suonio Ipar Irlandako Desarmatze Batzordeko Kabinete buruak hitza hartuko dutela Baionako Bake Forumean. Europako hainbat fundazio ere igurikatzen dituzte, baina oraindik ez dute baieztatu horien parte hartzea. Ondoko egunotan zehaztuko du Bake Bideak eguneko egitaraua eta parte hartzaileen zerrenda zehatza. Goizeko bederatzietan eginen dute harrera, Baionako diziplina anitzeko fakultatean, eta 13:00 aldera bukatuko dute Bake Foruma.
Baionako lehen Bake Foruma 2012ko abenduan egin zen, eta bertan izan ziren Currin eta Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusia izandakoa 1985etik 2000ra arte. Forumaren bukaeran, Ipar Euskal Herriko eragile politikoek adierazpen bateratu bat egin zuten, gatazka politikoa gainditzeko ildoan eragiteko asmoz. Ondotik, Baionako unibertsitateak gatazken konponbideari buruzko jardunaldiak egin zituen. Bake Bideak jakinarazi zuen topaketa eta eztabaida ziklo bati ekiteko borondatea. Hain zuzen ere, gatazka gainditzeko gomendioak izanen dira Bake Forumaren ardatz nagusia, orduan iragarri bezala.
Nazioarteko adituek gatazka gainditzeko gomendioetan sakontzea da Baionako Bake Forumaren xede nagusia, bereziki gatazkaren ondorioetan eragitea eta konponbideari begira egin beharreko urratsak lantzea. Bake Bideak eta Lokarrik zabaldu zituzten gomendioak. Alde guztiek egin beharreko urratsak zerrendatu zituzten, zehaztuz, bidenabar, Frantzia eta Espainiari dagozkionak. Gatazkaren ondorioetan sakonduz, Baionako Bake Forumak aztertuko ditu euskal preso eta iheslari politikoen egoera eta itzulera bermatzeko aukerak.
Euskal iheslari politikoek konponbidean ekarpena egin eta eragile aktiboak izan nahi zutela jakinarazi zuten ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria dugu arnas ekitaldian. Mintzaide taldea ere izendatu zuten, Ipar Euskal Herrian eta mundu zabalean bizi diren iheslariek osaturik. Jokin Aranalde mintzaidearen atxiloketa eta euroaginduaren ondorioz, bilera txanda bat abiatuko zutela jakinarazi zuten, bertzeak bertze, deportatuen itzulera lantzeko edota eri diren iheslarien egoera konpontzeko. Euroaginduak tresna politiko gisa baliatzen direla salatu zuten iheslariek. Aranaldek gordetzea deliberatu zuen, Paueko epaitegiak onartutako euroagindu eskaria ez betetzeko. Epailearen agindua beteko ez zuela jakinarazi zuenetik gorderik bizi da Aranalde.
Proposamen integrala
Gomendioak era integralean hartu eta landu behar direla azpimarratu zuen Aniz Funosas Bake Bideako bozeramaileak Ipar Euskal Herriko euskal hedabideei, Ahoan bilorik gabe emankizunean. «Bake prozesua bultzatzeko, garatzeko eta burura eramateko plazaratutako hamabi gomendioak zehazki aztertuko eta jorratuko ditugu. Horrez gain, bake prozesuaren eraikuntzan, jendartearen egituratze fasea eta metodoa gogoetatuko eta marraztuko dugu».
Frantziak eta Espainiak blokeo egoera hautatu dutela ondorioztatu zuen. Alabaina, blokeo hori gainditzeko tresna egon badagoela nabarmendu zuen Funosasek. «Gizarte zibilak badu boterea eta gaitasuna egoera aldatzeko, estatuak ados izan edo ez». Gomendioak gizarteratzea, ezagutaraztea eta azaltzea da, Bake Bidearen iritziz, blokeo egoera hori gainditzeko bidea.
Currin, Hazan eta Suonio presente izanen dira Baionan Bake Forumean
Bake Bideak eta Lokarrik gatazka gainditzeko egin gomendioetan sakontzea izanen da Bake Forumeko ildo nagusiaHarremanetarako Nazioarteko Taldekoak dira lehen biak; desarmatzean aditua, Suonio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu