COVID-19aren datuak bosgarren astez segidan jaitsi dira Nafarroan

Abuztuaren 15etik 21erako astean lau pertsona hil dira COVID-19agatik, aurreko astean baino lau gutxiago. Hamabost pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, baina horietako bat ere ez ZIUn.

COVI-19a atzemateko test bat, artxiboko irudi batean. DAVID ARQUIMBAU SINTES / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 24a
11:51
Entzun

Nafarroako Gobernuak kaleratu berri ditu abuztuaren 15etik 21erako astean COVID-19ak izan duen eraginaren inguruko datuak. Horietan ikusten denez, bosgarren astez segidan COVID-19aren datuak beherantz egiten ari dira Nafarroan.

Positibo kopuruari dagokionez, 298 pertsonak eman dute positibo PCR proban, aurreko astean baino %26k gutxiagok. Oro har, helduenei erasaten die gogorren gaitzak, eta datuak onak dira adinari begiratuta ere: 60 urte baino gehiago dituzten pertsonen artean %24 jaitsi dira kasuak, aurreko astearekin alderatuta.

Positibo kopuruan ez ezik, ospitaleratzeetan eta hildakoetan ere nabari da jaitsiera. Azken astean, hamabost pertsona ospitaleratu behar izan dituzte gaitzak jota, aurreko astean baino zazpi gutxiago. Gainera, horietako bat bera ere ez dute ZIUn sartu behar izan. Hildakoen kopurua, berriz, erdira jaitsi da astebetean: lau pertsona hil dira COVID-19agatik.

Tximino baztangaren 33 kasu

COVID-19aren datuez gain, tximino baztangarenak ere eman ditu Nafarroako Gobernuak. Azken astean beste hiru pertsonari atzeman diote gaixotasuna; hortaz, orotara, 33 kasu identifikatu dituzte Nafarroan. Guztiak gizonak dira, 20 urtetik 70era bitartekoak. Ez dira kasu larriak izan, eta ez dute inor ospitaleratu behar izan.

Eskoletan, mugarik gabe

Naiz hedabideak jakinarazi duenez, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ez dute mugarik izango COVID-19agatik. Haren esanetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Osasun Ministerioak sindikatuei helarazi diete irailaren 1etik eskoletan eduki beharko duten protokoloa, eta bertan ageri da eskola guztiak aurrez aurre izango direla, ez dutela maskararik erabili beharko, ez dutela edukiera mugatuko eta ez dutela distantziarik mantendu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.