COVID iraunkorra duten pazienteak artatzeko unitatea sortu du Osakidetzak

Unitatea Basurtuko ospitalean dago (Bizkaian), baina sarea osatuta elkarlanean arituko da Arabako eta Gipuzkoako espezialistekin. 50 paziente inguru artatuko ditu datozen asteetan.

Osakidetzako arduradunak eta COVID iraunkorreko elkarteetako kideak, bileran. IREKIA
Osakidetzako arduradunak eta COVID iraunkorreko elkarteetako kideak, bileran. IREKIA
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 27a
16:00
Entzun

Osakidetzak unitate bat sortu du COVID iraunkorra duten pazienteak artatzeko. Unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitalean dago (Bizkaia), neurologia zerbitzuaren ardurapean arituko da, eta barne medikuntzako, pneumologiako, errehabilitazioko eta psikiatriako taldeek parte hartuko dute horretan. Unitatearen egoitza Basurtun badago ere, Gipuzkoan eta Araban ere espezialista talde bana egongo da, eta asmoa da hiru taldeak sare bat osatu, eta elkarlanean jardutea beste osasun zentro batzuekin.

Koronabirusak eragindako infekzio baten ondoren sortutako egoera klinikoa da COVID iraunkorra; hiru hilabete irauten du gutxienez, modu jarraituan, aldizka edo progresiboki, eta sistema bat edo gehiago kaltetzen du. Pandemiaren ostean, COVID-19a pairatutako zenbait gaixok ez zioten utzi sintomak izateari, eta behin baino gehiagotan eskatu dute beren gaixotasunerako arta egoki eta espezializatua. Eri horiek hainbat sintoma izaten dituzte: muturreko nekea, arnasa hartzeko zailtasuna, buruko lainoa edo kontzentratzeko arazoak, giharretako eta artikulazioetako mina, takikardia eta abar. Adituek ez dakite zein den horren kausa zehatza, eta horrek zaildu egiten du tratamendua.

COVID iraunkorrerako unitatea jadanik hasi da pazienteei kontsulta presentzialerako ordua ematen. Aurreikusi dute 50 paziente inguru artatuko dituztela datozen asteetan; batez ere, sintoma larriak eta konplexuak dituzten gaixoak. Osakidetzak dokumentu bat landu du, pazienteak bideratzeko irizpideak bateratu eta gaixoak unitate berrira noiz eta nola bideratu zehazteko.

Arreta indibidualizatua

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek azaldu duenez, helburua da «COVID-19aren sintoma iraunkor edo ondorio larriak dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa ematea eta ziurtatzea, haien bizi kalitatea hobetzeko, osatzea sustatzeko eta tratamendu pertsonalizatua eskaintzeko».

Osasun Saileko arduradunez gain, unitatea hiru lurraldeetan kudeatuko duten zerbitzuetako medikuak ere egon dira aurkezpen ekitaldian. Aldez aurretik, bilera egin dute COVID iraunkorreko pazienteen elkarteetako ordezkariekin, unitatearen ezaugarrien berri aurrez aurre emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.