Irungo Alardea

Cristina Laborda: «Alardea bizitzeko bi moduak dira guztiz legezkoak»

Udalak bigarren urtez egin dio harrera alarde publikoari. Alkateak nabarmendu du bi alardeak direla «legalak» eta jaia «bizitzeko bi modu» daudela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazi dute alarde publikoa antolatzeko urratsak egiteko garaia dela.

BIDASOKO HITZA
Irungo alardea. BIDASOKO HITZA
Alaine Aranburu Etxegoien - Bidasoko Hitza
Irun
2024ko ekainaren 30a
13:30
Entzun

Irungo alarde publikoak inolako arazorik gabe eta txalo zaparradaren babesarekin egin du goizeko desfilea. Orotara, 2.240 kide izan ditu alarde parekideak.

Iaz emandako aurrerapausoa berretsi du gaur udaletxeko balkoian Cristina Laborda alkateak, eta udalbatza osatzen duten udal ordezkari guztiekin harrera egin dio alarde parekideari, baita alarde baztertzaileari ere. Biei harrera egiten izan da Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia ere. Aldiz, soilik alarde parekideari egin diote harrera EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta Sumar alderdietako ordezkariek. Manuel Lezertua Arartekoa ere bertan izan da, baita Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta ere. 

Labordak nabarmendu du «hiria eta festa» direla eguneko protagonista nagusiak, eta herritarrei eskatu die «errespetuz eta ilusioz» bizi ditzatela bi alardeak: «Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena, eta biak dira guztiz legezkoak».

Ez dira, ordea, iritzi berekoak EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarte eta Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi Pilar Garrido. Iriartek salatu du «akats bat» dela bi alardeei eustea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio «esplizituki» hitz egin dezala eta argitu dezala zer urrats egingo dituen egoera argitzeko: «Alarde parekideko kideek aurten ere esan digute udalak ez duela urrats bakar bat ere egin egoera hau gainditu ahal izateko, eta diputazioak hitzak esplizitatu egin behar ditu, jakiteko zein ekintza aterako dituen aurrera egoera hau iraultzeko. Bitartekaritza lan bat egin dezake, adibidez, Hondarribian bezala, baina urratsak egin behar dira aurrera egiteko. Eskubideak ezin daitezkeelako eztabaidan jarri». Garridok, berriz, «alarde publiko eta parekidea» egiteko eskatu dio udalari. «Udalari berriro exijitzen diogu antola dezala alarde publiko eta parekidea. Gainera, ohorea da guretzat gure zinegotzi Thania Pazosek herriko bandera ematea».

Jai parekideak bermatzea

Gipuzkoako Foru Aldundiak, halaber, kanpaina bat abiatu berri du herrietan jai parekideen antolaketa sustatzeko helburuz, baina, herrialde osorako pentsatua dagoela argudiatuta, ez ditu propio aipatu nahi izan Irun eta Hondarribia herrien izenak, ez eta alardea hitza ere. Kritiken harira, Berdintasun zuzendari Nerea Isasik argudiatu du aurkezpenean «inplizituki» egin diela berdinzaleak izateko gomendioa bi udal horiei. «Alardeak badu bere garrantzia, baina desberdintasun maila guztiei erantzun behar diegu», zehaztu du Isasik.

Gainera, jai parekideak bultzatzeko xedearekin, Gure jaiak, berdintasunean kanpainan bost gomendio daude jasota jaiak parekideak izateko. Alarde baztertzaileak ez du horietako bakar bat ere betetzen. Lehen gomendioa da erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko jarduerak eta gogoetak sustatu behar dituztela. Emakumeen partaidetza sustatuko duen antolakuntza bultzatzea da bigarren gomendioa, baina, horretarako, udalak aintzat hartu behar luke alarde parekidearen aldekoek desfilea antolatzeko egindako eskea, eta «ezezkoa» eman du oraintxe. Hirugarren aholkua da aukera berdintasuna bermatzea ekitaldi guztietan: alardea antolatu gabe, ordea, ezin da hori «bermatu».

Laugarren gomendioa da indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzea, eta alardeak gizarte matxista baten estrukturari eusten dio: emakumeek ezin erabakitzea nola parte hartu bere herrietako jaietan. Bosgarren aholkuak eskatzen du irudi eta mezu berdinzaleak erabiltzeko jaien antolaketan, eta alarde baztertzaileak ez du halako sinbologiarik egiten. 

Alarde parekidearen eskaria

Alarde parekideak Irungo Udalari eskatu dio alarde publikoa antola dezala, gainontzeko urteetan galdegin gisan. Izan ere, udalak urteetan antolatu du alardea, eta «hiritar guztientzako» izango dena antolatzeko garaia dela uste du alarde parekideak, eta udalak lehen aldiz erantzun dio eskariari: alardea antolatzeko ezezkoa jaso dute. Horrez gain, Cristina Laborda alkateak adierazi du bi alardeak «elkarbizitzan, errespetuarekin eta ilusioz» bizi behar dituztela herritarrek. «Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena, eta biak dira guztiz legalak», erantsi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eskaini dio Irungo Udalari «bitartekaritza» lanak egiteko, baina Bidasoko hiriko udal gobernuak uko egin dio laguntzari. 

Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Irungo Udaleko aurreko agintaldiko Berdintasun zinegotziak gogoratu du Irunek ez daukala V. Berdintasun Planik. Izan ere, Emakundek udalari gomendatu zion jaso zezala «alarde parekidearekiko ekintzaren bat», eta ordutik bi urte igaro dira, eta udal gobernuak ez du eraman udalbatzara inolako planik.

«Gaur bi alarde ikusi ditugu Irungo kaleetan, eta egoera hori betikotzea eta naturalizatzea akats bat dela uste dugu». 

MADDALEN IRIARTEEH Bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

«Udalari berriro exijitzen diogu antola dezala alarde publiko eta parekidea. Gainera, ohorea da guretzat gure zinegotzi Thania Pazosek herriko bandera ematea». 

PILAR GARRIDOElkarrekin Podemoseko idazkari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.