La Cumbre Donostiako Udalaren esku lehenbailehen uzteko eskatu dute Batzar Nagusietan

Elkarte memorialistek agerraldia egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, La Cumbrerako ondu duten proposamena aurkezteko eta 2022an onartutako Memoria Demokratikorako legea bete dezaten eskatzeko, 2023rako Donostiako Udalaren esku behar baitzuen.

Elkarte memorialistek La Cumbrerako egin duten proposamenaren aurkezpena, iragan urrian. JON URBE / FOKU
Elkarte memorialistek La Cumbrerako egin duten proposamenaren aurkezpena, iragan urrian. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urtarrilaren 27a
17:30
Entzun

La Cumbrek Donostiako Udalaren esku behar zuen 2023tik, baina elkarte memorialistek nahi baino gehiago ari da luzatzen prozesua. Udalaren esku uzteko eskatu dute, oraintxe bertan. GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, hara eraman eta han torturatu zituztelako bihurtu da ikur eraikin hura. 2022ko Memoria Demokratikorako legeak beren-beregi aipatzen ditu La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua memoria toki bihur daitezen, haietan egindako giza eskubideen urraketak lantzeko. La Cumbrerako ondu dute jada proposamen bat elkarte memorialistek, eta hori azaldu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Asun Lasa eta Pili Zabala izan dira aurkezpenean –GALek bahitu, torturatu eta hil zituen haien anaiak, Joxean Lasa eta Joxi Zabala–, Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko ikerlariarekin batera. Zenbait elkarte memorialistek La Cumbrerako elkarrekin landutako proposamena aurkeztu diete batzarkideei. Argituz, Berridatzi, Egiari Zor eta Mikel Zabalza herri ekinaldiarekin batera egindakoa da egitasmoa.

Lehentasuna eman diote eraikina lehenbailehen Donostiako Udalaren esku uzteari. Zabala: «Zergatik hainbeste erresistentzia lege batean idatzita dagoen mandatu bat betetzeko? Argi dago estatu indarkeria jasan dugunok ez ditugula eskubide berberak eduki, eta berdintzetik urrun gaude».

«Zergatik hainbeste erresistentzia lege batean idatzita dagoen mandatu bat betetzeko? Argi dago estatu indarkeria jasan dugunok ez ditugula eskubide berberak eduki, eta berdintzetik urrun gaude»

PILI ZABALAGALek hildako Joxi Zabalaren arreba

Luis Barigarrementeria EH Bilduko batzarkideak ere ideia hori azpimarratu du hitza hartu duenean: «Lagapena behar da ahalik lasterren, horrek jarriko lukeelako abiapuntua aurrera egiteko».

Bucesek ere lehentasuna lagapenean jarri du. Hortik harago, elkarte memorialisten proposamena aletu du.

Bi oinarri juridiko ditu: 2002ko Memoria Demokratikorako legean aipatzen da estatuaren errepresioaren ikur sinboliko gisa definitzen diren eraikinak memoria leku bihurtzea eta La Cumbre eraikina Donostiako Udalaren esku uztea urtebeteko epean, memoria demokratikoa zaintzeko eta zabaltzeko gune bihurtzeko.

Besteak beste, errepresioaren biktima izan direnentzako dokumentazio zentro bat izatea jasotzen da, funtzio pedagogiko eta dibulgatzailea izatea, eta beste gune memorialistekin sare bat osatzea.

Biktima horientzako laguntza psikosoziala emateko leku bat egotea ere proposatu dute. Zabalak sakondu du horren arrazoietan: Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko 220 biktima onartu ditu eta eskaera egin duten beste 417 espediente aztertzeko daude oraindik. Nafarroa ere aintzat hartuta, orain arte aztertu diren espedienteen arabera poliziaren biktima gisa aitortu dituzte 461 pertsona. «Nola lagundu, zaindu eta erreparatu horiek?».

Zabalak esan du «berandu joanda ere» gai horri heltzeko abagunea eman dezakeela La Cumbrek. «Sufrimenduan laguntzea, eta bizi baldintzak hobetzen laguntzea da xedea, pairamen fisiko eta psikologikoak arintzeko».

30 urte aurten

Lasak hunkituta hartu du hitza, aurten 30 urte beteko direlako Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituztenetik. Eskerrak eman dizkie batzarkideei, eta, azaldu dienez, La Cumbre etxe goxo baten gisan irudikatzen du estatuaren biktimentzat, ez duena beste inor baztertzen. Aitortu du Euskal Herrian bestelako sufrimenduak ere izan direla, «baina agian guk nahi dugu gure etxea eduki, eta ETAren biktimek ere beraien etxea eduki, eta bizilagun izan gaitezke».

Itxaropentsu mintzatu da: «Guretzat oso pisu handia du eraikin horrek; behin izan naiz aurrean, eta gaizki pasatu nuen. Baina jendeak esandakoak entzun ostean, uste dut denon artean eta zuen laguntzarekin lortuko dugula pisu hori aldatzea».

Batzarkideek eskerrak eman dizkiete azalpenengatik Bucesi, Zabalari eta Lasari. Barinagarrementeriak elkarte memorialistekin bat egin du, eta eskatu La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko oraintxe bertan. La Cumbreren esanahi berriari buruz, berriz, uste dute estatuak eragindako biktimekin «hutsune handi bat» egon dela, eta herri honetako biktima guztiek merezi dutela egia eta erreparazioa: «Era deskonpentsatuan erantzun zaie».

Ianko Ganboa EAJko batzarkideak azpimarratu du La Cumbre ikur bat bihurtu dela herri honetan, Lasaren eta Zabalaren epaian bertan agertzen denez han torturatu zituztelako. «Tortura giza eskubideen urraketa oso larria da, eta herri honetan horri ikusgarritasuna eman behar diogu. ETAren biktimei ere eman behar zaie ikusgarritasuna».

La Cumbreri beste esanahi bat emateko lehe pausoa lagapena dela esan du Ganboak ere. Memoria kolektiborako toki bat izan behar duela esan du, «baina ardaztua egon behar du Lasa eta Zabalaren bahiketan, torturan eta hilketan. Hori da gure jarrera. Ezin da ezkutatu La Cumbren gertatu zen izugarrikeria».

«Ezin da ezkutatu La Cumbren gertatu zen izugarrikeria»

IANKO GANBOAEAJko batzarkidea

Arritxu Marañon PSEko batzarkideak esan du legeak betetzeko daudela, baina Donostiako Udaleko bizikidetza mahaian eztabaidatu beharreko gaia dela, eta gainerako erakundeak laguntzeko daudela.

ETAren biktimak ez baztertzeko eskatu du Jorge Mota PPko batzarkideak.

Maribi Eizagirre Ahal Dugu-ko batzarkideak memoria konpartitu bat aldarrikatu du, inklusiboa, eta Lasaren itxaropenerako mezua goratu du. «Memoria historikorako motorra zarete, eta aurkeztu duzuen txostena oso ondo enfokatua dagoela iruditu zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.