Abenduaren 20ko hauteskundeetarako hilabete falta dela aurkeztu ditu EH Bilduk Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaien zerrendak. Sabino Cuadrak, Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak, argi utzi zuen atzo egindako agerraldian Espainiako Estatuaren barruan «ezin dela» aurrerapen sozialik egin: «Euskal Herriari dagozkion erabakiak hemen, gure herrian, hartu behar ditugu». Nafarroako aldaketa adibidetzat hartuta, Madrilen ere hori islatu nahi dutela adierazi du. Aitzitik, aurkezpena egin den egun berean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Audientzia Nazionaleko fiskaltzari ohartarazi dio hautagai batzuk ETArekin zerikusia izanagatik zigortu zituztela, eta ezin direla hurrengo bozetan hautagai izan.
Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak uste du Euskal Herriko «ordezkari egokienak» daudela zerrendetan: «Euskal Herriaren etorkizuna demokrazian, askatasunean eta justizia sozialean eraiki nahi duen herri baten ahotsa eramango dute Madrilera». Era berean, jakinarazi du «sekula baino garrantzitsuagoa» dela zerrenda «indartsu bat» aurkeztea, Espainian euskal herritarren «nazio eskubideak» errespeta ditzaten. Arraizen arabera, Euskal Herriari ere erabakitzeko unea iritsi zaio. «Kataluniarekin argi utzi dute ulertzen duten hizkuntza bakarra ukazioa, mehatxua eta inposizioa dela. Katalanek aurre egin diete, eta, orain,gure txanda da». Euskal Herri berri, gorri, berde eta more baten alde egin du.
Espainiako Estatua gaixorik
Cuadrak eta Arraizek bat egin dute Espainiako Estatuari egindako diagnosian: gaixo dago, hilurreneko eria da. «Porrot egin du. Hain dago ahul, ezen beraiek ere konturatu direla hainbat aldaketa egin beharko dituztela irauteko», dio Arraizek. Halaber, azaleratu du alderdi politiko askok aldaketak iragarri dituztela, baina «ezer alda ez dadin». «Ez daude prest estatu honetan dauden nazioak onartzeko. Horregatik, EH Bilduk ezkerreko talde independentista indartsu bat bidali behar du Madrilera». Herritarrei dei egin die botoa eskatuz: «Gure herriaren askatasunerako bidaia txartela izango da; Euskal Herriak behar eta merezi duen txartela».
Cuadrak baieztatu du Espainiako Estatua demokraziaren aurka doala, eta Nafarroan bezala Madrilen ere aldaketa garaia iritsi dela. Halaber, esan du beldurra zabaldu nahi dutela, gobernuko sistema politiko eta soziala elikatzen duten eliteak ez daudelako eroso EH Bildurekin: «Irudikatzen dugun guztiaren aurka daude: demokrazia, askatasuna, eskubideen errespetua, bakea, elkarbizitza demokratikoa... Jakin dezatela euskal herritarren askatasun ametsak betetzera joango garela».
Preso ohiei oztopoak
Urkijo, berriz, hasia da etxeko lanak egiten. Audientzia Nazionaleko fiskaltzari ohartarazi dio atzo aurkeztutako zerrenda horietako hautagai batzuk preso ohiak direla, ETAko kide edo laguntzaile izateagatik. «Baliteke inhabilitazioa ere jasotzea. Hori baieztatzen bada, ez lukete sufragio pasiborako eskubiderik izango; eta hartara, ezingo lirateke hauteskundeetarako aurkeztu».
Haren arabera, herritar guztiek dute hauteskunde prozesuan parte hartzeko eskubidea, baina arauak errespetatzeko daude. «Hautaezinak» kontzeptua erabili du: «Parte har dezaketenei bakarrik utzi behar diegu aurkezten, eta EH Bilduko hautagai horiek legea urratzen dute, demokraziaren aurka jo izan baitute. Gainera, esperientziak erakutsi digu demokrazian denak ez duela balio. Oraindik garaiz gaude hautaezin horiei parte hartzea galarazteko».
Cuadra: «Hemen, gure herrian, hartu behar ditugu erabakiak»
EH Bilduk Espainiako Kongresurako eta Senaturako zerrendak aurkeztu ditu. Urkijok ANko fiskaltzari jakinarazi dio hautagai batzuk preso ohiak direla eta ezin direla aurkeztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu