La Cumbre jauregia estatuaren «biktimak aitortzeko gune» bihurtzea proposatu dute

Egiari Zor, Aranzadi, Argituz eta Mikel Zabalza taldeek, Berridatzi elkarteak eta Lasa eta Zabalaren senideek proiektu bateratua plazaratu dute. Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua estatuaren «biktimen etxe» bilakatu nahi dute.

Gaurko agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
Gaurko agerraldia, Donostian. JON URBE / FOKU
xabier martin
2024ko urriaren 15a
20:30
Entzun

Talde memorialistek proposamen bateratu bat plazaratu dute «talde parapolizialek eta Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtzeko Donostiako La Cumbre jauregia. Proiektu horren bultzatzaile dira Egiari Zor, Aranzadi, Argituz, Mikel Zabalza herri ekinaldia, Berridatzi elkartea eta Josean Lasa eta Joxi Zabalaren senideak. «Ikerketarako eta biktimen aitortzarako eta erreparaziorako gunea izango litzateke; baina, batez ere, dibulgaziorako gunea», jaso dute proiektuaren txostenean.

Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legeak jasotzen du Espainiako Gobernuak Donostiako Udalari emango diola La Cumbre jauregia, eta talde memorialistek bertan «ahalik eta proiekturik inklusiboena» egiteko proposamena ezagutarazi dute gaur iluntzean, xehetasun handiz landua. Estatu indarkeriaren biktimen tipologiarako proiektua da, azaldu du Pilar Garaialde Memoria Osoa elkarteko kideak. «Ekarpen bat» egin diete, modu horretan, «behin betiko proiektua diseinatzeko ardura duten erakundeei», erantsi duenez; hau da, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari. Haiek ezagutzen dute jada proiektua, 2023ko maiatzean aurkeztu baitzieten.

«Estatuaren biktimok gure etxea behar dugu, leku goxo bat non errespetatuak izango garen, bizilagunekin ditugun harreman onei eutsiz, beste biktimak bai baitaude»

AXUN LASAEstatu terrorismoaren biktima

Proposamen horren «funtsezko oinarria» zera da: «Lasa eta Zabalaren bahiketak, torturak eta hilketak izandako eragin sozial eta politikoa» Espainiako Estatuak erabilitako motibazio politikoko indarkeriaren «paradigma gisa». Joxean Lasaren arreba Axun Lasak adierazi du baduela «esperantza» erakundeek aintzat hartuko dutela proiektua. «Estatuaren biktimok gure etxea behar dugu, leku goxo bat non errespetatuak izango garen, bizilagunekin ditugun harreman onei eutsiz, beste biktimak bai baitaude». Publikoaren artean egon da, adibidez, ETAren biktima Maixabel Lasa. Erantsi du «zeinen goxo» hartu zituen Donostiako alkate Eneko Goiak ere proiektua azaldu ziotenean. Joxi Zabalaren lehengusu Igone Azpirozek, berriz, eskatu du «proiektua bere horretan» onartzeko erakundeek, Donostiako jauregi hori «beste zerbait bilakatu gabe».

(ID_14339570) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-10-15, Donostia. La Cumbre memoria gune bihurtzeko proiektuaren mahai-inguruaren aurkezpena, pr...
Axun Lasa eta Maixabel Lasa elkar besarkatzen, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU

Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jada igorri dio Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari eraikin hori memoria demokratikorako gune bihurtzeko beren proposamenaren zirriborroa. Hartan, besteak beste, Lasa eta Zabala auzia gogoratzeko espazio bat sortzea jaso dute.

La Cumbre jauregia 1944an eskuratu zuen Espainiak, frankismo betean, eta, 1983an, Barne Ministerioari eman zioten. Eskualdaketa egin eta lau hilabetera, Guardia Zibilak eraikin horretako sotoan bahiturik eduki zituen Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala, eta bertan torturatu zituzten. Enrique Rodriguez Galindo komandantearen agindupean aritu ziren, Julen Elgorriaga gobernadore zibilaren onespenarekin, Espainiako justiziak ebatzi zuenez. Ondoren, biktimak Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten, eta han hil zituzten, tirokatuz. Hilotzak 1985eko urtarrilaren 20an aurkitu zituzten, Busot udalerriaren (Alacant) inguruko hobi batean, baina 1995eko martxora arte ez zituzten identifikatu. La Cumbreren nondik norakoak esplikatu ditu bideo konferentziaz Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko epaile ohiak.

Kontzientzia sortu

La Cumbrerako proposatutako proiektuaren ibilbidearen helburu nagusia «memoriarako, aitortzarako, emoziorako, bizikidetzarako, hezkuntzarako eta gogoetarako gune bat» sortzea da, Mikel Zabalza herri ekinaldiko kide Joxe Ramon Zapirainek esplikatu duenez. 1960tik 1983ra arteko aldi historikoa hartuko luke, «aurreko eta ondorengo urteei ere erreferentzia eginez». 

Hortik abiatuta, helburu zehatz batzuk planteatzen dira: esaterako, diktadura frankistan eta trantsizioan «estatuak, estatuko segurtasun indarrek eta talde parapolizialek egindako krimenei buruzko kontzientzia sortzea», memoria historikoaren eta oraintsuko memoriaren bidez, Bertha Gaztelumendi EHUko ikerlari eta zinemagileak helarazi duenez. Txostenak jasotzen du beste xede batzuk direla, besteak beste, aldi historiko horretan «gertatutako giza eskubideen urraketa guztien egia ezagutaraztea»; diktaduren «basakeria eta errepresioa» erakustea; «giza eskubideak eta bakearen kultura bultzatzea belaunaldi berrien artean, gorroto delituak prebenitzeko; eta bisitaria interpelatzea, indarkeriaren aurrean gogoeta eta jarrera aldaketa sustatzeko». 

Horiek horrela, proiektuaren egileek haren edukiak zehaztu dituzte; esaterako, erakusketa iraunkorrak osatzeko proposamenak. Lehena frankismoaren eta trantsizioaren memoriari buruzkoa litzateke; Gaztelumendik azaldu du Europako Kontseiluak adierazi zuela Espainiako Estatuan «sistematikoki gertatu zirela desagertze behartuak, exekuzio estrajudizialak, atxiloketa arbitrarioak, kontzentrazio esparruetako politikak, lan behartuak, torturak, bortxaketak eta jaioberrien bahiketa masiboa». Hori guztia islatzeko litzateke erakusketa iraunkor nagusia, eta eduki tematikoen artean leudeke, besteak beste, fusilamenduak, desagertuak, talde parapolizialek —tartean GAL, BVE eta Triple A— eta estatuak eragindako heriotzak, tortura, bahiketak eta haurren lapurreta.

Gainera, beste erakusketa iraunkor bat ere proposatzen du proiektuak: «Giza eskubideekiko konpromisoaren eta aniztasunarekiko errespetuaren garrantziari buruzkoa». Horrez gain, aldi baterako erakusketak egiteko erabiliko litzateke etxearen beste areto bat, giza eskubideekin lotutako gai espezifikoak lantzeko. Era berean, dibulgazio eta pedagogia zerbitzuak ere aintzat hartzen dituzte memoria gunerako, baita biktimentzako arta psikosoziala ere.

Biktimen «etxea»

Talde memorialistek uste dute «La Cumbreren esanahia sakonki aldatzeko prozesua» ezin dela mugatu jauregiaren eraikinera, eta inguruko eremua ere «eraldatu» egin behar dela. Proiektuaren txosten zabalak dio aintzat hartu behar dela «zer imajinario kolektibo» dagoen La Cumbreri buruz. «Gotorleku irisgaitza, bunkerizatua, harresiz, alanbre hesiz eta kameraz inguratua... Irudi hori eraldatu egin behar da». Axun Lasak «erabateko buelta» emateko beharraz hitz egin du, leku hori «estatuaren biktimon etxe bihurtu dadin», gaur egun «amesgaiztoa» baita, Azpirozek garbi asko plazaratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.