Cristina Laborda Irungo alkate, PSEren aldeko bozekin bakarrik

Beste alderdi guztiek boz zuria eman dute hura izendatzeko ezohiko bilkuran. Jose Antonio Santano ordezkatuko du hurrengo lau urteetan.

Cristina Laborda
Jose Antonio Santano Irungo alkate ohia eta Cristina Laborda alkate berria. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 13a
18:10
Entzun

Cristina Laborda Albolea izango da Irungo (Gipuzkoa) alkate hurrengo lau urteetan. Gaur aukeratu dute, haren izendapenerako deituriko udaleko ezohiko bilkuran. Labordak aldeko hamar boz jaso ditu, PSEko bere alderdiko guztiak, eta hamabost zuri, beste alderdi guztienak (EAJren zazpi, EH Bilduren lau eta Elkarrekin Podemosen eta PPren bina). Irungo lehen emakumezko alkatea izango da, eta Jose Antonio Santanok utzitako kargua beteko du.

PSEren eta EAJren arteko harremana ez da erraza izan Irunen azken urteetan, eta Labordaren izendapenarekin argi gelditu da bi alderdien arteko giroa oraindik ez dela erabat ona. Eusko Jaurlaritzan, aldundietan eta udal askotan emaniko irudia ez da errepikatu Irungo Udalean. EAJk ez du Laborda babestu, baina ez du haren izendapena oztopatu ere, ez baitzuen hautagairik aurkeztu —boz gehien jaso zuen bigarren alderdia izan zen maiatzeko hauteskundetan—. Beste alderdiek ere ez dute haren aurkako jarrerarik izan.

Karua hartzeko hitzaldian, Labordak mezu bat bidali die beste alderdiei: «Orain arte, Irun gure arteko eztabaiden aurretik jartzeko gai izan gara, eta batzen gaituenari banatzen gaituenari baino garrantzia handiagoa eman diogu. Egunero udaletxera jarrera horrekin etortzeko erregutzen dizuet». Jose Antonio Santano azken 21 urteetan alkate izandakoarentzako hitz onak izan ditu, eta hark markaturiko bidetik jarraituko duela aurreratu du. Ildo horretan, hiru erronka aipatu ditu: Via Irungo, kirol pabiloiko eta Arbes zahar etxeko lanak amaitzea.

Alardea ez du aipatu

Labordak hogei urte baino gehiago egin ditu zinegotzi moduan, eta Irungo lehen emakumezko alkatea izango da. Esan du «emakume begirada» txertatuko diela bere agintaldiko proiektu guztiei, eta haien ametsak lortu dituzten emakumeak aldarrikatu ditu. «Errespetua eta elkarrizketa» ere aipatu ditu, baina ez dio inolako erreferentzia zuzenik egin Alardearen auziari. Haren aurrekoak aurten egin dio harrera lehenbizikoz alarde parekideari, eta Laborda alboan izan du udaleko balkoian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.